Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Denek badugu gure baitako dantzaria!”

Dokumentuaren akzioak

“Denek badugu gure baitako dantzaria!”

Nota akordatu nola dantza eta musika garaikidetik tradizionalerat saltatzeko gai da Indart. Xarnegu Eguna kari, apirilaren 28an, Elirale konpainiaren ‘Ninika’ ikusgarrian parte hartuko du, Bidaxunen.

Oihan Indarten (Baigorri, 1995) dantzari-lagun lehena irria da; errotik leiala zaio. Elirale konpainian sartu berria da, urte bateko formakuntzatik landa, zalu, ikuskizunetako intermitente bilakatuko da: Bilaka kolektiboko lehen dantzari profesionala.
Egilea
Ainize Madariaga
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/04/12
Lotura
Iparraldeko Hitza

Zein urratsek ekarri zaituzte hein honetara?

Xantza ukan dut ene familia biziki inplikatua izan baita betidanik kultura arloan, izan Baigorrin ala Iruñean. Baionako euskal letren fakultatean sartu nintzelarik, dantza talde ezberdinetan muturra sartzeko parada ukan dut. Hala, poliki-poliki, Baigorriko Arrola taldean landu banuen ere, dantza manera sakonago batez deskubritu dut, Etorkizuna kontzeptuan hasiz -gaur egun, Bilaka kolektiboa-. Haiekin hasi nintzen Xiberotar dantzaren teknika lantzen, eta, bide batez, ikusgarrietan ordezkapen zenbaiten egiten. Konparazione, Getariako Zarena Zarelako eta Getaria talde eta biziki preziatzen dudan Maritzuli Biarritzeko konpainiako Nondik Nora konferentzian. Iaz Elirale konpainiak hartu ninduen arte, geroztik, bertan ari naiz buru-belarri.

Dantzak zer dakarzu?

Unean unekoa bizitzea, kezka guziak alde baterat uztea eta jende anitz gurutzatzeko parada, biziaren gauza ederrenetarikoa! Parada ere da zure burua eraikitzeko zuk nahi bezala eta berari konfiantza ematea, zeren eta ez baitut uste beste gisaz manera justuan ari zaitezkeenik publiko baten aitzinean.

Gero, ez da baitezpada lan sakona egin behar dantzaria izateko, ttipitan dugun lehen erreflexua mugimendua da, beraz denek badugu gure baitako dantzaria! Eszena gainean garen aldi oroz handitzen gara. Gure baitan dugun dantzaria dantzarazteaz gain, anitz elikatu behar da dantzatzen ikusiz.

Dantzaren lehen auzoa musika.

Trikitia aspalditik jotzen dut, eta solfeoa utzi ondotik, bere balioaz ohartu nintzen, horregatik, arra hartu nuen kontserbatorioan sartuz, Intza Daguerrek lagundurik. Musika tradizionalaren sailean sartu nintzen, Beñat Axiari irakasle, pianoa ere landuz, titulua erdietsi ere dut. Solfeoko ziklo espezializatua, zeinak musika irakasle izateko balio baitu, ontsalaz, heldu den urtean bukatu beharko nuke.

Tradizionala nola garaikidea zure partituren parte.

Tokiko musika eta dantzatik abiatu naiz, funtsean, errepertorio tradizionalarekin zure burua ikaragarri formatzen duzu, eta jakin gabetarik, hainbat nozio barneratuz.

Partiturik gabe lanean ari zarelarik ere, anitz erreflexu garatzen dituzu, konparazione, familia bazkarietan boz ezberdinetan kantuz entzuteko usaia duzularik, errazkiago harmonizatzen duzu kantu bat; jakiteko trikitiarekin zein akorde ezarri. Egiteko manera naturalagoa biltzen duzu, gero, biziki osagarria da kontzeptu tekniko eta teorikoagoak gehitzea, biziki urrun joan daiteke, baina kasu, hainbeste teorian egonez galdu baitaiteke, aski fite, alde instintibo hori. Egia da kontserbatorioak sortzen dituen kontserbetan kokatutako paperari lotutako musikariak badirela, deskolatu-eta galtzen direnak. Ene ustez biak elkartzea hoberena da; biziki osagarriak baitira.

