Dokumentuaren akzioak
“Ez baduzu konplizitaterik, zaila da emaitzak lortzea”
Dantzarako arropa jantzi, dantzan egin, eta irabazi. Erraza.
KATERIN ARTOLA: Ez da horrela. Txapelketetan dantzan egin edo irabazi baino lehen lan asko egiten dugu. Entsegu asko egiten ditugu, eta, irabazteko prozesu horretan, oso garrantzitsua da ikusten ez den lana.
IKER BELINTXON: Bigarren urtea dugu elkarrekin dantzan, eta gure arteko harremana asko hobetu da. Hasieran sumatzen zen ez genuela elkar asko ezagutzen; ezagunak ginen, bai, baina hasi ginenetik hona gure arteko harremana asko hobetu da, eta hori garrantzitsua da bikoteka dantza egiteko. Konplizitatea lortu dugu, hobeto dantzan egiten dugu, eta, horregatik, iaz baino gorago gaude.
Bigarren urtea duzue elkarrekin. Bat oiartzuarra izanda eta bestea lezoarra, nola sortzen dira zuenak bezalako bikoteak?
ARTOLA: Aurreskuan trebatzera lehendik joaten nintzen Lezora. Garai hartan, Iker beste bikotekide batekin zebilen dantzan. Azken hark utzi, eta orduan hasi ginen elkarrekin.
BELINTXON: Maider Aginaga lezoarrarekin ibiltzen nintzen dantzan Katerinekin hasi aurretik. Utzi egin zuen. Orduan, Katerini mezua bidali nion, ea nirekin dantzan hasi nahi zuen. Hitz egiteko gelditu, eta baiezkoa. Orduan hasi zen dena.
Jada bikote izanda, entrenatzen hasi, eta dantza eta dantza.
ARTOLA: Udan astean gutxienez hirutan egiten ditugu entseguak.
BELINTXON: Orokorrean, entseguak biok elkarrekin egiten ditugu. Beti ez dugu fisikoa lantzen. Teknika maila hobetzeko lanketa handia egiten dugu, gure artean eta Lurdesekin [Lurdes Esnaola, irakaslea]. Nagusien kategorian gaude, eta txikietatik nagusietara jauzi egiterakoan, dantzaren tartea luzatu egiten da; fisikoa ere landu egin behar da.
Konplizitatea ere lantzen da?
ARTOLA: Bikote duzunarekin ez baduzu harreman onik edo konplizitaterik, zaila da emaitzak lortzea.
Eta txapelketaren batean, dantzan ari zaretela, elkarri begirada arraroren bat bota al diozue inoiz, “ez goaz ondo” esateko?
BELINTXON: Oraindik ez zaigu horrelakorik gertatu. Hala ere, uste dut laster halakoren bat gerta daitekeela, baina oraingoz ez. Asko entseatzen dugu hori ez gertatzeko.
Nolakoak dira entseguak?
ARTOLA: Ordubete edo ordu eta laurden ingurukoak izaten dira, ordu eta erdikoak gehien jota. Luzaketa ariketak egin, berotu eta dantzan hasten gara, pausoak lantzen. Ondoren hasten gara pieza osoak dantzatzen.
Baina entsegu guztiak ez dira berdinak izango. Baten batean kale egingo zenuten…
BELINTXON: Gertatu izan zaizkigu horrelakoak, bai. Hitz egiteko tartea hartzen dugu entsegu eskasak egiten ditugunean. Hori ere ona da: konplizitatea lortzeko gure arteko harremana indartzea. Gure bizitzaz hitz egiten diogu elkarri.
Sasoi fisikoak eragina al du zuen jardunean?
ARTOLA: Nagusien mailan gaudenez, dantzaldiak luzeagoak dira. Berotzea garrantzitsua da lesioak saihesteko. Dantzatu eta gero ere luzaketa ariketak egiten ditugu.
Esan duzue aurretik beste bikote batzuekin ibilitakoak zaretela dantzan. Aldaketa handia al da dantzarako bikote berriarekin hastea?
BELINTXON: Niri behintzat asko kostatu zitzaidan bikote aldaketari aurre egitea. Maider Aginagarekin sei-zazpi urtez aritu nintzen dantzan, eta bat-batean den-dena aldatzea zaila egin zitzaidan. Katerin ezagutzen nuen, bai, baina, nolabait esatearren, ez ginen lagunak. Ez genuen elkar ezagutzen; isil-isilik egoten ginen. Entseguak egitea ere kosta egiten zen. Iazko lehenengo urtea eginda, aurten asko hobetu dugu. Elkarrekin bost urte daramagula dirudi! Onerako eta txarrerako, noski.
