Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Diru publikoa Euneiz finantzatzeko erabiltzea onartezina da”

Dokumentuaren akzioak

“Diru publikoa Euneiz finantzatzeko erabiltzea onartezina da”

EHUko errektore izan zen 2009-2017an. Ez da lar esatea Juan Inazio Perez Iglesiasen eta Iñaki Goirizelaiaren artean ezarri zituztela oraingo gure unibertsitate publikoaren zimentarriak, haien gainean jarri dutela beren alea ondoko bi errektore Nekane Balluerkak eta Eva Ferreirak. Euskal Herria helburu, ezinbesteko baliabide baitugu unibertsitatea, EHU bat sendoa.
Egilea
Miel Anjel Elustondo
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/06/11
Lotura
Argia
 Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Iñaki Goirizelaia Ordorika (Bilbo, 1958) Ingeniaritza Telematikoan katedradun eta irakasle EHUko Komunikazioetako Ingeniaritza sailean. 1981ean hasi zen irakasle Bilboko Goi Ingeniaritza eskolan, eta unibertsitate publikoko errektore izan zen bi agintalditan. Dantzari porrokatua, Victor Olaetaren ikasle, Mungiako dantza taldeko dantzari eta dantza irakasle eta koreografo, Bai, Bagara dokumentala eta Kantuetan dantzan ikuskizunaren eragile da. Oraintsu, zientzia eta dantza bateratu ditu Sareetan zehar dantzan, java erabiliz liburuan.

Gisa da zuri osasunaz galdetzea: minbizia, bihotzekoa...

Gorputzak onartzen didana baino gehiago ez daukat egiterik. Egunero egiten dut ibilaldia, baina, esate baterako, ez daukat lagunekin mendira joaterik. Aldapa gora hasten naizenean, bihotzak ohartarazi egiten nau. Linfoma bat izan nuen, bihotzekoa ere bai… Hainbat gauza eduki ditut. Abuztuan, esaterako, ingresatuta eduki ninduten. Kateterismoa egin zidaten. Ondo nagoela ematen du, baina infartuak nekrosia eragin zidan bihotzean, eta zuen bihotzak odola bultzatzeko daukan indarrik ez dauka nireak.

Aspaldi, artikulu batean eman zenuen zure minbiziaren berri.

Minbiziarena, gainditze prozesu bat da. Interesgarria iruditu zitzaidan nire esperientziaren berri ematea, eta horixe esatea, gaixotasuna askotan gainditu egiten dela. Artikulua argitaratu nuenean, hemezortzi urte betetzen ziren minbizia detektatu zidatenetik: adin nagusitasuna, beraz. Nik birritan ospatzen dut urtebetetzea, jaio nintzen eguna, eta kimioterapia hartzen hasi nintzen eguna, urtarrilaren 11 batean. Berriro jaiotzea izan zen hura.

Beste artikulu bat ere gogoan daukat, metroak EHUren Leioako campusera heldu behar zuela eskatzen zenuen…

Aspaldiko kontua hori ere. Ez da gauzatu. Esaten zuten Leioako campusean ez dagoela metro adar batek eskatzen duen behar besteko mugimendua. Ez zatekeela errentagarri, alegia. Baina halako azpiegitura handi bat egiten denean, errentagarritasunari begira jartzen bagara, akabo! Hor dabiltza autobusak Errigoitiraino joanez, edo metroa bera Plentziara heltzen da, eta, neguan, unibertsitatean baino jende gutxiago bizi da han. Aldiz, Erandio-Leioako campusean, 16.000 edo 17.000 pertsona ibiliko dira era batera edo bestera. Herri handi bat da hori. Eta egunero dago mugimendua. Hara heltzeko azpiegituraren kostua behar baino handiagoa zela? Ez dakit, bada. Hori gabe, askotan pentsatu dut unibertsitatea ez dela lehentasunen artean egon. Gauzak aldatzen ari direla ematen du.

Zer esan nahi duzu, orain unibertsitatea gure lehentasunen artean dugula?

Bai, gizarteak balio handikotzat dauka EHU, eta nik, berriz, funtsezkoa dela esango nuke. Pandemian bertan ikusi da hori. Pandemia garaian EHUk egin duen ekarpena oso ona izan da. Eman dugun informazioa kalitatezkoa izan da, bai edukiari, eta bai edukia transmititzeko moduari dagokienez. Zientziaz ez dakien pertsonak ulertzeko moduan eman dugu informazioa. Bestalde, gure gizartean inork ez du ipintzen kolokan zientziaren balioa. Egiten diren inkestetan ere, EHU da gizarteak hobekien baloratzen duen erakundea, edo erakundeetako bat. Eta espero dut erakunde publikoek EHUren aldeko apustua handitzea.

