Juan Mari Beltran Oiartzungo Soinuenean

Juan Mari Beltran Oiartzungo Soinuenean Ruben Plaza

Juan Mari Beltran musikari eta musikologoak asteazken honetan jasoko du Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona Saria, azken mende erdian Euskal Herriko kulturaren kontserbazioaren eta biziraupenaren alde egindako lanarengatik. Horren erakusle, Oiartzunen Beltranek zuzentzen duen Soinuenea, herri musikaren txokoa. Bertan, munduan zehar jasotako 2.000 soinu-tresna inguru gordetzen dira eta asko ikusgai daude.

Nola hartu zenuen Manuel Lekuona saria jasoko duzunaren berria?

Lehenik eta behin, deitu egin zidaten hautagai izateko nire izena proposatu behar zutela esanez. Niretzako sari potolo samarra zela iruditu zitzaidan, jaso dutenen zerrendan zein izen dauden ikusita. Handik denbora batera, Eusko Ikaskuntzako lehendakari-andereak deitu zidan saria niri egokitu zitzaidala esateko. Alde batetik sorpresaz hartu nuen eta, bestetik, atsegin handiz iritsi zait. Nire bizitzan egindako lan guztiagatik baldin bada aitortza, esan behar dut, ibilaldi luze horretan ez naizela bakarrik ibili.

Zerrenda horretan zure ezagun hainbat ere badaude, horien artean, zure mentore izandako Jorge de Riezu fraide kaputxinoa.

Lehen saria Lekuonak berak jaso zuen 1983an eta hirugarrena, handik bi urtera, Jorge de Riezuri eman zioten. Harekin asko ikasi nuen nik. Aita Donostiaren kantutegia biltzen lagundu nion. Berak ezin izan zuen lanaren bukaerara arte aritu, horretan ari ginela hil baitzen, baina bideratua genuen eta ez zen zaila izan bukatzea.

Esan dezakegu egindako lan guztiaren sublimazioa Oiartzungo Soinuenea dela. Zenbat instrumentu gordetzen dituzue bertan?

Soinu-tresnen bildumak 2.000 instrumentu inguru ditu, herena euskal herri musikan erabilitakoak. Besteak, munduko makina bat zokoetatik ekarritakoak dira. Bildumaren helburua hauxe izan da hasiera-hasieratik: ezagutu ezazu zurea, baina munduan kokatua, eta ezagutu ezazu mundua, zure ikuspuntutik edo zurea ezagututa. Munduan zehar jotzera joaten ginenean, txistua, alboka edo dultzainaren antzeko soinu-tresnak topatzen nituenean harritu egiten nintzen. Orain, aldiz, kanpora joaten naizenean, harritu egiten naiz txistua, alboka edo dultzainaren antzeko soinu-tresnarik topatzen ez badut (barre egiten du). Ez soinu-tresna bera, baina bai antzekoa.

“Soinu-tresnak erosten jarraitzen dut baina ez garai batean bezala. Zerbait berezia edo interesekoa direnean bakarrik”

Juan Mari Beltran - Musikaria eta musikologoa

Zergatik?

Horiek guztiek oinarri bera dutelako. Gero, kultura bakoitzak berea ematen dio. Soinu-tresnetan, erritmoetan eta doinuetan hori horrela izan ohi da.

Badago txistuaren parekidea izan daitekeen edo antzeko soinua duen beste soinu-tresnarik, esate baterako, Asian?

Asian ez dut aurkitu, baina Europan, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan oso zabaldua dago. Ipar Amerikan, adibidez, hango indigenek beso batekin flauta eta bestearekin perkusiozko tresna bat jo ohi dute. Gehienetan danbortxo bat izan ohi da eta, bestela, maraka bat.

Funtsa zabalik dago? Soinu-tresna berriak erosi egiten dituzue, ala beste moduren batean iristen zaizkizue?