Zure koreografiaren parte ere direa?

Tradizionaletik hasi, eta gero, Baionan, teknika lantzeko parada ukan nuen, imitazioz. Paskale Lazkanori esker dantza garaikidea lehentze dastatu nuen Zelda ikusgarrian. Bertan, Fabian Thomé dantzariak anitz ekarri zigun: musikan teoria litzatekeena, dantzan, gorputzaren ezagupen osoa da. Eliralen anitz deskubritzen ari naiz, gorputzaren kontzientzia sakon eta orokor baten ukaitea. Usaian zer dugu egiten xiberotar dantzak dantzatzean? Edo Mutxikoak? Zangoekin dantzatu. Baina anartean bizkarrak edo buruak zer egiten dute?

Zure saltsan izateko, zer duzu behar?

Lasai izateko, musikan, zure instrumentuaren gutieneko ezagutza duzun bezala, dantzan, zure gorputzarena. Euskal dantzan ongi senti zaitezke zure burua aitzinatzen ikusten duzularik. Ez dut erran nahi arribatu naizenik ene tekniken mugetara, baina egia da talde kontzeptu horretan ongi sentitzen naizela. Dena den, dantza garaikidea deskubritzen ari naiz; kontzeptu abstraktu batzuk adierazten ahal dituzu bakarrik edo binaka.

Badirudi dantza garaikidea gabe ezin dela berritzailea izan.

Bizi-bizi den debatea da. Haatik, arriskua da biziki apreziatzen dudan gure jatorrizko dinamika galtzea, are gehiago, berarekin josta daiteke eta berritasunak ekarri. Batzuentzat euskal dantza zaharkitua den bezala, batzuk darakuskite ez dela eskema finkoetan gelditzen. Demagun, biziki preziatu nuen Aiko dantza taldearekin egin nuen ikastaroa kari erakutsi ziguten fandangoa binakako inprobisazio joko bizi bat zela, bere eskeman batere finkatua eta hila ez dena, uste denaren kontrara. Justuki, gogoeta hori, Eliralek mutxikoen gainean ere eraman du.

Azkenean, erran nezake, euskal dantzaz aspertuak garela ez baitugu osoki deskubritua. Biziki freskagarria da euskal dantza birdeskubritzea, haatik, gutieneko ezagutza galdegiten du, bere jatorriarekin jostatu ahal izateko.

Eta euskal dantzak nahastea?

Preseski, Arrolan gogoetatzen ari gara ikusteko zein den dantza taldeen funtzioa. Ez dut uste Euskal Herriko dantza guzien menperatzea denik, oso zaila den gauza baita. Erranen nuke, haien funtzioa litzatekeela tokian tokiko dantzen ezagupen eta menperatze sakon bat. Egiten ahal dira probintzia desberdinetako dantzen nahasketen sorkuntzak, baina ez nuke jarriko helburu final bezala, zeren azkenean, sorkuntzaren arazoa da desagertzen dela, ez baitu irauten.

Maritzuli konpainiak urte guziz San Martin egunean emanen duen ezpata dantza sortu du, hala, bost urteren buruan, menturaz, jendeak usteko du tradizionala dela! Hortako, uste dut, sorkuntzak ez duela bortxaz nahasketa galdegiten, euskal dantzaren baitan ere.

Zer behar du dantzak tradizionala edo garaikidea izateko?

Euskal dantzak badu beti funtzio bat, izan soziala, eskertzekoa, demagun agurrak edo irri eta jostatzeko dantzak bezala. Urrats edo funtzio baten ingurukoa euskal dantza dela erran genezake.

Dantza garaikideak, aldiz, irekitzen ditu beste dimentsio batzuk, tradizionalari konparatuz, abstraktuagoak direnak.

Oihan_Indart

Dokumentuaren akzioak