Argazkia: Zaldi Ero

 

"Nik birritan ospatzen dut urtebetetzea, jaio nintzen eguna, eta kimioterapia hartzen hasi nintzen eguna, urtarrilaren 11 batean. Berriro jaiotzea izan zen hura”

EHUko errektoreari beti egiten zaion galdera da ea gure unibertsitate publikoak Jaurlaritzaren behar besteko babesa jasotzen duen. Eta erantzuna behin ere ez da baiezko biribila.

Inor boterean dagoenean, mila gauza ditu eskuartean. Oraintxe, pandemia, pandemiak ekarri duen egoera, ekonomia, gatazka politikoa… Oreka mantentzea ez da erraza. Erabaki politikoak dira nagusi: “Ez dut unibertsitatearen aldeko apustua egingo, Haur Hezkuntzan saiatuko naiz”. Adibidez. Edo osasungintzan, Ertzaintzan, edo Supersur edota abiadura handiko trenean, alegia. Agintariek erabakitzen dute nondik joan, hortxe dituzte botoak, eta botoek horixe egiteko aukera ematen diete. EHUko errektoreok ez dugu hor ezer esatekorik. Errektore nintzenean, askotan esan nuen EHUk finantzazio handiagoa behar zuela; askotan esan nuen non erabili behar zen finantzazioa. Askotan.

Gaur egun ere aurrekontu handiagoa behar du EHUk?

Nik uste dut, daukagun aurrekontuarekin pertsianak altxatu besterik ezin dugula egin. Eta asko da. EHU transatlantikoa da, ez da erraz kudeatzen. Milaka eskola ordu ematen dira egunero, zabaltzen dira ikerketa laborategiak, egiten da ikerketa, dibulgazioa eta jakintzaren transferentzia. Egunero. Baina ahal dugun moduan egiten dugu. Ikerketaren aldeko apustua benetan egin nahi bada, diru askoz gehiago sartu behar da unibertsitatean. Ez bakarrik unibertsitatean, baina, hasteko, unibertsitatean. Barne produktu gordinarekiko egiten den ikerketa gastua, “inbertsioa” esaten dut nik, jaitsi egin da azken urteotan. Ibarretxe lehendakari zenean jo genuen goia. %2 gainditu zen orduan, oso gutxi da, baina orain ez gara %2 horretara ere heltzen, eta, gainera, diru hori ez dator EHUra, hainbeste ikerketa zentro eta enpresa daude eta ehuneko horretatik jasotzen dute denek.

Zergatik ez da EHUren aldeko apustu sendorik egiten?

Hautu politikoa da?

Erabaki politikoa da… Historia aztertu behar da. Herri honetan ez dugu unibertsitate kulturarik izan inoiz. Inoiz ere ez. Hemen pentsatu dutena da akademia batzuk unibertsitate direla, baina dozentziak ez du unibertsitate esan nahi. Gasteizen gertatuko dena duzu adibide. [Euneiz] Hori onartezina da, hori ez da unibertsitatea, tituluak ematen dituen enpresa bat baizik, diru etekina helburu duena. Eta, beharbada, bidezkoa da helburua, baina ez horretarako diru publikoa erabiltzea. Nire argumentaziora itzuliz, Euskal Herrian ez da unibertsitate kulturarik izan. Salamancara [Espainia] joan, eta 800 urte dira sortu zutela. AEBetara joan eta, han, herri jaioberrian, jaio eta hurrengo egunean hasi ziren unibertsitateak irekitzen: Massachusetts, MIT eta Harvard dira adibide. Puritanoak Ingalaterratik ihes egiten hasi zirenean, egun bat ere ez zuten behar izan unibertsitatea muntatzeko. Bazekiten han ezer egin nahi izatekotan, zer beharko zuten: unibertsitatea.

Hemen ez dugu gisako unibertsitate tradiziorik...

