Dokumentuaren akzioak
“Hau ikasketa prozesuaren jarraipena da, ez bukaera”
Zer da zuretzat Prague Chamber Ballet-en dantzatzea?
Hurrengo urratsa izan da. Bizitzan dena ikasketa prozesu bat dela pentsatzen dut, eta dantzan are gehiago. Beraz, hemen dantzatzea ez da helmuga, ezta ikasketa prozesu horren bukaera ere, jarraipena baizik.
Nolatan Pragara saltoa? Nolakoa izan da prozesua? Oraingoan ere «une egokian, leku egokian» egon al zara?
Une egokian, leku egokian, eta kontaktu egokiekin. Polonian Filip ezagutu nuen, dantza ikasketak Pragan egin zituen txekiar bat. Hark nitaz hitz egin zion Prague Chamber Ballet-eko zuzendariari. Zuzendariak niganako interesa agertu zuen, eta proba pribatu bat egiteko eskatu zidan. Proba normaletan 150 dantzarik hartzen dute parte gutxienez. Hori, ordea, nik bakarrik egin nuen, beste dantzaririk gabe.
Egun hartan bertan bakarlari lanpostua eskaini zidaten. Urtarrilaren 19a zen. Egun horrek Blue Monday (astelehen tristea) izena du, eta formula matematiko batetan oinarrituta, urteko astelehen tristeena izaten da. Niretzat ez zen hala izan.
Zertan aldatu da zure egoera Pragara joan zarenetik?
Aldaketa nahiko handia izan da. PCB kompainian lan asko egiten da. Errespetu handia diote dantzari Pragan, eta koreografian eta entseguetan nabaritzen da hori. Leku berri batean nago, eta beraz, konpainia barruan ere gora egin behar dut. Nahiz eta dantzari bakarlaria izan, neure lekua egin behar dut.
Nolakoa da zure egunerokotasuna?
09:30ean hasten naiz lanean, eta 16:00ak arte jarduten dut, zerbait jateko 30 minutuko geldialdi batekin. Gustuko dut ordutegia; nahiz eta ordu asko segidan izan eta gorputza asko nekatu, behin bukatuta ez zara hurrengo egunera arte lanera itzultzen. Estudioa hiriko erdigunean dago, Náměstí Míru-n, beraz, kafe bat hartzera joateko zein afari- merienda egiteko ondo dago. Gainera, lanetik oinez hamar minutura daukat Cervantes Institutuko liburutegia, eta bertan Matematikako ikasketei heltzen diet buru-belarri.
Dantzari bakarlari gisa jardun zenuen Gdansk-eko (Polonia) Baltycki Teatr Tanca-n. Zer eman dizu konpainia horrek?
Konpainia horrek asko lagundu dit neure buruarengan konfiantza izaten. Halaber, aukera handia izan da dantzari karrera hasteko. Harro sentitzen naiz han egindako lanarekin.
Ez zuten oso ondo hartu nik alde egitea. Soldata igoera handi bat eskaini zidaten konpainia utzi ez nezan. Baina, artistikoki hasteko aukerarik ez nuela ikusi nuen, eta agur esatea erabaki nuen, nahiz eta asko kostatu izan diru horri ezetz esatea. Erabaki gogorra izan zen.
Esperientzia horrek lagunduko al dizu hasi berri duzun aro honetan?
Bai, asko. Duela bi urte Madrilen dantza ikasketak egiten ari nintzenean Pragara proba bat egitera joan izan banintz, ziur nago ezetz esango zidatena.
Alde artistikoa albo batera utzita, berriz, azken bi urte hauetan asko heldutu naiz, eta esperientzia horiek guztiak, txarrak ala onak izan, agertokira ateratzeko unean nabarmenak izan dira.
Urte aberatsa izan zen iazkoa. Nola aurreikusten duzu izango direla 2015a eta 2016a?
Egia esan, inoiz ez dakit non eta nola egongo naizen aste batera. Batzuetan beldurra ematen dit ziurgabetasun honek, baina hor dago xarma ere. Adibidez, orain, maiatzean hiru asterako Hego Koreara, Seul eta Busanera goaz dantza egitera. Urte honen hasieran, Zarautzen senitartekoekin mahatsa janez, pentsatu nuen: nola joango da aurtengo urtea? Bi astera dagoeneko lortu nuen lan hau Pragan. Beraz, aldaketa handia izan da oso denbora tarte txikian. Kontratua 2016ko abuztura arte dut, baina Polonian ere halaxe nuen.
Iaz denbora gutxian lorpen ugari bildu zenituen. Badirudi hori dela joera, ez? Urtetik urtera hazten ari zara. Zein izango da hurrengo pausoa?
Halaxe da, bai. Hori da joera. Egia esan, ez dakit zein izango den hurrengo pausoa, baina zein gustatuko litzaidakeen bai, badakit: hemen ahalik eta gehien ikastea eta lan egitea, hain zuzen. Eta, ondoren, naizen dantzaria izanda, beste herrialde batetara bizitzera joatea, beste konpainia batekin. Abentura berriak bizitzera joatea. Momentuz urrun ikusten dut Zarautzera bizitzera bueltatzeko ideia.
2014ko uztailean ere elkarrizketatu zuen HITZAk Iriarte, eta hau da bideoa:
Dokumentuaren akzioak