Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Eibarko Euskal Jaiarekin, euskal kultura bizirauteko eta garatzeko behar den ekarpen bat egin nahi dugu”

Dokumentuaren akzioak

“Eibarko Euskal Jaiarekin, euskal kultura bizirauteko eta garatzeko behar den ekarpen bat egin nahi dugu”

Jose Luis Gorostidi, Mariano Luke eta Asier Sarasua Eibarko 50. Euskal Jaiaren harira kaleratutako liburu eta DVD-aren bultzatzaileak

Klub Deportiboak Eibarrek asteburuan ospatuko duen 50. Euskal Jaiaren egitaraua emango du ezagutzera gaur (19.00etan Coliseoan). Era berean, festa honen harira kaleratutako liburua eta DVDa aurkeztuko dituzte bertan
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Eibar
Mota
Albistea
Data
2015/05/27
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Eibartarrek beren herriko Euskal Jaiaren mende erdiko ibilbidea jasotzen duten liburua eta DVDa eskuratzeko aukera izango dute gaurtik aurrera. Egunkari hau, lan horien bultzatzaileak izan diren Mariano Luke, Jose Luis Gorostidi eta Asier Sarasua herritarrekin elkartu zen atzo, beti ere, egindakoaren nondik norakoak ezagutzeko.

Nola bururatu zitzaizuen Euskal Jaiaren historia jasotzen duten liburua eta DVDa prestatzea?

-Mariano: Liburua egitearen idea aspalditik dator. Argi genuen festaren 50. urteurrena une ona zela lan hori egin eta plazaratzeko. DVDari dagokionez, Asier Sarasuak proposatu zigun eta gauza polita izango zela ikusita ba... aurrera esan genion.

Non erosi ahalko dira Klub Deportibotik kaleratutako lan hauek?

-Mariano: Alde batetik, aurtengo Euskal Jaiaren egitaraua aurkezteko asteazken honetan (gaur) Coliseoan egingo dugun ekitaldian eta bestetik, larunbatean izango den artisau eta baserritarren azokan. Era berean, Deporreko tabernan erosi ahalko dira. Liburua eta DVDaren 1.000 ale kaleratu ditugu eta bi lan horiek batera salduko dira, 10 eurotan, ahalik eta jende gehiagorengana ailegatzeko.

Zeintzuk izan dira DVDa egitearen helburuak?

-Asier: Pertsonalki, betidanik izan dut historia lokala eta hurbila, herriko memoria jasotzeko nahia. Horregatik, Euskal Jaiaren 50. urteurrena une egokia iruditu zitzaidan festa horren lehen edizioa antolatu zutenak elkarrizketatzeko; beren testigantzak jasotzeko. Hasierako helburua hori zen, 20 bat minutuko ikus-entzunezko bat egin lehen Euskal Jaiaren protagonistak eta asmoak jasotzeko baina poliki poliki proiektua zabaltzen joan zen eta azkenean 45 minutuko lan bat egin dugu. Hori bai, nik DVDrako elkarrizketak egin ditut baina gidoia eta off-ahotsa Ane Sarasketarenak dira eta Haizea Odria material guztia editatzen eta montatzen aritu da.

Zer jasotzen da DVD horretan?

-Asier: Alde batetik, Eibarko Euskal Jaiaren etapa desberdinetan antolakuntzan aritu diren hamabi herritarren elkarrizketak eta bestetik, elkarrizketa horietako protagonistak lagatako argazkiak eta dokumenturen bat, Euskal Jaiaren historia erakusten duten irudiak...

Hasierako edizioen irudiak dituzue?

-Asier: Kuriosoa izan daiteke baina Euskal Jaiaren hasierako bost edizioetako material ugari nuen etxean, nire gurasoak antolakuntzan aritu zirelako eta aitxitxa festa grabatzen ibili zelako. Hala ere, 1975tik 1990era bitarteko edizioei buruzko irudi gutxi daude; azken 10-15 urtetako festak ondo dokumentatuta badaude ere.

Eta liburua... zer nolako lana da?

-Jose Luis: Euskal Jaiaren antolatzaileek festaren ibilbidea erakusten duten argazkiak eta irudiak jaso nahi zituzten baina historia kontatzeko testuak bilatzea ezinbestekoa zela iruditu zitzaidan. Azken 25 urteotan egindakoa oso ondo jasota dago ...Eta Kitto! aldizkariari esker, baina aurreko edizioetan antolatutakoa jasotzea ez da batere erraza izan. Horretarako, Koldo Mitxelenan eta beste artxibo batzutan informazioa bilatzen aritu naiz, 1975tik aurrera El Correo egunkarian argitaratutakoa begiratu dut... Lan handia suposatu arren, azkenean Eibarko Euskal Jaiaren mende erdiko ibilbidea ondo jaso dela uste dut.

Amaitzeko, zer ematen dio Euskal Jaiak Eibarko herriari?

-Mariano:Festa honekin antolatzaileok euskal kultura bizirauteko eta garatzeko behar den ekarpen bat egin nahi dugu. Baina zer ematen dio herriari...? Herritar bakoitzak bere irakurketa egingo du.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokorik maiteena Mariano: Nire etxeko sofa. Asier. Mandiola eta Gorosta bailara artean dagoen Santa Kurutzeko eremua. Jose Luis: Eskoriatzako Apotzaga, ama hantxe jaio eta umetako oso oroitzapen onak ditudalako.

Paisaia bat Mariano: Zarautzeko Talaimenditik dauden bistak.

Asier: Jaizkibeletik dauden bistak. Jose Luis: Urbia eta ingurune osoa.

Festa bat Mariano: Arrateko jaiak, dudarik gabe. Asier: Gaztañerre, Eibarren. Jose Luis: Tolosako Bedaio auzoko jaiak. Aita bertakoa da eta han beste inon baino dantza gehiago egiten da.

Mendi bat Mariano: Kalamua. Asier: Urbia gainean dagoen Gorostaran. Jose Luis: Balerdi; oso polita eta egiteko erraza delako.

Hondartza bat Mariano: Getariakoa. Asier: Zumaiako Itzurun. Jose Luis: Debakoa, gertutasunagatik.

Jose Luis Gorostidi, Mariano Luke eta Asier Sarasu

Jose Luis Gorostidi, Mariano Luke eta Asier Sarasu


Dokumentuaren akzioak