Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Gure dantzek testuinguruan kokatzen laguntzen diote ikusleari ‘El caserio’ obran”

Dokumentuaren akzioak

“Gure dantzek testuinguruan kokatzen laguntzen diote ikusleari ‘El caserio’ obran”

Egilea
Alba Cabrera Jauregi
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Urnieta
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/06/22
Lotura
Aiurri

Oviedon da Aukeran Dantza Konpainia, “El caserio” zarzuelarekin, XXX. Espainiako Antzerki Lirikoaren XXX. urteurrenean parte hartzeko .

Antzerki Lirikoaren XXX. urteurrena ospatuko da asteburu honetan Oviedon (Asturias). Hala, harantz egin du salto Aukeran Dantza Konpainiak, “El caserio” zarzuelan parte hartzeko asmoz. Astebete inguru daramate bertan, entseguetan sartuta, buru-belarri, emanaldi bikoitza egiteko: ostegunean, ekainaren 22an eta, larunbatean, 24ean. Konpainiako dantzari dira Uxue Sanchez Larrañaga eta Unai Iraola Uribarrena.

Oviedon harrapatzen zaituztegu, Espainiako antzerki lirikoaren 30. urteurrena dela eta.

Unai Iraola Uribarrena: Obra bat baino gehiago taularatu dira ospakizunaren harira. Horrela, "El caserio" zarzuelak itxiko du urteurrena.

Arrigorrin kokatzen da “El caserio” zarzuela, zerekin egingo du topo denboran izoztutako herri horretan murgiltzen den ikusleak?

Uxue Sanchez Larrañaga: Baserri giroan, bikote baten maitasun istorioa kontatzen da.

U.I.U.: Horren harira, maiz agertzen dira euskal tradizioaren zantzuak, besteak beste, pilota, euskal dantzak...

Hiru ekitalditan banatzen da komedia lirikoa.

U.S.L.: Orotara, ordu eta erdi hartzen du obrak, gutxi gorabehera.

U.I.U.: Lehen zatiaren amaieran ateratzen da lehen aldiz zarzuelan Aukeran, azken eszenan, hain justu ere. Fandango bat dantzatzen dugu, eta, ondoren, bigarren ekitaldiaren hasieran, kide guztiak ateratzen gara, fandango eta arin-arinaren arteko nahasketa batekin.

U.S.L.: Hori egin eta gutxira, berriro agertzen gara, ezpata-dantzarekin, meza batean, prozesio antzeko batean. Gure parte-hartze osoa dantzatua da, eta gure dantzek testuinguruan kokatzen laguntzen diote ikusleari.

U.I.U.: Momentu batean, pilota-jokoan atera behar dira gutako hiru. Antzerkitik badu horrek, partida bat irudikatu behar dutelako, baina, orokorrean, dantza da nagusi Aukeraneko kideak agertzen garenean.

XX. mende hasieran sortutako obra bat da “El caserio”. Gidoiari berrikuntzaren bat edo beste txertatu al zaio ehun urteren ostean?

U.S.L.: Edukiari, ideiari dagokionez, ez nuke esango. Jatorrizkoaren pareko jarraitzen duela esango nuke.

U.I.U.: Madrildik hona ekartzean aldaketak izan ditu, baina ikuspuntu teknikotik, espazio bakoitzak dituen baliabideen eta azpiegituraren arabera.

Ez da zarzuela batean dantzatzen duzuen lehen aldia. Nola uztartzen da zuen dantza antzerkiarekin eta musikarekin?

U.I.U.: Ondo moldatzen gara. Egia da, tarteka, konplexua dela abesbatzarekin kooordinatzea, eta, gainera, zuzenekoetan beti egoten dira, emanaldi batetik bestera, desberdintasun txikiak. Beraz, horiei moldatu behar.

Entsegu asko egin dituzue bi emanaldiei begira.

U.I.U.: Astebete inguru daramagu hemen entseguekin. Lehen hiru egunetan, iluntzean izaten genituen entseguak, 20:00etan hasi eta 00:00ak arte. Era berean, goizetan, gure kabuz ere zenbait entsegu egin ditugu, teknika zorrozteko. Laugarren egunean, atseden hartu genuen eta Candas bisitatu genuen.

Ehun pertsonaren bueltan ari zarete elkarlanean ikuskizuna taularatzeko. Zaila al da horrelako kopuruekin lan egitea, koordinatzea…?

U.S.L.: Izugarrizko koordinazio lana eskatzen du, bai. Bi kide ari dira erregidore lanetan horretarako: pertsonaien sartu-irtena, musika, dantzak...

Gustuko al duzue beste arte diziplina batekin uztartzea zuen lana?

U.I.U.: Ez gaude ohituta horrela lan egiten, normalean, bakarrik igotzen garelako oholtza gainera. Baina esperientzia polita izaten ari da.

U.S.L.: Beste mundu profesional batean murgiltzeko aukera izaten ari gara. Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da.

Udari begira, emanaldiak izango al dituzue?

U.S.L.: Oraingoz, Euskal Herrian ditugu hitzordu guztiak. "Maurizia naz" emanaldia egingo dugu berriro ere, aspaldiko partez. "Hurrengo geltokia"-rekin ere igoko gara oholtza gainera. Bestalde, orain gutxi "Aiurri"-ren estreinaldia egin dugu. 

Dokumentuaren akzioak