Dokumentuaren akzioak
“Enetako, baduzu euskararen segida, jarraikitzen badute!”
Maider Hegiapal – Maskaradako ‘buhamina’ eta artzaina
Nekez irudika liteke ile mozle hain lakrikuna buhamina ere badatekeenik. Alta, Maider Hegiapal (Hoki, 1993) hala ikusiko dugu etzitik apirilera arte, kasik aste hondar oroz hamahiru plazatan gaindi saltoka, biraka, inguruka, eta, oroz gainetik, hizlari eta kantari lanetan, ile guzien harrotzen.
Maskaradak sohütarren gain dira aurten. Zertan zarete?
Bai, ontsa presentatzen dira. Oraino ñabardurak badira lotzeko: bada hobetzeko Beltzerien jokoan, eta dantzetan beti ari dituzu trebatzen, baina, oro har, orok badakite ontsa.
Aspalditik aiduru zarete?
Duela bi urte Rene Cassinen gaineko pastorala izan zen Sohütan; giro biziki ona zen, eta hartan motibatu gintuzun. Bazizun hamabi urte Sohütan ez zela maskaradarik egiten! Pastoralean, beraz, Idauzek erran zizun ondoko urtean eginen zuela maskarada; ondorioz, guk, 2016an. Hartan, hasi ginen gazteak biltzen, hamar bat, ultra motibatuak! Hokiko nola Sohütako besta batzordekoek segitu zizuten. Sohütakoek, egia erran, ez denek: lauzpabostek baino ez, baitute beste okupaziorik, errugbia, ikasketak… Erran behar da Hoki Sohütako kartier bat dela, baina bakoitzak bere batzordea badizu, bere besta, bozkatzeko bere lekua… Arranjatzen den bezala!
Hala, zaharren biltzen ere entseatu gaituzu, baina ez dizugu bildu; hala ere, zenbaitek parte hartu dizute predikuak idazteko, hala nola David Etxilek, Serge Gabastonek, Felix Agerrek, Alain Guimont errejent laguntzaileak eta Battita Berrogain errejenta denak.
Erakustaldiak bezain bertzeko testu…
Bai, Beltzeriek hori dizute galdegiten. Herri bakoitzak bere diskurtsoa behar dizu; haiek dizute testu gehien galdatzen. Orotarat hamalau erakustaldi izanen dituzu, baina bi hemen, Sohütan lehena eta Hokin azkena. Lehena, etzi, urtarrilaren 10ean, karrikan hasiko duzu: goizean, barrikadak; ondotik, bazkaria izanen duzu batzordean berean batzordeak prestaturik; ostatua ere hark atxikiko dizu, eta pastetxak eskolak emanik.
Emanaldien eskaintzeko auzo herriak hautatu dizkizugu, horiek ere jiten baitira Sohütarat maskaradaren ematerat; beraz, orain, gure aldi duzu haier eskaintzeko.
Berrikuntzarik ba ote du aurtengoak?
Ez dukezu xorrotxik, artzainak dituzkezu: Lea Etxegoien eta nihaur. Hala, usaiako ezpata jokoaren ordez gasnaren egitea dukezu, bortuan, eta jaunari eskaintzea. Kantatzez airea bera dukezu; gainera, kantore bat Alain Guimontek idatzirik. Errejentak ukan dizu ideia, enbeia baitzuen kanbiatzeko.
Ber gisan, ez dukezu buhamerik, buhaminak baizik; lehentze izanen duzu oro neskak izanez.
Orobat, punpuilak ez dituzu artilez izanen, baizik eta zurez.
Azkenik, kerestuen jokoa, Zamaltzainaren zikiratzea helburu baitute, arratsaldean egiteko ordez, goizean eginen dizute, barrikaden azkenean, ez baitzen aski mutikorik. Hala duzu: batzordean ez duzu mutiko anitz; neska haboro gaituzu. Horregatik, maskaradan ere ber gauza izan duzu rolak joanaraziz; egokitu gaituzu.
Preseski, casting-a nola joan da?
Urrietan hasi gaituzu, baina lehenagotik ere partitu zuzun, maiatzean jada dantzariak hasi baitziren lanean. Hasteko, banaka kantatu dizugu; gero, binaka; eta azkenik, errejentak dizu bakoitzaren rola hautatu. Denetarik landu dizugu; boza, kantoreak, diskurtsoa, jokoa… Orotarat, jokalarietan, hogeita hamar bat gaituzu.
Leak eta biok bi rol jokatzen dizkizugu: artzainarena eta buhamina-rena. Nik, buhamina jaunarena; zalu kanbiatu behar gaituzu bi dantzen artean! Hala, goizean eta arrastiri hatsarrean artzaina izanen gaituzu, eta buhaminak arrastiri hurrantzean.
Zu bezala, bertze guziak ere euskaldunak direa?
Ez duzu aise izan, gure belaunaldian euskaldunak gutiago baikara. Baina oraingo haurrak heldu dira berriz; ikus Sohütako ikastola: aurten ehun eta hamaika haur badituzu! Enetako, baduzu euskararen segida, jarraikitzen badute!
Beltzerietan, bostetarik biga dituzu euskaldunak; buruz ikasi dizute, eta mimatzen dizute ere anitz. Horietarik bat gau eskolatik iragana duzu. Hatsarrean nahi genizun euskara kurtso zenbait antolatu, baina ez dizugu denborarik aski ukan.
Baduzu usaiarik boza taula gainean altxatzekoa?
Ez dizut sekula kantatu pastoralean baizik! Cassinen izan zuzun, turketan eta azken sortidan. Maskaradan gehiago duzu, segur, lehentze dizut hainbeste; hasteko ontsa duzu, gero ageriko! Learekin bi bozetan ari garelarik, goikoa egiten dizut, eta hark apala dizu egiten.
Testu anitz duzu.
Lotsa nauzu testuaren ahanztea! Artzainen bertsetez eta kantoreez gain, buhaminen diskurtso guziak ere ikasi behar izan dizkizut. Hala ere, aisita duzu, zeren eta egun oroz erabiltzen ditugun hitzak baitira. Ororen buru, sei hilabeteko lana izan duzu, maskarada, maskarada eta maskarada, asteburu oroz, ikasi eta trebatu arte! Inbertsio pertsonala handia duzu, baina zinez ontsa iragaten duzu, giro onean.
Alta, Hossegorren egoten zara.
Bai, han baitut lana eta aste hondar guziz jiten nauzu. Baina sarri, daugin hilabetean ene ile apaindegia irekiko dizut, barantailan, Maulen berean!
Bultzatzaile nagusietarik bat zara.
Nahi izan dut parte hartu eta bultzatu, ez bainuen sekula egin, tradizio bat baita eta enbeia bainuen segitu eta ikusi zer den. Orain ageriko hein ona dugunez eta herriek maitatuko dutenez! Tradizionalistek ez dakit maitatuko dutenez, baina esperantza dizkizugu kritika onak! Hasteko, jendea jin dadila saldoan!
Dokumentuaren akzioak