Dokumentuaren akzioak
“Iluntasunean, arima ordezkatzen zuten kalabazek”
Zergatik aukeratu zenuten gai hori ikerketarako?
JOSU OZAITA: Fenomeno erakargarria da, Euskal Herrian, gazteen artean, Halloween festa zabaltzen ari dela ikusten ari baikara. Horrekin batera, Oier Araolazak eta Itziar Diez Ultzurrunek hainbat blog eta iritzi artikulutan azaldu dute duela hamarkada batzuk gure aitona-amonak kalabazekin jolasten zirela haurrak zirenean, kandelak jarriz. Deigarria egin zitzaigun, eta ideia horretara gerturatu nahi izan genuen.
Zer esanahi du urriaren 31ko gauak, Halloween bezala ezaguna denak?
JAIME ALTUNA: Adituen arabera, Europan dauka jatorria. Samhain festa delakoa ospatzen zen lehen, uda amaierako festa. Artzaintzarekin-eta, uda osoa mendian igarotzen zuten lanean, eta egun horietan itzultzen ziren etxera. Bi garai zeuzkaten, udakoa eta negukoa, eta hildakoekin egoteko eta euren oroimena goratzeko izaten zen Halloween gaua. VIII. mendean, kristautasunak Santu Guztien Eguna ezarri zuen egun horretan, eta zabalduz eta moldatuz joan zen pixkanaka. AEBetara lanera joan ziren irlandarrek ohitura edo ospakizun hori eraman zuten hara, eta mundu osora hedatu da indarra hartuz joan den heinean.
Dagoeneko AEBetako ikurretako bat da Halloween.
J.O.: Horretarako erabili dute hain justu. Hainbat kulturaz osatutako herrialdea da, eta Halloweenek aukera eman die kultura guztiak batu eta identitate ikur bat izateko.
Euskal Herrian gehienek ez dakite bertan ere bazela antzeko festa bat, ezta?
J.A.: Kalabazekin jolasten ziren duela hamarkada batzuk, landa eremuan, batik bat. Deigarria zitzaien kalabaza; aurpegi forma ematen zioten, barruan kandela bat jarri, eta bide izkinetan jartzen zituzten jendea izutzeko. Baina ez zen egiten ospakizun berezi baten harira. Gaztetxoen jolas edo bihurrikeria bat zen. Kontuan hartu behar da, baita ere, testuinguru katoliko batean kokatu behar dela gaia, non arimak bizirik zeuden ustea zegoen. Iluntasunean, nolabait, arima ordezkatzen zuten kalabazek.
Oso zabalduta al zegoen ohitura hori?
J.O.: Herri askotan jaso ditugu lekukotzak. Bide bazterretan jarri eta beldurra eragitea zen ohikoena. Baina beste modu gehiago ere ikusi ditugu. Unanuan [Nafarroa], esaterako, arbia hustu, aurpegi forma eman, barruan paper gorria jarri, eta leihoetan jartzen zuten. Oiartzunen kontatu ziguten kalabaza txorimalo buru moduan jartzen zutela, kandelarekin batera; Zegaman buruhandien moduan jartzen zieten haurrei; Zaldibian hilerriko hezurtegitik burezurrak hartu eta kandelekin jartzen zituzten hilerri inguruan; eta Villabona-Amasan eta Baliarrainen maindirearekin estali eta mamuarena eginez eragiten zuten beldurra.
Helduek nola oroitzen dituzte une horiek?
J.A.: Harriduraz hartu gaituzte, eurentzat garrantzi handirik gabeko bihurrikeria zelako. Kontua da kalabazarenak beste zentzu eta sinbolismo bat duela azken urteotan. Duela 80 urte inguruko lekukotzak jaso ditugu guk, baina lehenago ere egingo zituzten, ziur.
Gaur egungora gerturatuta, Halloween, Gau Beltza edota Arimen Gaua ospatzen da Euskal Herriko herrietan.
J.O.: AEBetan egiten den Halloween festaren modukoa ari da hedatzen gurean. Haur edo gazte talde bat elkartu, mozorrotu eta kalean eskean aritzen da; dendetan eta tabernetan, batez ere.
J.A.: Arimen Gaua, berriz, azaroaren 2an ospatzen zen antzina. Elizkizunak egiten zituzten arimen alde. Gaur egun, urriaren 31n ospatzen da leku askotan. Nahiz eta herri batetik bestera desberdintasunak egon, badituzte ezaugarri komunak, hala nola aitona-amonen ohiturak berreskuratzea, euskaraz izatea eta arimek protagonismoa izatea. Elgetan, esaterako, guraso talde bat duela lau urte hasi zen ospatzen, Halloween eguna ospatzen hasiak zirela ikusi zutelako, batez ere. Plazan elkartu eta hilerrirako ibilbidea egiten dute, antzerki moduan, sustoak emanez, eta plazan amaitzen dute ibilbidea, gozokiak janez. Bezperan, kalabaza tailerra egiten dute, aurpegi forma emateko, eta kalean jartzen dituzte hurrengo egunean.
J.O.: Arimen ordez, gauari edo iluntasunari ematen dio protagonismoa Gau Beltzak. Mutrikun, esaterako, 90eko hamarkadan ospatzen zuten, eta istorioa ere badaukate Talaixako mamua pertsonaiarekin. Gaur egun indarra galtzen ari da, ordea. Lekeition Katu Beltza eguna dute, eta katu beltzez mozorrotzen dira herritarrak. Azken urteotan indarra hartu du Oiartzungoak ere. Beldurrezko ibilaldia egiten dute, antzerkia, suzko akerra ateratzen dute, suzko malabarrak…
Gazteei zergatik gustatzen zaizkie horrelako ospakizunak?
J.O.: Hainbat elementu erakargarri dauzka gazteentzat: iluntzean izatea, mozorrotzea, emozioak bizitzeko bide ematea, lagunartean egotea, gozokiak jasotzea…
Dokumentuaren akzioak