Dokumentuaren akzioak
“Eskaloi bat igotzea falta zaio dantzari”
Jon Maia, Gipuzkoar Aurreskuko Euskal Herriko txapelduna
HEMERETZI URTE ditu Jon Maiak, eta sei urte zituenetik da Errenteriako Ereintza dantza taldeko kide. Maila txikiagoko txapelketa ugari irabazia zen larunbata baino lehen, hiru aldiz Gipuzkoako txapeldun gazteen mailan, helduen mailan Gipuzkoako txapeldun iaz... Baina larunbatekoa du orain arteko garaipenik handiena.
-Faboritoen artean zinen. Espero al zenuen irabaztea?
Prestatu eta gero beti izaten dituzu esperantzak. Badakizu oso zaila dela baina irabazteko aukera duzula.
-Gustura geratu al zinen egindako saioarekin?
Egia esan , inor ez da bere buruarekin oso gustura geratzen. Nahiz eta jendearen aurrean nahiko itxura ona eman, askotan badakizu hobeto egin zenezakeela.
-Ikusi al zenituen zure lehiakideen saiioak?
Egia esan, ez nuen tarte handirik izan. Lehen txanda egin ondoren, entseiatzen jarraitu nuen eta ez nuen besteak ikusteko tarte handirik izan. Dena den, iruditu zitzaidan jendea oso prestatua joan zela, eta gauza berriak eta zailak egiten saiatu zela. Nik uste dut oro har maila ona izan zuela finalak.
-Azken urteetako irabazleak, Edu Muruamendiaraz eta Ramon Sanchez, ez dira izan aurten lehiaketan, eta badirudi aurtengo txapelketak belaunaldi aldaketa bat markatu duela.
Bai, hala esan daiteke. Aurreko urteetan ere gu izan gara txapelketan, baina itzalean geratu gara Edu eta Ramonen atzetik, haiek zirelako lehenengoak. Aurten, berriz, lau lehenengo postuetan 19-20 urte inguruko dantzariak izan gara, eta horrek argiago uzten du belaunaldi aldaketa hori.
-Euskal Herrian egiten diren bakarkako dantza txapelketetan hau da ohiartzunik handiena duena. Zer suposatu du zuretzat txapelketa hau irabaztea?
Euskal Herriko txapelketa den neurrian, txapelketarik garrantzitsuena da denontzat. Beste bizpahiru txapeleketatan ere parte hartzen dugu urtean zehar, eta dantzari berberak izaten gara guztietan, baina hau da garrantzitsuena. Eta jendea gehiago prestatzen da txapelketa honi begira beste batzuei begira baino.
-Dena den, nahiz eta Euskal Herri osoko txapelketa izan, gipuzkoar aurreskua dantzatzen duzue eta aurten behintzat gipuzkoarrak izan zarete lehiakide guztiak.
Bai, azken urte hauetan gipuzkoarrak izan gara partaide guztiak. Jakina, gipuzkoar erako aurreskua da dantzatzen dena eta horrek murriztu egiten du kanpokoen partaidetza. Ni parte hartzen hasi baino lehen etortzen omen ziren Iparraldeko eta Bizkaiko dantzariak, baina azken urteetan Gipuzkoatik kanpoko inor ez da animatzen.
-Eta ez al dago Euskal herri mailako beste era bateko txapelketa bat antolatzerik, denei aukera berberak emango dizkiena?
Nik uste dut hori polita izango litzatekeela. Ni orain Euskal Herriko txapelduna naiz, baina garbi ikusten da gipuzkoarren arteko lehia bat izan dela nik irabazi dudana. Niri gustatuko litzaidake beste herrialde batzuetako txapeldunekin neurtzea, horretarako aukerarik egongo balitz. Baina hori oso zaila da. Eskualde bakoitzak ver aureskua dauka eta txapelketa batean ezin dituzu neurtu eta konparatu. Aurresku batu bat egin beharko litzateke horretarako, baina hori ia ezinezkoa ikusten dut. Gipuzkoa barruan ere badira dantzatzeko modu ezberdinak baina gehienak batu daitezke era batera, eta horregatik lehiaketa egiteko ez dago arazorik. Baina Euskal Herri osoari begira zaila da.
-Denak gipuzkoarrak baina hogeita bi partaide izan dira aurten. Ez da partaidetza makala, ezta?
Bai. Alde horretatik asko hobetu dela esan daiteke. Urte batzuetan bederatzi, hamar edo hamaika partaide baino ez ziren izan eta eskas samar geratzen zen txapelketa. Baina orain gazteen mailan ere egiten dira txapelketak, eta txapelketa horietan parte hartzen duten dantzariak helduen mailan ere parte hartzera animatzen dira. Horri esker, urtetik urtera dantzari berriak izaten dira txapelketan eta etorkizunari begira oso ona da hori.
-Edu Muruamendiaraz eta Ramon Sanchezen belaunaldiaren eta zuen belaunaldiaren artean hutsune handi bat dago.
Bai, egia da. 20 urtetik gorako eta 28tik beherako dantzari gutxi dago. Hala ere aurtengo finalean izan dira 27 urte inguruko hiru dantzari: Mikel Legorburu, Iñaki Lasa eta Aitor Sorazu. Lehen esan dizudan bezala urte batzuetan ez zen gatze mailako txapelketarik antolatu eta gazte mailako txapelketan parte hartu gabe bat-batean hamasei urterekin helduen txapelketan parte hartzea ez da oso erraza. Gure belaunaldikook zorte hori zian dugu; askoz ere gazteago hasi gara txapelketetan parte hartzen eta horregatik errazagoa izan zaigu helduen txapeleketan parte hartzea. Pauso garrantzitsua da, baina aurretik txapleketetan parte hartzeko ohitura izanez gero errazagoa da pauso hori ematea. Azken bost urteetan urtero-urtero ikusi da jende berria txapelketan.
-Zer behar du une honetan zure ustez, euskal dantzak sendotzeko eta indartzeko?
Lehen beti esaten zen komunikabideek eman behar ziotela bultzada bat. Azkenaldi honetan badirudi telebistaren bidez ezagunagoak bihurtzen ari garela. Dena den, ez dakit biderik egokiena hori den, besterik gabe txapelketak ematea. Komunikabideek arreta handiagoa esakini behar liokete dantzari, baina ez bakarrik txapelketei. Dantzak beste alor asko ditu: exhibizioak, koreografiak eta abar. Erakundeek ere gehiago lagundu beharko lukete. Ideiak badaude, lan egiteko gogoa duen jendea ere bai, baina askotan asmo horiek hutsean geratzen dira diru faltasz. Eta gure kasua ez da hori, Ereintzan ondo gaude alde horretatik, baina herri askotan dantza taldeak lokal eta azpiegitura egokirik gabe daude.
Dantzari euskal kulturaren barruan eskaloi bat igotzea falta zaio. Bertsolaritza puntu goren batean dago, trikitixa ere goraka doa pixkanak... Nik uste dut eskloi txiki bat igotzea falta zaigula eta ea lortzen dugun.
Dokumentuaren akzioak