Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Herri honek egin didan errekonozimendurik handiena erraldoia egitea izan da”

Dokumentuaren akzioak

“Herri honek egin didan errekonozimendurik handiena erraldoia egitea izan da”

Egilea
Ainhoa Andonegi
Komunikabidea
Barren
Tokia
Elgoibar
Mota
Albistea
Data
2024/06/14
Lotura
Barren

Orain dela 42 urte hasi zen Jon Lizarralde (Elgoibar, 1960) dantzan, 21 urte zituela, eta ordutik dantzari emanda bizi izan da. Dantzari izateaz gain, dantza irakasle ere izan da, eta makina bat gazteri irakatsi die dantzan. Irakasteaz gain, azken 25 urteotan dantzari gazteak prestatzen aritu da txapelketetarako, eta horietako batzuk agurra dantzatu zioten maiatzeko jaialdian Kalegoen plazan, eskerrak emateko. 38 aldiz egin du dantza San Bartolome eguneko soka-dantzan eta 36 aldiz Nazioarteko Folklore jaialdian. Ez dira marka makalak. Euskal dantzako ikasleen kurtso amaierako dantza jaialdia egingo dute iluntzean Kalegoen plazan, eta gero, erretiroa hartuko du.

Erabakia behin betikoa al da? Egia al da erretiroa hartuko duzula?
Bai, erabakia hartuta daukat. Dantza ikuskizunetan jende gaztea ikusten dut, dantzari gazte on asko datoz atzetik, eta sarri galdetu izan diot nire buruari ea zer egiten dudan nik jende horren artean. Iaz 50 urte bete zituen Haritz dantza taldeak, eta urriaren 21ean egin genuen ospakizun ekitaldietako azkena. Haren ostean Haritzeko zuzendaritzakoei esan nien laga egingo nuela, eta azkenean ikasturtea amaitu arte segitzea adostu genuen. Udara arte jarraituko dut entseguetara joaten, baina emanaldietan ez dut gehiago parte hartuko, eta irakasle lana ere laga egingo dut. Nekatuta nago eta atsedena behar dut. Hiru hilabetez egon naiz entseguetara joan gabe hankako lesio baten ondorioz, eta gainera, pneumonia ere pasatu dut. Hilabete-pasa egon naiz sukarra kendu ezinda, eta etxekoek esaten zidaten atsedena behar nuela, baina ezin nuen laga, txapelketa bete-betean harrapatu ninduelako eta ezin nituelako ikasleak laga. Presio askorekin ibili naiz, eta lagatzeko momentua iritsi da


Zein balorazio egingo zenuke zure dantza ibilbideaz?

Oso ona. Oso-oso gustura ibili naiz, bai dantzari eta baita irakasle ere. Elgoibarko Izarraren baitan hasi nintzen irakasle, eta hasierako garai hartan ez genuen kobratu ere egiten. Gerora gauzak aldatu ziren, eta hasi ginen kobratzen, baina kontraturik gabe. Geroztik gauzak hobetu dira, eta gaur egun Musika Eskolan kontratuarekin eta lan baldintza duinetan gaude. Ordu pila bat eskaini dizkiot dantzari, nire bizitza izan da, baina gustura egin dut. Atzera begira jarri naiz, eta 42 urte bete nituen iazko irailean Haritz dantza taldean. 1981ean hasi nintzen dantzan, 21 urte nituela. Ikastaro bat egin nuen, eta dantza taldean sartu nintzen. Kasu arraroa izan da nirea. 21 urterekin dantzan hasi eta 22rekin dantza irakasten hasi nintzelako. Orduan Elgoibarko Izarraren baitan ematen zen dantza, eta gogoratzen naiz 22:00etatik aurrera telefono tarifa merkeagoa zenez, gauez joaten nintzela bulegora telefono deiak egitera. Euskal Jaia izaten zen garai hartan ekitaldirik nagusiena, eta hura antolatzen ere aritzen nintzen. Sanbartolomeetako soka-dantza ere behin bakarrik galdu dut nire ibilbidean. 25 urtez jarraian soka-dantzako aurreskularia izan nintzen, baina guztira, 38 ediziotan hartu dut parte. Nazioarteko Folklore jaialdian ere 36 aldiz egin dut dantza, 39 bat urtez izan naiz dantza irakasle eta azken 25 urteetan dantzari gazteak txapelketetarako prestatzen ibili naiz. Ez zait gustatzen harrokeriatan ibiltzea, baina iruditzen zait ez direla marka makalak.

