Dokumentuaren akzioak
“Dantzak, arlo fisikoa lantzeaz gain, alderdi emozionala ukitzen du”
19 urterekin konturatu zen zer egin nahi zuen. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ikusitako dantza garaikideko emanaldi batek argitu zion bidea. Baina Asier Zabaletak (Ezkio, 1972) betidanik egin du dantza. Baserriko sukaldean aritzen zen dantzan amarekin eta arrebarekin, Segura Irratian erromeriak entzuten zituzten bitartean. Dantza maite du, eta dantzaren bidez istorioak kontatu nahi dituela dio, eta, bide batez, gizartea zirikatu.
Nola gerturatu zinen dantzara?
Betidanik ikusten dut neure burua dantzan. Ezkion jaiotakoa naiz, eta baserriko sukaldean arratsaldero dantzan aritzen nintzen amarekin eta arrebarekin, Segura Irratian erromeria entzuten genuen bitartean. Gerora, Urretxuko ikastolan hasi nintzen, eta han ere segituan euskal dantzak egiten hasi nintzen. 9 urterekin, Donostiara joan, eta han ere segituan sartu nintzen dantza talde batean, lehenengo Erdizkan eta gero Kresalan. 19 urte inguru nituela, Viktoria Eugenia antzokian dantza garaikidea ikustera joan nintzen. Inoiz ikusi gabe neukan; euskal koreografo batzuek euskal dantzariekin eta Mikel Laboaren musikarekin egindako lana zen. Nik hori egin nahi nuela pentsatu nuen; orduan eman nuen izena Iñaki Landaren akademian, Donostian bertan.
Euskal dantzetatik garaikiderako saltoa eman zenuen orduan?
Dantza garaikidea eta klasikoa egiten nituen Iñaki Landarekin. Beti gogoratuko dut Landarekin izandako lehen elkarrizketa, oso kuriosoa izan zelako. 19 urte nituen, dantzarako nahiko berandu, astean bi ordu egiteko asmoarekin nindoan, eta Iñakik hitz egin zidan jakingo balu bezala horretara dedikatuko nintzela. Dantzaren mundua oso gogorra dela esan zidan, sekulako diziplina eskatzen duela… Esango nuke dantzarako horrenbesteko gogoa izan ez banu, ikaratu egingo ninduela. Hasi nintzen, eta hilabete batean bi ordu egiten hasi, eta eskolako ordu guztiak egiten amaitu nuen. Akademian arratsalde guztiak ematen nituen. Ondoren, Zuricheko eskola profesional batera joateko aukera izan nuen foru aldundiko bidaia poltsa bati esker. Hura beste mundu bat zen.
Suitzan dantzarako aukera gehiago zeudelako?
Bai, erabat dantzan ari zirelako. Han ikusi nuen argiago zer zen nahi nuena. Egia da batez ere klasikoa egiten genuela eta nik garaikidea nahiago nuela, baina dantzan aritzen nintzen erabat. Urtea bukatu nuen, eta eskolak bertan geratzeko laguntza eman nahi zidan, baina nik ez nuen han geratu nahi.
Eta Euskal Herrira itzuli zinen.
Bai, eta ikasketak berrartu nituen. Arte Ederrak ikasten ari nintzen, eta bigarren ikasturtea hasi nuen Leioan, baina dantza utzi gabe, Bilbon eskola batean eman nuen izena. Nahi gabe, prozesua berbera izan zen: dantza eskolan geroz eta ordu gehiago ematen nituen, eta unibertsitatean, gero eta gutxiago. Bilbon, Muelle 3 eskolan hasi nintzen, eta, han nengoen bitartean, izena eman nuen Kataluniako Institut del Teatren, karrera egiteko. Momentu erabakigarria izan zen, lanean hasi edo ikasten jarraitu nahi nuen erabaki behar izan nuelako. Amets Beroak lanerako audizioa egin nuen, hartu ninduten, eta zer egin erabaki behar izan nuen. Neukan adinarekin, pentsatu nuen lanean hasi nahi nuela.
Eta ordutik ez zara gelditu; Arteszena, Maskarada, Hojarasca, Adeshoras, Compañia de Vicente Saez, 1999 eta 2004 bitartean Genevako Alias konpainiarekin lanean…
Ordutik, lan bat bestearekin kateatu dut, eta ez naiz gelditu. Aukera ona egin nuen. Koreografo askorekin lan egiteko aukera izan dut, eta hori da eskolarik onena.
Zein da gaur egungo egoera? Ba al dago Euskal Herrian dantzaren munduan murgiltzeko aukerarik?
Asko aldatu da, baina poliki. Oraindik ez gara iritsi hasi nintzenean eta Zurichen nengoenean ikusi nituen gauzetara; horregatik diot aldatu dela, baina poliki aldatu dela.
Eta zeren falta sumatzen duzu?
Eskoletan kulturaren presentzia sakonagoa. Nire bigarren lana Valentziako Compañia de Vicente Saezen izan zen, eta konpainiarekin Belgika eta Herbehereetan hilabete bat egin nuen egunero emanaldiak eskaintzen. Egoitza bat geneukan, eta handik egunero mugitzen ginen eskoletara. Hemen ez dago horrelakorik, badago zerbait, baina oso noizbehinkakoa da oraindik. Ez dago sistematikoa den zerbait. Sorkuntzak eta kulturak aberasten gaitu pertsona gisa, eta badirudi oraindik hori ez dugula ulertzen. Ni dantzan hasi nintzenean Europako zenbait herrialdetan bazeuden proiektuak, baina hemen ez. Presentzia handiagoa falta da hezkuntzan eta hedabideetan; telebistan, adibidez. Dantzari kirolari ematen zaion garrantzi bera emango balitzaio, pertsona hobeak izango ginateke. Dantzak ez du lehiakortasun hori, eta, arlo fisikoa lantzeaz gain, alderdi emozionala ukitzen du.