Aurten 30 urte beteko dira Soinuenea izango zenaren proiektua sortzen hasi nintzenetik. Ordurako banituen seiehun edo zazpiehun bat soinu tresna bilduta. Gerora, proiektu hau abiatzekotan zela, instrumentuak erosten jarraitu nuen, erakusketa bat antolatzeko interesgarriak iruditzen zitzaizkidanen atzetik. Gaur egun erosten jarraitzen dut baina ez garai batean bezala. Zerbait berezia edo interesekoa aurkitzen baldin badut, eskuratzen saiatzen naiz. Batzuek etxean dutena ere ekartzen digute.

Zein da erosi duzun azkena?

Lehengo astean Mexikoko bi flauta erosi nituen. Batek salgai zituela esateko deitu zidan eta nahiko bereziak diren soinu-tresnak dira. Erakusketan jartzeko tokirik ez daukagu baina bilduman sartzeko interesgarriak ziren.

Ba al dago begiz jota izanda ere lortzerik izan ez duzun tresnarik?

Asko. Den-dena edukitzea ez baita erraza! Akordeoi egileen artean Guerrini markakoak baditugu, ez ordea Guerrini trikitirik. Ez da ezer gertatzen, hor daude Larrinaga-Guerrinik egindakoak; horiekin nahikoa da.

“Aurten Santa Agedako ospakizunetan izan naiz, Sakana aldean egiten diren kinto egunak, zortzikoak eta dantzak filmatzen”

Juan Mari Beltran - Musikaria eta musikologoa

Zazpi urterekin hasi zinen zu musika ikasten.

Etxarri Aranatzeko udaletxeko akademian zazpi urterekin hasi nintzen eta handik bi soinu-tresnekin atera: txistua eta klarinetea. Hamaika urterekin Etxarriko Musika Bandarekin klarinetea jotzen hasi nintzen eta Txistulari Bandarekin, jakina, txistua.

Oso bestelakoak al dira klarinetea eta txistua?

Erabat ezberdinak dira. Alde batetik, egia da, biak aereofonoak direla. Bestetik, txistuan aire bera da bibratzen jarri behar duzuna eta, klarinetean berriz, mihi bat airearekin eraginez bibratzen jartzen duzunean sortzen duzu soinua. Txistua esku batekin jotzen da eta bestearekin danbolinari eragiten diozu. Klarinetean, ordea, bi eskuak behar dituzu. Ez hori bakarrik, errepertorioa, testuingurua, mundua, oso bestelakoa dute batak eta besteak. Txistuarekin San Adrian erromerian jotzen nuen aldi berean, kioskoetan klarinetearekin dantzaldi eta kontzertuetan aritzen nintzen.

Plaza guztiak ezagutuko zenituen.

Herri txiki eta handietako dianetan edo kale-bueltetan, Erraldoi konpartsetan, ezkontzetan, eskoletako kontzertuetan... Eta formatuei dagokionez txistulari taldeetan, dultzaineroekin, txarangetan, musika bandetan... denetik probatu izan dut.

Txalapartarekin ere ibili zinen.

Bai, asko. Zorionez 1960. hamarkadan txalaparta jotzen jarraitzen zuten bikote haiek ezagutu genituen, haiengandik ikasi eta euren lekukoa hartu genuen gero.

Zure gurasoek musika ezagutzarik ba al zuten?

Ez, baina inoiz ez zuten oztoporik jarri anaia Bixente eta biok musikan aritzeko; elkarrekin ibili ginen beti.

“Euskal Herrian egiten ziren bi motatako xirularruak berreskuratu ahal izan dira eta, adibidez, Donostiako Erraldoietan entzun daitezke”

Juan Mari Beltran - Musikaria eta musikologoa

Donostian Isidro Ansorena txistularia izan zenuten irakasle.

1962an Etxarritik Donostiara joan ginen. Aitak Goizaldi dantza taldearen egoitzara eraman gintuen haiekin jotzeko, eta 1962/1963 ikasturtean Isidrorekin ikasteko izena eman genuen. Ordutik 1969ra arte, soldaduska egitera joan behar izan nuen momentura arte, Isidrorekin aritu nintzen.

Tarte horretan Argia Dantza Taldearekin hasi zineten.

