Dokumentuaren akzioak
“Dantza solo bat prestatuko dudan lehen aldia izango da”
Bruno Schulz artista hartu duzu zure proiektuaren abiapuntu. Nondik nora doa proiektua?
Polonian oso maitatua omen da artista hau. Lagun bati, Goiatzi [Labandibar], komentatu nion ea ezagutzen zuen Poloniako idazleren bat, hura han egon zelako sari berarengatik, eta Schulz aipatu zidan. Bere lanak irakurtzen hasi nintzen eta metamorfosiak azaltzen ziren, dena oso metaforikoa zen, fantasia asko, sinboloak… Dantzarako nahiko polita ematen zuen gaiak, interesgarria, eta bide horretatik jarraitu nuen. Bere ipuin bilduma bat irakurri dut, Kanela koloreko dendak, eta bertan azaltzen diren figurak oinarri hartuta zer edo zer egingo dut. Dena oso mundu gris eta ilun bat bezala deskribatzen du, baina aldi berean despliege koloretsu bat ateratzen du animalien, hegaztien eta bestelakoen bidez.
Dantza solo baten bitartez lotuko dituzu Wroclaw eta Donostia.
10 minutuko dantza solo bat egitea dut buruan, mugimenduan oinarritua. Dantza garaikideko solo txiki bat egin nahi dut eta euskal dantzatik pixka bat edukitzea ere nahi dut. Aldi berean ere Poloniako dantza talde batekin edo dantzari folkloriko batzuekin hartu-eman bat eduki eta beraiek erakutsitakoarekin zerbait sartu.
Nola prestatzen da dantza solo bat?
Dantza solo bat prestatuko dudan lehen aldia da. Orain arte lantaldean lan egin dut, batez ere interprete bezala eta ez sortzaile bezala. Anakrusarekin sortzaile bezala ibili nintzen, baina sorkuntza kolektiboa da, ez zaude zu bakarrik eta denen iritziak dituzu. Soloa prestatzeko, Dantzagunera noizbehinka joaten naiz, eta ditudan ideiekin inprobisazioak egiten hasi naiz, agobiatu ere bai tarteka; izan ere, ez dakit ongi ari naizen, gaizki… kanpoko begiradarik ez dago eta horrek dezente konplikatzen du. Adibidez, aste honetan lagun batzuk etorriko dira lana ikustera; Poloniako koreografo batekin harremanetan jarri naute, eta asmoa da berarekin ere egotea. Behintzat norbait edukitzea zerbait esateko garrantzitsua ikusten dut.
Besteren batekin jarri zara harremanetan?
Erresidentzia-eta koordinatzen duen neskak harremanetan jartzen lagundu dit Poloniako dantza talde folkloriko batekin. Pentsatzen dut iritsi eta hurrengo egunetan ikastaroren bat eman beharko dudala euskal dantzena, gero beraiek eurena erakusteko.
Poloniaz zein irudi duzu?
Behin egon naiz Polonian eta justu Wroclaw hirian. Dantzari bezala egon ginen orain bizpahiru urteko Gabonetan, Donostia 2016eko kontu batekin. Hostoak-eko partaide batzuk, Oreka TX eta Kukaiko batzuk urtezaharretan emanaldia ematera joan ginen hango plaza nagusira. Neguan ezagutu nuen eta orain udaran ezagutuko dut hiria.
Musika aldetik zerbait pentsatua duzu?
Bai. Lagun batekin lanean hasi naiz, Laurentx Etxemendirekin. Musika klasikoarekin eta pianoarekin zerbait egin nahi nuen eta Bruno Schulzen garaiko, hau da, XX. mende hasierako pianista eta konpositore bat entzuten hasi nintzen Internet bidez, eta bere bi piezatxo hartu ditut; Stanislaw Moniuszko da bere izena. Laurentxekin hitz egin nuen Bruno Schulzen Kanela koloreko dendak liburuan ateratzen den unibertsoari buruz. Laurentxek zaratekin, kaleko soinuekin eta horrelakoekin asko lan egiten du, eta txori soinuekin lanean hasi gara, idazmakinaren soinuekin… Schulzek egiten duena da bere haurtzarora bueltatu bezala, gero pertsona bezala ez hazi ahal izateko, eta hori poetikoki esaten du, beraz, haurtzaroko zaratak, jolasak… sartuko ditugu. Puntu ilunak ere baditu, intsektuak, euliak… Eta horrekin soinu banda moduko bat prestatzen gabiltza. Astearte gauean muestra bat pasatu zidan eta lasaitu nintzen, asko gustatu zitzaidan erdia baino gehiago.
Musika hori behar-beharrezkoa duzu lanean hasteko?
