Ohorezko gonbidatuak izan genituen gainera gure artean. Telmo Esnal bera, Gari Otamendi filmean parte hartu zuen dantzari añorgarra eta Juan Antonio Urbeltz, ikus-entzunezko honen koreografoa.
Filmaren amaieran, haiekin solasean aritzeko aukera izan eta “Dantza”ri buruzko hainbat xehetasun ezagutzeko aukera izan genuen. Asko mimatu eta kostatako proiektu gisa aurkeztu zigun Esnalek. 7 urte badira eta proiektua mamitzen hasi zirenetik, zuzendari zarauztarra, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltz. “Filmarekin hasi ginela, gizon honek (Urbeltzek) niretzat erabat berria zen mundua zabaldu zidan. Dantzen atzean dagoen sinbologia”, zioen Sutegin Esnalek.
Sutegin aurreratu zuenez, sinbologia honen guztiaren gaineko xehetasunekin, etorkizunean Euskal Telebistan ikusi ahalko diren 25 minutuko 7 dokumental grabatu dituzte.
Sinbologia aberatsa
Urbeltzen sinbologiari buruzko azalpenek eta bere lanetan oinarrituta burura etortzen zitzaizkion irudiak izan dira “Dantza” proiektuaren abiapuntua zuzendari zarauztarrarentzat. “Sinbologia hori guztia harrapatu eta istorioari forma eman diot”, Esnalen esanetan. “Dantza” Esnalentzat, Urbeltz goraipatzearen sinonimoa da. “50 urte edo badira jada hasi zela euskal dantzak berreskuratzen eta berritzen” bikote lagun Marian Arregirekin batera.
Urbeltzek zioenez, hain zuzen, film bezala, “Dantzak Europan ez du eredu berdintsurik, ezta urrutitik ere”. Filmak erakusten duen sinbologian jarri zuen azpimarra. “Ixa izpiekin filmaturiko dantza herrikoiak” ikusi ahal izan genituela zioen.
Bizitzaren zikloa irudikatzen du Txintxua Films-en ekoizpenak. Esaterako zinta dantzek bizitzaren hariarekin duten lotura, edo ezpata dantzek intsektuekin dutena. “Telmok sinbologia hau bete betean harrapatu zuen filmean”, zioen Urbeltzek. Esnalek eginiko lan itzela azpimarratu zuen, “ehunka dantzari zuzentzea lan itzela da”.
“Euskaraz dantzatutako filma”
Sinbologia zabala jasotzen duten tokiko dantzen film honek, “euskalduna herri bezala nolakoa zen azaltzen du” Telmoren esanetan. Herria da filmeko protagonista. Eta elkarrizketarik ez dagoen arren, euskaraz ari eta ageri da filmean, dantzak berritu eta zabaltzen hiru hamarkadatik gora daraman dantzari belaunaldi oso bat. “Euskaraz dantzatutako film bat da, euskaldunek egindakoa”, nabarmentzen zuen Gari Otamendik. Horixe bere esanetan, filmean erakutsi ahal izan duten alderdi nabarmenena, “dantza tradizionala, gure dantzak bizirik dagoen hizkuntza bat dela”. Aurrera begirako erronka hortxe kokatzen zuen Garik; ia nola eraberritu euskal tradizioa. Dantza giltzarria da horretan, filmarekin “erakutsi ahal izan dugu, euskaraz dantzatuta euskal tradizioa etengabe berritzen dugula eta horregatik dagoela bizirik”. Zortedunak garela zioen, “teknika eta exekuzioa jakintzarekin lotzen dituzten dantzariak izateko zortea dugu”.
Euskal Herri luze zabaleko filmeko dantzarien dantzarien ahalegina ere nabarmendu zuten, “bere oporrak, asteburuak eman dituzte filmerako, bere bizitza pixka bat aparte utzita”.