Xabi Elgart (Donapaleu, 1984) xorrotxa eta kautera izan da Muskildiko gazteek negu honetan eman dituzten maskaradetan. Nostalgiarik gabe mintzatu da astelehenean, Muskildiko plazan.
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/04/27
Lotura
Iparraldeko Hitza
Nola joan zen azkena?
Zinez ontsa. Plazan jendea bazen kerestuen jokoarendako eta orduan sorpesak hasi ziren. Aitzineko [Muskildiko] maskaradako kerestuak behartuak izan dira jitera; jin dira, eta jokatu dute. Arrestirian beste sorpresak izan dira, bai xorrotxek eta bai buhameek eginak, eta kauterentzat haurrak sartu zaizkigu, eta guri perediru [diskurtso] bat egin. Giro ona zen, eta besta eder bat egin dugu. Bilan izugarri ona.
Beti erraten da maskaradak gazteen zerbait direla. Zuen kasuan agerikoa da belaunaldi desberdinen parte hartzea.
Lehenik, maskaradaren plantatzeko lagunduak izan gara izugarritan. Hur Xenda ikuskizuna eman berri baikenuen, lotura bat bazen jadanik azkar-azkarra. Gure burasoek edo 1998an maskarada egin zutenek jarraiki gaituzte. Behar da jendea maskarada bat plantatzeko, eta gu egiazki lagundurik izan gara; beti hor genituen. Goxo da herri auzoetara joatean adinetako zonbaitzuen ukaitea jadanik ezagutzen baitute, eta bermatzen zara haien gainean, segurtasuna ematen dizute; joaten ez delarik badakite ere gauzen erraten, eta hori zinez goxo da.
Negu osoan ibili zarete ezker-eskuin. Nola bizi izan duzu?
Ez ditut jendeak izendatuko, baina bazen talde eder bat laguntzeko. Gu ahal izan gara jostatu, jokoak plantatuz gure gustura. Lana da, baina, sostengua badelarik, ez da batere gauza bera. Sasoi ederra iragan dugu. Kontent ginen larunbat edo igande oroz maskarada joatea, lehenik elkar ikusteko eta gero jokatzeko. Kauterak juntatzen ginen astean hirutan edo lautan, eta beti kontent, beti zerbait berri ekartzeko… lazgarritan gustatu gara.
Anitzentzat maskarada Zuberoako tradizioa da, pastorala bezala. Nola esplikatuko zenuke zerbait berria ere badela?
Maskarada Zuberoako kulturan, ene ustez, jai izugarri inportantea da. Pastoralaz desberdin da; taldea txikiagoa da, eta hor egiazki joaten zara besteengana. Xorrotxen bersetak eta kauteren predikuak aldi oroz kanbiatzen dira. Ez da baitezpada beti berrikuntzarik edo originaltasun zerbait. Bai, tradizio bat da, baina, ene ustez, nola gazteek ematen duten, beren ikuspegia ekartzen ahal dute. Gu segur gara gauzak aitzinatzen direla, zaharrek erraten baitute duela hogei urte maskarada ez zela batere hala emanik. Arte batez bortizkeria izan da, kolpe eta ate handiak… Gure ustez, horrek ez du deus ekartzen, eta nahi izan dugu haboro jokoan aritu, antzezlanak zinez landu —xumeki, ez baikara ofiziokoak—. Gauzen erratea ontsa da, baina ez da jendea kolpatu behar. Gauzak errateko badira bizpahiru manera, eta guretako ontsa iragan da, maskaraden ondotik jendea heldu baitzen erratera ez genuela bat bestea baino haboro zikindu… Ene ustez, bide horretatik jarraiki behar da. Ez naiz aski aditu, baina, ene ustez, kanbiatzen ari da, eta behar luke alde onera.
Azken urteetan arazoa bilakatu da aski euskaldun dituzten taldeak biltzea. Muskildin?
Besteetan bezala. Hatsarretik erran dugu izugarri inportantea zela euskaraz aritzea. Ni maskarada honetako zaharrenetariko bat nintzen, eta ez nuen batere pentsatzen hainbeste gaztek euskara bazekitela. Arituz da hizkuntza hobetzen, eta hatsarretik urrentzera hobetze bat sentitu dut; txikia, prefosta, lau hilabete arte laburra baita. Ene ustez, haien gogoan zerbait piztu da, eta plazer egiten du, zeren lehen frantsesez entzuten ziren, eta orain euskara baliatzen haboro, kantatzen ere haboro. Maskarada urrats bat baizik ez da; beharbada, behar da horretan bermatu beste zerbait egiteko. Ene ustez, geroa ez da hain ilun.
Xorrotxek bertsoak kantatzen dituzte goizeko barrikadetan. Harremanak sortzen dira?
Herri zonbaitzuetan ez nuen jende anitz ezagutzen. Norbait aipatzen duzularik, nonbait ohoratzeko ari izan gara beti; ondotik agurtzera jiten dira, eskertzera, eta jende horiekin mintzatzen zara. Egiazki eguna ongi joaten da ondotik. Haiek zaituzte errezibitzen, eta uste dut inportantea zela zerbait ematea. Berset bat lau lerro dira, baina berset bat edo bik markatu dituzte zonbaitzuk. Lana izan da, baina egiazki harreman bat sortu du.
Garai batean, gazteak maskaradei esker joaten ziren beste herrietara.
Iragan urtean maskaradak egin zituztenak anitz ikusi ditugu; heldu den urtean Urdiñarben plantatuko dira, eta badakigu jarraikiko dugula heldu den urtekoa. Lotura soziala azkartzen du. Bada jokoa, baina inguruko gauza guztiak ere. Batzuk heldu dira maskarada ondotik besteen ikusteko ez baitira maskarada zale, baina lotura azkartzen du, eta uste dut hori ez dela galduko.
Orain pastorala gogoan duzue?
Pentsatzen hasiak gara, bai, zale jinen baita 2021a. Beharbada artean ere zerbait pentsatuko dugu. Dinamika hori beharrezkoa zen arra abiaraztea; orain behar litzateke jarraiki. Gazteak izugarri motibatuak dira, eta haurrak ere!