Euskal Kultur Erakundearekin batera eta Euskal Herri Elkargoaren babesarekin, Euskal hitzorduak jaialdiaren 6. edizioak euskal dantzaren adierazpen guztiak sustatuko ditu Biarritzen, eta horretarako ez dira faltako entsegu ireki, eskola-haurrentzako edo ikus guztientzako ikuskizun eta animazioak.
Aurtengo egitaraua horrela antolatu dute: aste honetako lehen bi egunetan, azaroaren 7an eta 8an, Bilaka Kolektiboak Mitologia Txikiak izeneko pieza egin du.
Ostiral honetan, azaroaren 11an, Kukai Dantzak Eta orain zer? lana eskainiko du. Lanaren nondik norakoak modu honetan azaltzen dituzte: “Soka-dantza antzinako errituala da, unibertsala, herrialde eta kolektibo askoren kultura tradizionalean maiz agertzen dena; tokian tokikoa bezain unibertsala. Gizartearen kohesioaren eta komunitate bereko kide ezberdinen arteko errespetu eta ulermenaren ikurra da. Dantzaren bidez lortzen den gizartearen batasuna. Kide bakoitzaren berezitasunak errespetatu eta onartuz, guztiena den espazioa eraiki eta partekatuz. Jon Maya Sein koreografoak sinbologia honetan sakontzea proposatzen du, gaur egungo gizartearen balioetan txertatzeko. Transbertsalitatea, kultur aniztasuna, eta espazioen demokratizazioa izango dira bidaia honetako gaietako batzuk, bizikidetzaren bidez eta adierazpenen eta jatorri koreografikoen aniztasunaren bide.”
Azkenik, azaroaren 13an, Kresala Dantza Taldeak Amoria & Dolore pieza egingo du. Amoria & Dolore dantza ikuskizunak “euskal nabigazioaren urrezko aroan du abiapuntua. Elkanoren lehen mundu-bira gogora ekarriz, aintzinako musikan du inspirazio iturri nagusia, dantzaren herri adierazpenak beti izan baitu gaurkotasuna, kulturaren erreferente artistiko-historiko bezala.”