Musikarik gabe has zaitezke lanean, mugimendu bat sor dezakezu, eta gero musikarekin txertatu, edo ez du txertatuta joan beharrik. Lanerako askotan egiten dut inspiratzen nauten musika hartu eta horrekin ariketak egin. Pasa izan zait buruan ideia bat izan, horrekin tematu, eta konturatu ez duela funtzionatzen. Horretatik ateratzeko zerbait behar duzu dena aldatzeko. Musikak berak horretarako aukera ematen dizu.
Arropa ere propio sortuko dizute.
Bai, Xabier Mujikarekin arropa lantzen ari naiz. Nik hasieran buruan ideia bat nuen, beroki handi-handi batekin atera nahi nuen eta barrutik lore pila bat, baina hasierako ideia hori aldatu egin da. Ume bat izango banintz bezala jantziko naiz ziurrenik, galtza motzekin eta alkandora txuri batekin, eta gabardina bat ere prestatzen dabil, itzulgarria izango da. Poloniara eraman nahiko nituzke jantziak, entseguak egin ahal izateko.
Esperientzia honek zer aportatuko dio zure dantzari ibilbideari?
Ikasi egingo dut. Badakit momentu zailak pasatuko ditudala, nire erosotasun area honetatik kanpo egongo naiz eta egoera askori aurre egin beharko diot, hizkuntzari, jende berri bati, testuinguru bati… Sorkuntza aldetik ere lehen aldia izango da ni bakarrik egongo naizela. Egia esan ez dakit zer aterako den, ongi aterako den, gaizki aterako den… baina ikasi, ziur ikasiko dudala.
Hala ere, zu atzerrira ere joandakoa zara formazioa jasotzera.
Bai, AEBetan udara oso bat egon nintzen beste beka batekin. Dena den, hara zoaz, klase batzuk dituzu, ordutegi bat duzu… dena antolatua dago. Pentsatzen dut Wroclaw-en pasatuko dugun lehen astea kokatzeko izango dela, ingurua ezagutzeko… BASK jaialdian, uztaila hasieran, gure proiektua aurkeztuko dugu aurten beka irabazi dugun hiruek, baita iaz irabazi zuten hiruek ere.
Anakrusa ere aipatu duzu. Zertan dago orain?
Orain geldituta dago. Taldekide bat haurdun gelditu zen, orain ere haurdun dago, eta orain lasaiago dago kontua. Ez dakigu jarraituko dugun edo ez. Tempus-i egin genuen, gero In situ, eta azkena Duo egin zuen Noek [Noemi Viana]. Behintzat Anakrusaren bitartez Noek eta nik Villabonan klaseak ematen ditugu Oinkari taldean. Kurtso guztia egon gara eta ikasturte bukaerako ikuskizuna prestatzen ibili gara ere. Hurrengo urtean horrekin jarraituko dugula uste dut.
Dantzagunea. Nola ikusten duzu?
Niretzat gozamen bat da herrian bertan hori edukitzea. Lehen Arteleku genuen, etxetik nahiko gertu baina ez da gauza berbera. Instalazio ikaragarriak daude herrian, eta egia esan horiek erabiltzeko askotan ez dago tokirik. Ez dakit Euskal Herrian horrelako instalaziorik badauden. Berez behin-behinekoa da, gero Lekuonara pasatuko dela suposatzen da eta. Herriarentzat sekulako aportazioa da, Dantzaz konpainia egunero lanean ibiltzen da, Europa guztiko gaztez osatutako talde bat, Asier Zabaleta dago erresidente bezala, kanpoko jendea etortzen da eta erresidentziak ematen dira… Nik uste herri batentzat aberasgarria dela kultura mailan, are gehiago Lekuona egiten dutenean, eta ondo funtzionatzen badu, ekarpen handia izango da.
Dantzagunean gaur egun ez dira gauza asko eskaintzen. Baina jendeari zabalik dago, jendea ikustera doa, eztabaidatzera… Aukerak eman ditzakeen zerbait da. Nonbait irakurri nuen hutsa dagoela beti, baina gezurra da hori. Egia da batzuetan joaten zarela eta gela hutsa dagoela, baina izan daiteke norbaitek gela hartu duela eta gero ezin izan duela joan. Badakit Donostiatik jendea etortzen dela, hainbat dantza mota egiteko: break dance, klasikoa, klaketa… Gipuzkoako dantzari guztiak elkartzen direnean emanaldiren bat egiteko Dantzagunean egiten dituzte entseguak.
Horrelako gune batek nonbait egon behar du. Lehen Donostian zegoen, baina hori bota egin zuten eta bertan egoten zen jendea nonbait sartu beharra dago. Arte eszenikoen zentroa hemen zegoen eta behin-behinean hemen jarri zuten Dantzagunea. Gainera lokal horiek hutsak zeuden lehendik. Hiru sala handi-handi daude eta oinarrizko gauzak daude jarrita.
Dokumentuaren akzioak