Hemen, hasteko, ikaragarri kostatu zaigu unibertsitate publikoa izatea. Gure erreferentziarik sendoena Oñatiko Unibertsitatea izan zen, baina hura ez zen Oxford, ez Cambridge, hura elizaren inguruan mugitzen ziren hainbat jende oso interesgarriren ekimena zen. Baina laster desagertu zen, inork ez zuelako hartan sinesten. [Miguel] Unamunok, berriz, hemen ez genuela unibertsitaterik behar esan zuen. Unamunok! Eta gero Salamancako errektore izan zen bera! Gure unibertsitatea abertzaleen tresna zela, beren helburuak lortzeko. Guk unibertsitate tradiziorik ez dugu. Deustuko Unibertsitatea hor da, baina hark ere orain dela gutxi arte ez du ikerketaren edo jakintzaren transferentziaren bidea hartu, elite batzuk sortzea izan du helburu. Unibertsitate publikoaren egitekoa, hau da, ezagutza gizarte osoari zabaltzea, ez dakienari, eta ez daukanari, ezagutzaren bidez aurrera egiteko aukerak ematea... gurean 80ko hamarkadan sortu da.

Deustuko unibertsitateak eliteak sortu dituela esan duzu. Handik sortuak dira EAJren buru asko eta asko.

Asko, baina zuk uste duzuna baino gutxiago. Egon da momentu bat non EAEko hiriburuetako hiru alkateak “gureak” izan diren, hiru herrialdeetako diputatu nagusiak ere “gureak”, eta EAEko lehendakaria ere, “gurea”. Barkatu hitza txarto erabili badut, EHUn ikasitakoak esan gura nuen. Eta, oraintxe momentuan, joan edozein ziklotako ikastetxe batera. Galdetu irakasleari non ikasi duen. Joan ospitale edo osasun zentro batera, eta galdetu sendagile edota erizainari non ikasi duen. Joan edozein enpresatara, galdetu ingeniariari non ikasi duen… Horrek aldaketa ekarriko du Herri honetara.

Euneiz bidea egiten ari da, Gasteizko Legebiltzarrean tramiteak betetzen EAJren eta PSEren laguntzaz.

Jendeak jakin behar du unibertsitatea zer den, zertarako den, eta zertarako ez. Joan Hego Amerikara. Mila unibertsitate baino gehiago ere badira, baita garajeetan ere! Hori gura dugu? Unibertsitatea sortu nahi dugu, dirua irabazteko? EHUra sartu ez diren ikasleak harrapatzeko, besterik gabe? Numerus clausus-ik ez zegoen garaian, 1.000 ikasle ere hasten ziren hemen medikuntza ikasten. Jakina, gero, batzuek, hogei urte ere egin zituzten langabezian. Ikasketek lana modu duinean egiteko bidea eskaini behar dute. Euneiz proiektua ez da unibertsitatea. Hortxe dira Unibasq-ek egindako txostena, eta beste hainbatenak: garbi esaten dute non diren gabeziak. Diru publikoa asmo pribatu hori finantzatzeko bideratzea onartezina da.

EHUren errektore bazina, segur naiz ez zenukeela hain gordin adieraziko. Lasaiago hitz egiten da irakasle denean, errektore denean baino?

Kar, kar… Errektore zarenean, orekari eutsi behar diozu. Konplikatua da politikoki pentsatzen duzunaz hitz egitea, edo unibertsitateaz pentsatzen duzunaz argi eta garbi jardutea… Uste dut hauxe dela errektore kargua utzi eta ematen dudan lehen elkarrizketa. Parte hartu dut irrati-telebistetako zenbait saiotan, baina hauxe duzu lehen elkarrizketa. Eta lau urte baino gehiago joanak dira… Errektore zarenean, irakasle eta langile guztion errektore zara, eta hor denetarik dago. Unibertsitatea da Euskal Herri txiki bat. Laborategi ederra. Nahitaezkoa da oreka. Pentsatzen duzuna esaterik ez dago beti. Aldiz, orain, irakasle naizela, inolako arazorik ez daukat pentsatzen dudana argi eta garbi esateko.

Uste izaten dugu errektoreek, kargua utzi eta kito egina dutela unibertsitate ibilbidea. Zer bide egin du Iñaki Goirizelaiak kargua utzi eta gero?

Iñaki Goirizelaia da EHUko irakaslea, unibertsitate mundua maite du. Uste dut EHU herri honen etorkizunaren gakoa dela, herri honek etorkizunean ezer egin nahi badu, EHU sendoa behar du. Askotan esan dut: EHU nolako, gure etorkizuna halako. Errektore kargua utzi nuenetik, irakasle naiz. Maite dut egiten dudana: eskolak ematea, ikerketa-talde bateko kide izatea, proiektuak gauzatzea, liburuak idaztea… Horixe maite dut, eta ez dut besterik behar. Ez naiz Iberdrolaren presidenteorde izateko jaio, hezkuntza publikoan sinesten dut, ikerketan eta ezagutzaren dibulgazioan, herri honek unibertsitate indartsu bat behar duela sinesten dut.

