Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantzaren historiaren segida zuzena da Zuberoako dantza”

Dokumentuaren akzioak

“Dantzaren historiaren segida zuzena da Zuberoako dantza”

Jon Iruretagoiena (Baiona, 1985) sukaldaria da ikasketaz, eta ezaguna da dantzari gisa. Kuriositateak pusaturik, zuberotar dantzen jatorriaz ikerketa bat egiten ari da bere denbora librean.
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/03/08
Lotura
Iparraldeko Hitza

Hasteko, dantzaren inguruan eramaten duzun lana aurkezten ahal duzu?

Lan hori Zuberoako dantzaren inguruan da, dantzaz eta haren historiaz; haren historia Europan zehar, ez Zuberoan bakarrik. Hori garrantzitsua da; ez da dantzaren historia Zuberoan, baina Zuberoako dantzaren historia. Jakina den informazio batetik abiatuz, erran nahi baita Zuberoako dantzak edo pausoak armadatik etorri direla, ikertzen dut nondik etortzen den dantza hori, armadak ez duelako asmorik dantzak asmatu edo moldatzeko. Banekien bazela hori baino lehen gauza bat; hori zen hasierako ideia.

Zu lapurtarra izanik, zergatik zuberotar dantzei interesatu zara, eta ez lapurtarrei adibidez?

Dantzaria naizelako. Badu orain 21 urte ari naizela dantzan, eta gustuarekin. Ikasi nituen Zuberoako dantzak, aitarekin lehenik, gero Bruno Lavignerekin, eta asko maite nituen. Kuriositate pixka bat sortu zen ikustean dantza klasikoarekin izaten ahal zen harremana eta jakitean bazirela Frantziako toki batzuetan teknika edo dantza molde berdinak. Jakin nahi izan nuen zergatik izaten ahal ziren Provence eskualdean eta Zuberoan dantza berdinak. Hasi nintzen Internetekin, eta jakiteko gogoarekin segitu nuen.

Zehazten ahal zenuke zuzen zer ekarri dion armadak dantzari?

Armadak egin duena da bere soldaduei dantza irakastea XVIII. mende bukaeran hasirik. Jakinez garai haietan gizonak armadara joaten zirela bost edo zortzi urterentzat, denbora bazuten ikasteko eta hobetzeko. Dantza molde berezi bat irakasten zuten: teknikoa; salto anitz, indarrarekin eta bizkortasun anitzekin. Ikasketen bukaeran diploma bat ematen zitzaien. Gizon horiek haien herrietara itzuli ziren beste dantzatzeko molde batekin. Tokien arabera atzeman dute, edo ez, dantza horiek sartzeko parada haien ohituretan.

Erraten duzu armadan ikasia ekarri zutela. Alderantziz ere gertatu ote da? Erran nahi baita, hemengo dantzek eragina ukan ote zuten armadako dantzetan?

Armadan zuzenean ez dut uste, baina zaila da erratea, gauza gutxi idatzi delako horretaz. Gero badakigu euskaldun dantzariek batez ere dantza klasikoan ekarri dutela zerbait eta aberastu dutela saltatzeko moldeetan eta urrats zenbaitekin. Luis XIV.aren garaian, dantza akademia sortu zuenean 1661ean, ez dakigu zuzen, baina pentsatzen dugu euskaldunak joan zirela eta erakutsi zutela haien dantzatzeko moldea eta gelditu zirela gauza batzuk. Adibidez bi urrats izen badira dantza klasikoan gaur egun ere: saut de basque eta pas de basque.

Hitzaldietan erraten duzu dantzaren historiak arrastoak utzi dituela zuberotar dantzetan. Hori Zuberoari mugatzen duzu?

Ez! Toki guztietako dantzek ukan dute dantzaren historiaren eragina memento batean. Euskal Herriari mugatuz, edozein probintziatako dantzetan bada historiaren eragin zerbait. Baina hemen, Zuberoan, bidea nahiko zuzena da, eta garrantzitsua da teknika aldetik, hemen diren gauza anitz etortzen direlako orain dantza klasikoa deitzen dugunetik. Beraz, dantzaren historiaren segida zuzena da Zuberoako dantza. Horregatik erraten dut hemengo dantzariek badutela dantzaren historiaren oroitzapena eta haiek dutela atxikitzen eta atxiki behar.

Aipatzen duzu transmisioa ere. Armadatik jin ziren dantza maisuek pasarazi zuten haien jakintza. Hitzaldietan Martin Hegobürü barkoxtarra aipatzen duzu.

Aipatzen dugu Martin Hegobürü; hemen ere jendeak izen hori atxiki du gogoan, baina jakin behar da ez dela bakarra izan. Badira bost dantza-maisu izen Zuberoan ezagunak, baina pentsa daiteke gehiago ere izan zirela eta bakoitzak egin duela lanaren parte bat. Gizon batek ez du dena aldatu, ez dut uste.

Erraten duzu ere Provence eskualdean konkurtsoak eginez, arauak ezarriz, kentzen zela pixka bat interpretazio askatasuna. Zuberoan ere primakak egiten ziren, lehiaketak...

Egia da, Provence eskualdean farandole konkurtsoak egiten dira, eta badira azterketak dantza maisu izateko. Haiek atxiki dute armadatik ekarri tradizio hori, eta gaur egun segitzen du. Gauza horiek egiteko behar dira arauak finkatu, eta arauek hesten dute dantzariaren interpretazio librea. Gero, primaka horietan, Jean-Mixel Bedaxagarrek erraten zuen bezala, lehen gauza zen postura, gero jantzia eta gero dantzatzeko moldea. Hor ere, bazekiten herri bakoitzean desberdinki dantzatzen zela, eta hori onartua zen, jakina zen eta garrantzitsua zen bakoitzaren desberdintasun hori. Aldiz, gehienetan, lehiaketetan, desberdintasun hori ez da onartzen, eta molde batean sartu behar da.

Mundializazio garai hauetan, hip-hopa ere hona iritsi delarik, zure ustez zergatik dantza ez da gehiago aldatzen, lehen armadarekin gertatu zen bezala?

Uste dut aldaketa bat egiteko tokiko jendeak sentitu behar duela beharrezko duela. Sentitu behar du ere aldaketa hori ekarrita gauza hori beti berea dela. Maskaradan hasten badira bihar aitzindariak hip-hopa egiten, batetik, uste dut ez duzuela horren beharrik, eta, bigarrenik, erranen duzue: "Hau ez da gurea". Aldaketak egiteko, bi gauza horiek errespetatu behar dira; uste dut historian horrela egin direla, edo, bestela, aldaketak hiltzen du dena.

Ikerketa Italian segitu beharko zenuke historian gehiago sakontzeko, baina zure denbora librean ari zarenez, zaila izanen da ezta?

Badakigu non den horren segida, aitzinetik pasa dena. Italiara joan behar genuke historian aitzinago joateko. Italiar zaharrez dira testuak; bada ikerketa pila bat egiteko. Badut denbora oraino.

Dokumentuaren akzioak