1966an. Argia taldean Amara Berriko gure kuadrillako zenbait lagun ibiltzen ziren eta horien bitartez lotu genuen gure ibilbidea Argiarekin. Donostiako Kaputxinoetako soto batean entseatzen genuen. Urte horretan, Jorge Oteizak bultzatuta, Euskal Eskola sortu zen. Folklore gaien arduradun Juan Antonio Urbeltz zebilen. Gure entsegu batera etorri zen Urbeltz eta hark esan zigun haien filosofia praktikan jartzeko talde bat osatu behar genuela; konbentzitu gintuen. Urte horretan eskaini genituen lehen emanaldiak berarekin.

Nolakoa izan zen hasiera hura?

Emanaldi osoa txistuarekin jotzen genuen eta dantzariek bezala, galtza zuriak eta txapela janzten genituen. Hurrengo urterako, beste modu batera janzten hasi ginen; dantzariek ere, dantzaren arabera, jantzi bat edo beste janzten baitzuten. Bizkaiko dantzak ikasteko bertara joaten ere hasi ginen. Herri kultura eta herri musika beste modu batean ikusten genuen, ez zen gauza zahar bat. Baliozkoak zirela ikusten genuen, ez zaharrak zirelako, balio zutelako baizik.

Argiako garaietan hasi zineten landa-lanarekin bilduma osatzen.

Niri, bereziki, musikarekin erlazionaturikoak egokitu zitzaizkidan, logikoa denez: musika grabazioak egin, audioak bildu edota partiturak jaso, besteak beste. Argia 1971 utzi nuen eta musikan murgildu nintzen buru belarri, orduan sortu genuen Sustraiak taldearekin. Bildutako materialarekin emanaldiak antolatzen genituen: txalaparta aurkezten genuen, txistua, xirula, ttun-ttuna eta baita galdutako beste zenbait soinu tresna ere. Argiako garaietan, besteak beste, xirolarrua berreskuratu genuen.

Nola?

Euskal Herrian eta Arabako Errioxan azken xirolarrujoleek nola jotzen zuten zioen dokumentazioan oinarrituta egin genuen. Sustraiak taldearekin beste batzuk ere berreskuratu genituen, sunprinua, adibidez. Hura ezagutu, egin eta jotzen ikasi genuen. Gero Albokarien, txistularien, xirularien eta beste hainbaten errepertorioak ere jaso genituen.

Soinu-tresna horiek, oraindik ere, jotzen al dira?

Asko ez, baina batzuk bai. Bilduman ditugun tutubia eta sunprinua, jada, ez ditu inork jotzen. Baina xirolarruak, adibidez, urtetan jo ez badira ere, orain berriro hasi dira jotzen. Gainera, Euskal Herrian egiten ziren bi motatako xirularruak berreskuratu ahal izan dira. Bietako erreprodukzioak egin ditugu eta, gaur egun, Donostiako Aste Nagusian Erraldoi eta Buruhandiekin batera xirolarrua entzun daiteke. Gauza bera gertatu da tronpa, zarrabetea edo arrabitekin.

Azken hiru hamarkadetan Soinuenean gorde izan dituzue horiek guztiak, baina aurretik non gordetzen zenituen?

Hasiera batean, Argiaren egoitzan. Gerora, etxean gordetzen nuen gehiena, grabazioak, liburuak, diskoak eta soinu-tresnak ere bai, baina guztiak ez zitzaizkidan sartzen eta lagunen edo ezagunen ganbaretan gordetzen nituen. 1990erako pentsatua nuen Soinuenea bezalako proiekturen bat gauzatzea. Urte horretan, toki ezberdinetan, aurreproiektua aurkeztu nuen. Baina, aldi berean, Jorge Riezuri Aita Donostiaren kantutegi osoa biltzeko eskatu zioten, nahiz eta ordurako 94 urte bazituen; ez zen elbarria baina ia ia bai. Mugitzeko arazoak zituen. Burua oso argi zuenez, hari laguntzeko eskatu ziguten Claudio Zudaire fraideari eta bioi. Horrek, noski, nire proiektua alde batera uztea ekarri zuen.