Unibertsitatean sinesten duzu, EHUn, buru-bihotzez. Herri honetan bezainbat, esango nuke, askotan, zure karguak zio, mihiari kosk egin behar izan badiozu ere.

Hau ez dut inoiz publikoki esan, baina esango dut hemen: gero eta independentistago naiz. Beti izan naiz, eta orain askoz gehiago. Eta nazioarteko eztabaida, foro eta bilkuretara herri bezala joan nahi badugu, unibertsitate indartsua behar dugu atzean. Unibertsitate indartsua. EHUk pauso asko eman ditu. Konparatu edozein unibertsitate inportanterekin, eta haietatik urrun gaude, baina berrogei urte baino ez ditu EHUk. Eta hemen inportantea ez da, bakarrik, non gauden, nondik gatozen eta nora goazen baino. Aurrerapauso handiak eman ditugu, eta, gaur egun, gure unibertsitatea ondo bideratuta dago. Baina falta zaigu, asko falta zaigu.

Argazkia: Zaldi Ero
"Gero eta independentistago naiz. Beti izan naiz, eta orain askoz gehiago. Eta nazioarteko eztabaida, foro eta bilkuretara herri bezala joan nahi badugu, unibertsitate indartsua behar dugu atzean”

Egiten duzuna maite duzula esan diguzu, irakastea, ikertzea, idaztea… Liburu aski bitxia ekarriko diguzu laster.

Bai. Sareetan zehar dantzan, java erabiliz. Java programazio-lengoaia da.

Java erabiliz, dantzan. Zu, izan ere, dantzari zaildua zara.

Horixe galdetzen zidaten, errektore izateari utzi, eta zer egin behar nuen. Baten, erantzun nuen: “Errektore ez naiz nire bizi guztian izango, baina dantzari bai”. Dantza maite dut, beti egon naiz dantzaren munduan, Mungian eta Bilbon. Urte asko egin nituen Olaeta balletean. Victor Olaeta erreferentea izan dut, 50 urte egin arte egon nintzen berarekin dantzatzen. Asko ikasi nuen berarekin. Dantza munduan, herri honek eman duen erreferenterik inportanteena da. Zalantzarik ez daukat. 1973an dantza taldea sortu genuen Mungian, eta orain bertako dantza irakaslea naiz. Koreografiak ere sortzen ditut, gure sustrai eta dantzetan oinarritu eta gauza berriak egiten ditut… Nire bizitzaren zatirik inportanteenetariko bat da dantza. Hori barik ez nintzateke neu izango.

Ingeniaria, eta dantzaria.

Jendea ezustean hartzen zuen nire lanak. “Ingeniaria zara, eta dantzaria? Eta dantza klasikoa egin duzu, eta hau eta hura egin dituzu?”. Bai, ingeniaria eta dantzaria, eta liburu berrian ere biak lotu ditut: klaseetan java programa erakusten ari nintzenean, dantza adibideak erabiltzen nituen, edo dantza talde baten gestio modua, edo halakoak. Azkenean, liburuan, dantzaren bat aipatzen dudan bakoitzean, harexen azalpena eta ilustrazioa egitea pentsatu nuen. Eta halaxe etorri da Sareetan zehar dantzan, java erabiliz, Maider Huartek lagunduta egin dudana.

Gogoan dudan ekitaldi bat, orain hogei urte baino gehiago... Lauaxetaren omenezko ekitaldia Gasteizko Santa Isabel hilerrian, poeta hil zuten hormaren kontra. Aurreskua dantzatzen zu, isiltasuna beste musikarik gabe.

Oso momentu berezia izan zen. Horrek badu esplikazioa. Lauaxeta ez zen Mungiakoa, baina han bizi izan zen, eta hantxe du familia oraindik. Uste dut 1976an izan zela, Gabon egunean ekarri zuten Lauaxetaren gorpua Mungiara eta nik aurreskua dantzatu nuen, hura hilerrira eraman eta lurperatu baino lehen. Oso momentu berezia izan zen. Isiltasuna sekulakoa izan zen. Oso ondo antolatu zuten. Eta isil-isil-isilik denok. Buruan gelditu zitzaidan isiltasun hura. Gero, urteetara, Gasteizen, berriro Lauaxetaren omenez dantza egiteko aukera izan nuenean, pentsatu nuen isiltasuna zela musikarik onena. Eta horrela izan zen. Biak ere oso momentu bereziak ditut nire bizitzan.