Dantzaren bidez istorioak kontatu nahi dituzula esan izan duzu, eta horretarako antzerkia baliatzen duzula. Dantza eta beste lengoaia batzuk uztartzearen aldekoa al zara?
Zalantzarik gabe, niri bide hori interesatzen zait. Horregatik, askotan egin izan dut lana beste sortzaile batzuekin; askotan aritu naiz Harkaitz Cano idazlearekin, ikus-entzunezko sortzaileekin, artista plastikoekin… Emanaldi bat dantza den, antzerkia ote den…; neronek ere definitzen ez dakidan hori gustatzen zait. Dantzaren munduan askotariko konpainia eta sorkuntza lanak daude, eta, mugimenduan oinarritzen diren konpainiak egon badaude ere, ez dut hori nahi. Badira mugimenduak sortzen dituzten konpainiak, teknika handia behar duten saioak egiten dituzte, baina niri ez zait interesatzen. Nik istorioak kontatu nahi ditut.
‘NAN’ ikuskizuna. Asier Zabaletak, bere herriarekin aurrez aurre jarri, eta hainbat aitorpen egiteko beharretik sortu zuen NAN, 2013an. Zabaleta bera izan zen zuzendaria, bai eta dantzari edo aktorea ere. Gorka Bravo
Istorioak kontatu eta gizartea zirikatu…
Nire lanek gauzei bueltak ematea nahi dut, zerbaiti buruz hitz egitea, gizakiaren kontraesanak bistara ateratzea… Hori da gehien gustatzen zaidana. Ez dut istorio narratibo bat osatu nahi, baina, bai, ikusleak bere burua identifikatua ikustea lortu nahi dut. Aukeratzen ditudan gaiak ez dira errazak izaten, gainera; zirikatzen duten gaiak izaten dira. Dena den, oso presente dut ikusleari emanaldia erakargarri egin behar zaiola, eta horretarako ikuskizunak hainbat ezaugarri bete behar dituela. Lanak erritmoa izan behar du, eragingarri desberdinak izan behar ditu, dantza ikustera ohituta ez dagoen ikusle hori lotu behar du…
Koreografoa ala dantzaria zara? Ala biak?
Koreografoa naizela esango nuke; urte asko egon naiz koreografian soilik. Hala ere, oraindik badut bakarlan bat dantzari moduan, Zehar izenekoa. Urtea bukatzeko bi emanaldi falta zaizkit, eta nik uste dut azken lana izango dela.
Zergatik?
Prestakuntza handia eskatzen du, eta hainbeste proiektu ditut irekita zuzendari gisa, ekoizpenean, proiektuak idazten, aurkezten… Lan asko da, eta zuzentzeak gehiago betetzen nau, gainera. Dantzatzeak eskatzen du egunero hor egotea, diziplina bat, gorputza tonuan edukitzea… Emanaldi gutxi ditut bakarlari moduan, eta emanaldi bakoitzerako egin behar dudan esfortzua handiegia da.
Ertza konpainia sortu zenuen 2004. urtean. Zure ibilbideko apusturik garrantzitsuena izan al da?
Baietz esan daiteke. Genevan nengoen, Suitzan, Alias konpainiarekin lanean, eta konpainia horretan argi ikusi nuen zein bide interesatzen zitzaidan. Bakarlan bat egin nuen, EGO-tik izenekoa, han estreinatu nuen, baina konturatu nintzen ez nuela Suitzan jarraitu nahi. Lan baldintza onak nituen, baina Suitza ez da bizitzeko nahi dudan lekua. Ez dago jendearekin elkartzeko modurik, ez zait gustatzen, eta ez nuen lanean bakarrik zentratu nahi. Landu nahi nituen gaiak garatzeko ordua zela ikusi nuen, eta Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen. Hemen sortu zen Ertza konpainia, eta EGO-tik lanarekin aritu nintzen. Lehen urtea oso gogorra izan zen, urte osoan oso emanaldi gutxi egin nituen, baina poliki-poliki egin nuen aurrera.
Hainbatetan saritu dute Ertza konpainia eta Meeting Point lanak 2018an Max saria jaso zuen kaleko ikuskizunik onenarengatik… Garrantzitsuak al dira sariak?
Beti laguntzen dute, egindako lana aintzatesteko modua da, eta ez da gutxi. Ateak ere irekitzen dituzte, eta ezagutzera eramaten zaituzte. Adibidez, Meeting Point ikuskizunak oso ondo funtzionatzen zuen, eta, Max saria eman zigutenetik, ez da gelditu.
Baduzu sari kutunik?
Denak dira kutunak, baina ilusio izugarria egin zidan Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak ibilbide artistikoarengatik eman zidan sariak. Lankideek ematen duten saria da.
Abenduaren 9an Moor Krad lana estreinatuko duzue Bilboko Arriaga antzokian. Zer aurreratu dezakezu?
Onartuak izateko pertsona bakoitzak erreprimitzen dituen alde ilun horiez ariko gara. Lan iluna da, baina mezu positiboa dauka. Musikari dagokionez, Dowland eta Purcell musikagile barrokoen abestiak bildu ditugu, eta Iñar Sastre eta Marc Kanou musikariek elektronikaren bidez eguneratu dituzte. Iosu Ieregi abeslari lirikoak abestuko ditu kantu horiek, zuzenean.
Dokumentuaren akzioak