Dokumentuaren akzioak
“Gizarte mailan dantzari funtzio sozial batzuk emanez gero, zerbait indartsua eta kolektiboa bihurtzen da”
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kidea da Mikel Sarriegi. Betidanik dantzak garrantzia izan du bere bizian eta espresiorako bide aproposa dela uste du
Goierriko dantzak berreskuratzeko lanean zabiltza. Zein da helburua?
-Duela 15-20 urte inguru hasi ginen Aurtzaka dantza taldeko kideak Aranzadi zientzia elkartearekin batera Goierrin edo eskualdean egon diren dantza maixu zaharren ondarea jasotzen. Lan etnografikoa egiten gabiltza, informazioa biltzen. Aspaldian zeuden dantza maixuen bizipenak jasotzen gabiltza baina baita ikasleak izan ziren dantzariekin ere hitz egiten. Horrela, zein dantza mota egiten zituzten jaso-tzeko aukera izango dugu. Joan Ignazio Iztueta zaldibiarra Gipuzkoa mailan erreferentea izan da lehengo dantza zaharrak mantentzeko. Moda berriak sartzen hasi ziren garaian lan handia egin zuen aspaldiko dantzak jasotzeko. 1840. urte inguruan bazeukan poderio bat, uste dugu dantzari gazte taldea zuela eta ikasle pila bat utzi zituen bere ibilbideari jarraipena eman ziotenak. Dantzakera aldetik urteen poderioz aldaketa batzuk egon dira, dantza egiteko karaktere eta urratsak zein markatzeko moduan galera bat egon da eta era berean arrisku bat azkeneko hondarrak galtzekoa. Guk kezka izan dugu horren inguruan eta bilketa lana egin nahi dugu, eta modu batean edo bestean, saiatzen gara dantza horiek berreskuratzen edo mantentzen. Ondoren, egindako lana bilduta gelditzea nahi dugu, eta ez dugu baztertzen libururen batean edo jasotzea eskuratutako informazio guztia.
Ezagutzen ez duenarentzat, nor izan da Iztueta?
-Haren inguruan asko idatzi da eta esango nuke izaera poliedrikoa izan duela, alor askotan aritu zelako. Pertsona polemikoa ere izan zen, bai bizimoduan eta izaeran. Zuria dei-tzen zioten batzuk, horren esanahi guztiekin. Pertsonaia oso konplexua eta era berean oso interesgarria dela esango nuke. Interpretatzeko ere zaila izan daiteke, hori bai. Dantzarien-tzako sekulako altxorra izan da Iztueta dantzak jasotzeko egin zuen lanagatik.
Hemeretzi urterekin irabazi zenuen lehen aldiz Euskal Herriko Gipuzkoar aurresku txapelketa. Nola oroitzen duzu momentu hori?
-Bere momentuan oso garrantzi-tsua izan zen niretzako. Kanpoan nengoen, Madrilen, ingeniaritzako ikasketak egiten eta modu batean edo bestean lehiaketa horietara aurkezteak pertsonalki dantzari bezala hobetzen lagundu ninduen. Dantzarekin lotura mantentzeko jarraitu nuen txapelketetan parte hartzen. Ate batzuk zabaltzeko eta hainbat gauza errazteko ere balio izan zidan. Orain beste ikuspuntu bat dut, normala den moduan.
Koreografo lanetan ere aritu zara, ezta?
-Nire ustez, dantzari maisu guztiak izan dira eta egun ere dira koreografo. Dantzak aldatzen eta garatzen joaten dira denbora pasa ahala. Eszenatoki gainean dantzan ari garen momentuan koreografia bat egiten gaude.
Nola ikusten duzu Goierrin dantzak gaur egun duen egoera?
-Beasainen betidanik egon izan da martxa polita, eta Ordizia eta Lazkaon berriz ere indarra hartzen ari dela esango nuke. Dinamika handia dago. Beasainen aspalditik dago helduen dantza taldea eta oraingutxi arte bertan bakarrik mantendu ahal izan dugu egonkortasunez. Orain, baina, beste herrietan ere sendotzen ari dira helduen dantza taldeak. Umeen kasua bestelakoa dela esango nuke, oso indartsu dagoela uste dut. Potentziala badaukagu eta hainbat erritualetan dantza egitearen ohitura mantendu dugu urtez urte eta dantzarekin harreman zuzena badugu. Erronkak ere baditugu, noski. Nola bideratu dezakegu? Abiapuntua dantzatzen disfrutatzea da hori eskatzen dizu gorputzak. Baina fun-tzio sozialak ere baditu eta gizarte mailan funtzio batzuk emanez gero zerbait kolektiboa eta indartsua bihurtzen da. Esaterako, agintarien soka-dantzak badu irudi potentea. Herriaren ordezkari guztiak eskutik emanda dantza egiteak garrantzia du. Funtzio horiekin konektatzea lortu behar dugu.
Zer da dantza zuretzako?
-Zerbait oso naturala, organikoa. Musika bezala da, barruan daukazun zerbait, espresio bide bat. Aberatsa eta zabala da, ez da umeetan praktikatu daitekeen zerbait bakarrik.
Txoko gustukoena. Egia esan bat baino gehiago ditut eta ezingo nuke bakarra aukeratu.
Mendi bat. Matxinbentan dagoen Atxabal mendia. Betidanik ikusi izan dudan mendia da eta oso kuttuna dut.
Hondartza bat. Hutsik dagoen edozein hondartza, jenderik gabe dauden horiek gustatzen zaizkit gehien.
Pasaia bat. Aralar-Aizkorri buelta osoko ikusmira hori asko gustatzen zait.
Festa edo ekitaldi bat. Igartzako Dantzarien eguna.
Dokumentuaren akzioak