Aurtengo aratuste edo inauteriak berrikuntzekin datoz, adibidez, martxoak 1, zapatua, Kulturolako tunelean paella jan herrikoia izango da horietako bat. Hala ere, berrikuntza nagusia egun bat lehenago dator, ostiralean.
Arrasateko herri-inauterien egitasmoa abiatuko dute lehendabizikoz hainbat kultur taldek. “Kukumarru” eta “txorimaloek” osatutako kalejira izango da, 19:00etan Maalan hasi eta 21:00etan Herriko Plazan amaituko dena. Bide horretan, instagram kontua ere zabaldu dute antolatzaileek txorimaloaketakukumarruak izenekoa.
Ekimen honen antolatzaileetako bat den Iñaki Barrutiarekin izan gara, eta herri-inauterien nondik norako batzuk azaldu dizkigu.
- Aurten aratusteetan berrikuntzak izango dira. Horietako bat izango da ostiralean, otsailak 28, egingo dituzuen herri-inauteriak. Lehendik ere inauteriak baziren herrikoiak baina zein da ekimen honek duen bereizgarri edo desberdintasuna? Zergaitik izen hori?
Inauterietako gainerako egitaraua ere arrasatearrak antolatzetik eta elkartzetik egiten da, eta herrikoia da. Larunbat eta asteartean, hala ere, zerbaitetaz mozorrotzen gara, edo Spidermanen, suhiltzaileen edo beste edozerren mozorroak janzten ditugu. Euskal Herriko inauterietan, eta gurea moduko tradizioa duten munduko beste leku askotan, inauteriak etxeko lau trapu jantzi, aurpegia tapatu eta egunerokotasunarekin apurtzeko egunak izan dira, eta iruditzen zaigu Arrasate moduko herri handietan galdu dela hori. Horregatik herri-inauteriak, inauterien jatorrizko asmo hori berreskuratu nahi dugulako.
- Nondik sortu zen herri-inauteriak antolatzeko ideia?
Lehenengo urte honetan parte hartuko dugunok bagenuen horrelako zerbait sortzeko gogoa, eta ezagutzen genituen azken urteotan sortu diren inauteri berriak, tradizioz halakorik ez duten lekuetan sortu direnak. Euskal kultur tradizioa errespetatuta inauteri berriak sortu dira Iruñean, Añorgan… Bakoitzak bere aldetik halakoak pentsatu arren, elkartu ginen batean konturatu ginen Arrasaten ere halako zerbait egin zitekeela.
- Ekimen honen baitan, Txorimaloak izango dira musikari eta dantzariak. Mozorroekin irtengo direnak berriz, Kukumarruak. Hauek kalejira egitea da asmoa?
“Kukumarru” deitzen zaie mozorroei Arrasaten, hala dago jasota tradizioan, eta mozorroei izen hori jartzea erabaki genuen. Txorimaloak izango dira dantzari eta musikariak. Kalean aurrera joateko kalejira berri bat sortu dute txistulariek, eta herriko bi dantza taldeon artean dantza berri bat sortu diogu kalejira horri. Urtero egiteko asmoa dugun zerbait da, bere bilakaera izango du, eta aldatuz eta egokituz joango da urtero. Ez ditugu inauteriak ikuskizun moduan ulertzen, eta bide horretan dator herri-inauterien ekimena.
- Zenbat pertsonek hartuko dute parte kalejira honetan?
Txorimalo eta kukumarruak batuta, 100 pertsona baino gehiago elkartuko gara. Hori bai, hurrengo urteetan jarraipena eta eboluzioa izatea espero dugu. Gainera, hurrengo urteetatik aurrera herritarrek bertan parte hartzea espero dugu, ez da ikuskizun bat bakarrik, herritik eta herrirako proiektu bat da.
- Zuek ere antolatzaile izateaz gain, parte hartzeko asmoa duzue? Hala bada, zein izango da zuen eginkizuna
Talde motorrean pertsona ezberdinak ibili gara, baina egunean denok parte hartuko dugu kukumarru bezala edo txorimalo bezala dantzan edo musikari gisa.
- Jendea bertaratu dadin, baduzu mezurik?
Kalera atera daitezela ostiralean, eta aurre-iritzirik gabe inauterien giroan sartzeko aprobetxatu dezatela eguna. 19:00etan hasiko gara Maalan, eta 21:00etan bukatuko dugu Herriko Plazan. Kalean bueltaka ibiliko gara tarte horretan, jendea zirikatzen.