Herri tradizio hori biltzen jarraitzen duzu, oraindik ere.

Aurten, adibidez, Santa Agedako ospakizunetan izan naiz, Sakana aldean egiten diren kinto egunak, zortzikoak eta dantzak filmatzen. 60. hamarkadan hasitakoarekin jarraitzen dut gaur egun ere. Gauza da, garai hartan gazte bat izaten zela mikrofonoarekin zebilena eta, askotan, zaharrak zirela jo, kantatu eta dantzatzen zutenak. Orain alderantziz izaten da kontua.

Hori berri ona da. Mende erdiaren ostean, Euskal Herriko kulturak dirauelako.

Bizirik dago. Batzuk pentsatzen dute biltzeko garaia orain 40 urte pasa zela, orain ez dagoela beharrik. Baina bizirik dagoen bitartean jaso eta bildu behar da. Aldatzen doan zerbait da eta hori da garrantzitsua, hori guztia modu natural batean nola eraldatzen den, bizirik dagoelako, hain zuzen ere. Baztan aldera joan eta txistulariak Mutil dantza jotzen entzuten badituzu, berehala esango duzu: “Garai batean bezala jotzen ari dira”. Baina ez berdin. Bizirik mantentzen dute, bide hori jarraitzen dute, baina berea emanda eta beraienera ekarrita.

Orain 50 urte grabatutako doinu bati, gaur eguneko norbaitek jotzean, aldaerak ikusiko dizkiozu, ezta?

Euskal Herrian dantza bizi bat baldin badago Fandangoa eta Arin-arina dira. Hartu ezazu orain dela 50 urteko grabazioren bat, ea nola jotzen zuten orduan Arin-arina eta nola jotzen den gaur egun. Edo nola dantzatzen zuten orain dela 60 urte eta nola dantzatzen duten gaur egun Arin-arin bera. Hori da naturala, hori da bizirik egotea.

Bilduma Interneten kontsultatzeko moduan dago?

Ikerlari askok erreferentziak bilatzen dituzte eta materiala eskatzen digute. Esate baterako, orain dela zenbait urte Mexikon hitzaldi eta kontzertu batzuk ematen ibili nintzen. Han irabazitako guztia hantxe bertan gastatu nuen. Maleta handi bat erosi, eta Mexikoko indigenen musika bilduma osoak ekarri nituen. Hori Oiartzunen dago eta bertan dagoena Interneten ikusi dezakezu. Egunen batean, agian Chiapasetik deitzen dizute, hori nahi dutela esanez edo, ikerlariren batek hori behar duelako. Gaur egun, oso erraza da PDF eta MP3 formatuen bitartez bidalketa hori egitea.

Urteetan jasotakoak digitalizatu dituzue?

Gehienak bai. Audioekin ez dugu bukatu, baina oso aurreratuta dago. Audioetan 1990. hamarkadan jasotakoekin ari gara dagoeneko. Orain, gainera, audioak katalogatzen hasi gara: non grabatu ziren, noiz, nor ginen mikrofonoarekin joan ginenak, zeinek hitz edo kantatzen duen... 1980-1981. urteetaraino katalogatu dut. Hori, oraindik, ez dugu sarean jarri. Nik badakit ez dudala lan hori bukatuko, urteetako lana dago hor. Baina hasi, hasi gara.

Herri musikaz eta tradizioaz aritu gara, baina, amaierarako utzi nahi izan dut galdera abstraktuena: Euskal Herriko musika diogunean, zertaz ari gara?

Gaur egun, euskal herriko musika diogunean, lotu egiten dugu, bereziki, modu naturalean ahozko transmisioan jasotakoarekin; ez horrenbeste, akademiako sistematik ateratakoarekin. Askotan zaila da mugatzea zer den bat eta zein bestea. Aita Donostiak dituen konposizioetan zenbat dago herri musikatik eta zenbat musika unibertsal akademikotik? Berak Preludios vascos idazten duenean, zer iturritik edan du? Ez hori bakarrik, gaur egun herri musikatzat jotzen ez dena, agian urte batzuetara, horrela hartuko dute.