Dantzari, dantza irakasle, koreografo… zertan da dantza gure herrian, zuk ikusten duzunez.

Dantza ere gure herriaren ispilu da. Beti ari gara sokatiran, nork bere sokatik tiraka. Dantza munduan ez gara izan gauza adostasun gutxieneko batera heltzeko. Hor da Dantzerti, baina han dantza klasikoaren aldeko apustua egin da, tradizionala apur bat sartuta ere; hautazkoak sartu dituzte. Baina ez dago dantzaren formazio arauturik, ez dago. Irlandarrek, aldiz, badute; flamenkoak ere badu. Gurean, berriz, ez da inoiz izan unibertsitate mailako dantza tradizional ikasketa arauturik. Gauza bat da begiraleak formatzea, dantza eskoletan erakutsi ahal izateko, eta beste bat, aldiz, dantza tradizionalari buruzko doktorego programa izatea unibertsitateak, edo gradua eskaintzea, edo masterra, adibidez. Oso konplikatua da...

Zer da konplikatua?

Jaurlaritzak horren aldeko apustua egin beharko luke. Dantza tradizionalari buruzko ikasketak ezarri beharko lirateke, eta, haien barruan, euskal dantzetan fokalizatu, lerro akademiko oso bat sortu. Irlandarren modura, adibidez. Hori gabe, ez dugu lortuko. Irlandarrek ez dute enbaxadarik behar, ezagunak dira, baina dantza ikuskizun bat egin zuten, eta, haren bidez, munduko toki guztietara heldu ziren. Horixe enbaxadarik onena! Eta zer da euskal identitatea Ipar eta Hego Ameriketan, dantza ez eta!

                                                                              *     *     *

Bai, Bagara. Kantuetan dantzan

“Errektore kargua utzi eta Bai, Bagara dokumentala egin nuen. AEBetara joan eta diasporako hainbat kide elkarrizketatu nituen, euskal baloreei buruzko hausnarketa helburu. Ez duzu ikusi?... Kantuetan dantzan ikuskizuna ere muntatu nuen. Kantu ezagunak hartu, eta koreografiatu nituen. Euskalduna jauregian aurkeztu genuen ikuskizuna: Ruper [Ordorika], Andrea Bidart, Antton Valverde, Oreka TX, Mikel Markez, Korrontzi, Itziarren semeak… Haiek zuzenean kantatzen, eta gu dantzatzen. Oso interesgarria”.

Dantza berria

“Victor Olaeta izan zen euskal dantza taula gainean ipini zuen lehena, moldatuta, gauza berriak egiten. Nik ere hortik jo dut. Ondo ikusten dut. Baina horrek bestelako ondoriorik ere ekarri du: herriko plazan egiten zen dantza desagertu egin da, dantza ia-ia ikuskizun bihurtu da, dantza soziala galdu egin da. Sokadantzan dantza soziala egiten zen, neska eta mutil eskutik helduta irteten ziren plazara. Aurresku eta atzesku, denek egiten zuten dantza”.

Dantza soziala

“Jota, lehen, edozein herritan dantzatzen zen. Guztiz dantza soziala zen. Harremanak sortzeko balio izan du denbora askoan, neska eta mutilak elkartzeko eta abar. Gero, txapelketak etorri ziren, dantzariak birtuosismo handiz dantzatzen hasi ziren, eta jendeak, haiek ikusi eta pentsatu zuen ez zela haien modura dantzatzeko gauza. Ondorioa? Gero eta jende gutxiago ikusten dela plazan edo erromeria batean jota dantzatzen”.

AZKEN HITZA

Jose Ramon Etxebarria

“Otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerak Joserraren [Etxebarria] bulegoan harrapatu ninduen Leioan, zientzia fakultatean. Karrera amaitu eta proiektua egiten ari nintzen, euskaraz. Ez nekien terminoak euskaraz nola esan, eta nire lana orrazten ari ginen. Eta, orain, 40 urte pasatu eta gero, berriro ere batera egin dugu lan, Joserrak lagundu dit oraingo liburuaren orrazketa egiten”.

Dokumentuaren akzioak