Zein izan da zure dantza emanaldi gustukoena?
Emanaldi askotan hartu dut parte, eta asko izan dira bereziak; ez da erraza bat aukeratzea. Argia dantza taldearekin Amerikako Estatu Batuetan izan nintzen dantzan, Euskal Herriko antzoki garrantzitsuenetan ibilitakoa naiz (Arriagan, Euskaldunan, Victoria Eugenian...), Anoetaren inaugurazio egunean ere egin nuen dantza, eta ni Realzalea izanik oso berezia izan zen ekitaldi hura niretzat. Uztai Txiki dantzatu nuela gogoratzen naiz. Kursaalaren inaugurazioan ere hartu nuen parte... Nazioarteko Folklorea oso dotorea da, Errosario kaleko Ezpata Dantza ere bai, baina hala ere, niretzako emanaldirik bereziena beti izan da sanbartolomeetako soka-dantza [ikus 2013an, soka-dantzako aurreskulari moduan 25 urte bete zituenean BARRENen argitaratutako elkarrizketa].

42 urtean dantzari izateko sekretua zein izan da?
Beti izan naiz oso langilea. Jendea harritu egiten da nire malgutasunarekin, baina hori ez da berezkoa. %100a ematen dut beti, gero agian %90 lortzeko, baina nik dena eman izan dut. Asko ibiltzen naiz, luzaketak egiten ditut... Artrosia daukat bi belaunetan, eta atzetik begiratuta ibileran igartzen zait herrena. Horrez gain, biriketako beste gaixotasun bat ere badaukat. 17 urte nituela aroztegi batean hasi nintzen lanean, eta 44 urte egiteko nengoela utzi egin behar izan nuen lana. Bost urtez egon nintzen eztula kendu ezinda, eta gaixotasun asko harrapatzen nituen. Medikuek gomendatu zidaten aroztegia lagatzeko, eta lanerako ezintasuna aitortu zidaten. Hori dela eta, nire denbora guztia eskaini diot dantzari; batzuetan, gehiegi.

Txapelketetan parte hartzeko bidea ere zuk zabaldu zenuen, eta konturatzerako, 25 urte pasatu dira. Nola hasi zinen?

Zerotik hasi nintzen. Garai batean Abel Iriondo, Mikel Legorburu eta beste batzuk ibili ziren txapelketetan, baina umeen mailan ez zegoen horrelakorik. Lourdes Odriozolak uste dut komentatu zidala behin, ondo egongo litzatekeela Elgoibarko dantzariek ere parte hartzea, baina nik ez neukan horri buruzko ideiarik ere ez. Federaziora deitu nuen informazio eske, lortu nituen dantzei buruzko argibideak eta hasi nintzen gaztetxoak prestatzen. Ez neukan ideiarik ere, baina ikasi nuen, eta konturatzerako, 25 urte pasatu dira. Kritikak ere jaso nituen bere garaian, txapelketen eredua ez zelako egokiena, baina aukerakoa zenez, jarraitu egin genuen, eta nire ustez, esperientzia oso polita izan da. Beste herrietako ikasle eta irakasleekin harreman oso ona egin dugu, eta lehian baino gehiago elkarri laguntzen aritu gara. Lan handia egiten dute ikasle horiek txapelketetarako prestatzeko, eta sekulako teknika hartzen dute, baina hala ere, beti ez dira gauzak nahi bezain ondo irteten. Urduri egoten dira eta ez da erraza izaten epaimahai baten aurrean dantza egitea. Horregatik hasi ginen txapelketetan parte hartzen dutenen erakustaldia egiten Kalegoen plazan, haien lana herriari erakusteko. Aurtengo jaialdian hunkitu egin nintzen; ez nuen espero nire ikasle izandakoek eman zidaten sorpresa. Oso polita izan zen. Aurrerantzean badirudi ez duela inork hartuko txapelketen ardura, eta hori horrela bada, Elgoibarrek txapelketetan parte hartzeari lagako dio.