Lurdes Esnaola irakaslea aipatu duzue. Zuen ibilbidean ezinbesteko pieza da, ezta?
ARTOLA: Nire kasuan, Ikerrekin hari esker hasi nintzen. Hark ematen zizkidan aurresku eskolak, eta, Esnaolagatik ez balitz, ez ginateke dantzarako bikote izango. Asko erakutsi eta lagundu digu.
BELINTXON: Dantza solteko irakaslerik hoberenetakoa da. Txapelketa asko irabazi ditu; tartean, Segurako Euskal Herriko Txapelketa, hirutan. Asko daki dantzaz.
Dantza irakasle bakarrik ez. Esnaolak ere jantziak egiten dizkizue, eta, gainera, sariak irabazitakoak zarete jantzi horiekin.
BELINTXON: Nirea bai, Lurdesek osotasunean egindakoa da.
ARTOLA: Jantzi gehienak Lurdesek egiten dizkit niri, baina, hain justu, saria jaso genuenetako batean neraman blusa ez zen hark egina.
BELINTXON: Epaile bakoitzak bere gustua du jantziei dagokienean, eta, herri batean jantzi onenaren saria jaso dugun moduan, gertatu da beste batean saririk ez jasotzea. Azkenean, gustu kontua da, eta tokian tokiko epaimahaiko kideek hartzen dute erabakia.
Bakarka ere aritzen zarete dantzan. Alde handia egongo da binakakotik, ezta?
ARTOLA: Nik, behintzat, bikoteka gehiago gozatzen dut. Bi gara, dantzak alaiagoak dira [fandangoa eta arin-arina]. Aurreskuan-edo bakarrik zaude, dantzak ez dira hain alaiak… Gogorragoa egiten zait entsegu edo txapelketa bat aurreskuan, hau da, bakarka, bikotean baino.
BELINTXON: Iritzi berekoa naiz ni. Azken batean, bikotekako dantzak askoz alaiagoak dira, eta horrek badu eragina entseatzeko garaian, esaterako. Beraz, txapelketetan ere bai. Bakarrik egonda, gainera, presioa handiagoa da.
Oholtzaren ondoan zaudete, zuen txandaren zain. Bozgorailuetatik zuen izenak entzuten dituzue, dantzan hastea tokatzen zaizue. Zer sentitzen duzue orduan?
ARTOLA: Une horretan ez dugu hainbesteko urduritasunik. Dantzaldiaren aurretik entseatzen edo berotzen ari garenean urduriago egoten naiz ni. Oholtza zapaltzen dugunean, nerbioak, neurri batean, joan egiten dira.
BELINTXON: Behin agertokira igotzean, ez dut urduritasunean pentsatzen. Hasieran bai, badago tentsio puntu bat dantzan hasten garenean, erritmoa hartzeko, musika egoki jarraitzeko. Txapelketen aurretik beti izaten dira soinu probak, baina entsegu horretan edo txapelketako saioan musikariek ez dute berdin jotzen.
Dantzaldia bukatu eta hatsa hartu, oholtzan oraindik. Elkarri begirada. Une horretan badakizue zer nola ibili zareten?
ARTOLA: Bai. Adibidez, Lekeitioko, Donostiako eta Zarauzko txapelketetan gustura bukatu genuen. Une horretan bagenekien ondo ibili ginela, segituan nabaritzen dugu hori.
BELINTXON: Bukatzean oso azkar nabaritzen ditugu barnetik ateratzen zaizkigun sentsazioak. Bergaran, joan den asteko ostiralean, ez genuen gustura bukatu; berehalakoan nabaritzen duzu hori.
Zerk eragin dezake egun on bat ez izatea?
BELINTXON: Dantzan ari zarenean ez zara gauza guztietaz konturatzen. Jakin dezakezu pausoren bat behar baino pixka bat atzerago eman duzula, oso nekatua sentitu zarela… Bergaran azkar batean konturatu nintzen ez zela gure egunik onena.
Dena hain landuta egonda, entseatuta, badago inprobisaziorako tartetik txapelketatako saioek iraun bitartean?