Askotan eskertzak eta aitortzak beranduegi iristen dira, baina zure kasuan, garaiz iritsi dira. Zer sentitzen duzu?
Oso eskertuta nago herri honek eman didan guztiarekin. Iaz egin zidaten omenaldi bat plazan, eta aurten ere sekulako sorpresa polita egin didate. Baina omenaldirik handiena erraldoia egitea izan da. Pena bakarra daukat: nire gurasoek ikusi ez izana. Gurasoek beti babestu naute, nire ondoan izan ditut beti, eta seguru nago poztuko liratekeela erraldoia ikusita. Gure etxean hiru anaiak izan gara dantzariak, eta gurasoek asko
animatu izan gaituzte. Arreba ez da dantzan ibili, baina inguruan izan dugu beti bera ere. Kritikak ere jaso ditut, eta haserreak ere izan ditut, baina ni gauza onekin geratzen naiz. Erraldoiarena handia izan da. Esan zidatenean erraldoia nire itxurarekin egingo zutela poztu egin nintzen, eta ikusi nuenean, are gehiago. Poztu egiten naiz kalean ikusten dudan bakoitzean. Orain miniaturak eskoletan banatu dituzte, eta umeek
ere ezagutzen dituzte Arantxi eta Jon, eta oso polita da. Niretzako errekonozimendurik handiena izan da. Aurtengo Trinitateetako danborradan ere calesan joateko aukera eman ziguten Arantxi eta bioi, eta polita izan da.

Zer eman eta kendu dizu dantzak?
Asko eman dit dantzak, dena. Baina nik ere neukan guztia eman diot dantzari. Aita gaixorik egon zenean ere akordatzen naiz gaua ospitalean pasatu eta lorik egin gabe joan nintzela gazteekin Villabonako txapelketara. Ospitalizazio asko izan zituen azken urteetan, eta horrela ibili nintzen. Lotura handia izan dut dantzarekin, konpromiso handia neukan txapelketekin eta egoera horrek nekatu egiten du. Baina ez naiz damutzen egindakoaz; gustura egin dut eta pozik noa egindakoarekin. Dantza balioan jarri nahiko nuke. Futbolaren balioa ez du inork zalantzan jartzen, denek nahi dute futbolari izan, baina gero ekitaldi guztietarako dantzariak eskatzen dituzte. Euskal kulturan oso garrantzitsua izan da euskal dantza.
Eta kendu, kentzekotan, denbora kendu dit, baina askoz gehiago izan da eman didana, kendu didana baino. Anaia Budapestera iritsi zen eskubaloiarekin, eta ni dantzarekin iritsi nintzen hara. Bidaiatzeko aukera eman dit, lagunak eman dizkit... Kuadrillako denei egin diet dantza ezkondu direnean, biri izan ezik, lesionatuta nengoelako, baina pena bat daukat: kuadrillako batzuek ez naute sekula dantzan ikusi, eta horrek pena ematen dit. Beste batzuk sarri etorri izan dira ni ikustera eta horrek poza ematen dit.

Jon Lizarralde, Unai eta Igor anaiekin.

Aurrerantzean, nolakoa izango da zure egunerokoa?
Lasaia, espero dut. Ibiltzea asko gustatzen zait, eta egunero paseatzen dut. Erosketak egin, bileraren bat... bizitza lasaia. Eguzkia ere oso gustuko dut, eta orain uda datorrela, txapela jantzi eta ibiltzera! Belaunak guztiz sano eduki ez arren, ez naiz geldirik egotekoa. Pandemia aurretik ez nintzen hainbeste ibiltzen, baina etxean hainbeste denbora pasa ostean gustua hartu nion ibiltzeari. Ondo egiten dit fisikoki aktibo egoteak. Atseden mentala behar dut batez ere, burua daukat oso nekatuta. Dena dela, Haritz dantza taldeari behar duen edozertan laguntzeko prest egongo naiz.
Nik ere jende askoren laguntza izan dut inguruan, eta ni ere hor egongo naiz behar nautenerako. Musika Eskolak pila bat lagundu dit, bai lehengo zuzendaritzak eta baita oraingoak ere. Arantxi eta bere senarra Rafa, Haritz dantza taldeko guztiak... Imanol Arantzamendi ere irakasle dabil orain, eta datorren urtean talde gehiago hartuko ditu. Dantza eskola esku onetan dago, jende fina dago hor barruan, oso inplikatuak dira guztiak. Dantza ikasleei dagokionean esan behar dut batzuk ez dutela serio hartzen, ez dago lehen zegoen konpromisorik eta erraz lagatzen dituzte klaseak, konturatu gabe zer eragiten duen horrek.

Dokumentuaren akzioak