ARTOLA: Asko ez. Urduritasunarekin-eta inprobisatzea zaila izaten da. Dantzatzen lehenetakoa edo azkenetakoa izan, horrek ere badu eragina. Dantzatzeko txanda bukaera aldekoa bada, inprobisaziorako tartea izatea ez da hain zaila izango, baina, hala ere, urduritasunagatik pixka bat zaila da unean-unean erabakiak hartzea, inprobisatzea.
Aurten dantza solteko lau txapelketatan parte hartu duzue. Egoera berezia izan da aurtengoa COVID-19agatik?
BELINTXON: Egoera oso arraroa da. Lehen aske ibiltzen ginen aurrera eta atzera. Orain, dantzaldian ez gainerako momentuetan maskara jartzen eta kentzen ibili behar dugu. Gainera, berotzen edo dantzaldia bukatu eta izerditan egonda ere, maskara jarri behar… Publikoa ere banaka jartzen da, ezin dute komentatu pausoren bat, egin duzun saioaz iritzia ezin dute partekatu. Arraroa da.
Zergatik daude hainbeste dantzari on Oiartzualdean?
ARTOLA: Dantza, orokorrean, eta bereziki, euskal dantza, oso gustuko dute Oiartzualdean. Lantzen da. Dantza talde indartsuak daude, eta irakasle asko ere bai.
BELINTXON: Lezon, bereziki, txapelketetarako ohitura handia dago. Dantzarako aukera zabala dago, oro har, baina txapelketetarako dantzariak prestatzeko usadioa dago Lezon. Hori emaitzetan nabaritzen da.
Hala ere, dantza txapelketak gainbeheran daudela dioenik bada.
BELINTXON: Egon zen bolada bat, sei-zortzi urte dira, gainbehera antzeko bat izan zena. Berriro gorantz ari da txapelketetara doan bikoteen kopurua. Nagusien mailetan hamalau bikote gaude, txikietan beste hainbeste… Herrien artean aldea dago, ordea.
ARTOLA: Azken batean, ia dantzari denak Azpeitikoak edo Lezokoak dira; beste herrietan ez dago hainbesteko tradiziorik.
Mugarri baten protagonista zara zu, Katerin. 2018an lehenengoz gipuzkoar erako Euskal Herriko Txapelketa eta soinu zaharrekoa bateratu ziren, Ordizian. Hau da, emakumeek eta gizonek batera parte hartu zenuten txapelketa horretan, eta ez bakoitza bere aldetik, ordura arte bezala. Eta irabazi zenuen. Baita iazko edizioa ere.
ARTOLA: Eta oso pozik nago egindakoarekin. Erronka izan zen niretzat hori. Mutilenak deitzen zitzaien dantzetan ez nintzen aritu aurretik, eta, horrez gain, hasieran mutilekin lehiatzea ere arraro egin zitzaidala aitortu behar dut. Oso gustura nabil orain, pozik.
BELINTXON: Ni ere bakarka ibiltzen naiz, baina Katerinen mailara ez naiz iristen. Beste maila batean dago, gorago. Banakakoan hura laguntzen ibiltzen naiz.
Dantza egiteaz gain, epaile edo irakasle ere bazarete.
ARTOLA: Epaile lanetan aritzen naiz, gazteen txapelketetan. Dantzariak beste ikuspegi batetik ikustea baliagarri zait, ikasteko. Oso interesgarria da niretzat.
BELINTXON: Epaile izatea pixka bat aspergarria iruditzen zait [barrez]. Irakasle lana egiten dut nik. Esperientzia oso ona da. Dantzari gazteekin egon, haien nerbioak kontrolatzeko lanean lagundu… Gainera, irakasle izanda, ezin ditut epaile lanak egin.
Zuen helburu nagusia?
BELINTXON: Aurtengo helburua badugu behintzat: Seguran, Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa irabaztea. Urriaren 17an izango da.
ARTOLA: Lor daitekeen gauzarik nabarmenena Seguran irabaztea da, eta nik uste bikote guztiak horren bila goazela.
Zein dira Seguran izango dituzuen kontrario nagusiak?
BELINTXON: Azpeitiko bizpahiru bikote oso on daude, eta Bergarako bat, iazko irabazleak. Horiek dira faboritoak, gurekin batera.
ARTOLA: Gurera aterako gara, eta konfiantza handiegiarekin ez gara joango. Irabaziko dugula pentsatzea ez da ona. Hori borrokatu behar da.
Dokumentuaren akzioak