Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantza ez da pasiboa, abstraktua da, esperientzia guztiagaz bizi beharrekoa”

Dokumentuaren akzioak

“Dantza ez da pasiboa, abstraktua da, esperientzia guztiagaz bizi beharrekoa”

Komunikabidea
Anboto
Tokia
Durango
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/05/18
Lotura
Anboto

Urtarrilean taldekideetako baten gaixotasunagaitik bertan behera geratu eta gero, zapatuan Eva Guerreroren Doos kolektiboaren azken lana ikusteko aukera egongo da Durangoko San Agustin kulturgunean: Tierra de nadie. 19:00etan izango da emanaldia. Eva Guerrerogaz batera zuzendu eta dantzatzen du Garazi Lopez Armentiak. ANBOTOk azken honegaz berba egin du. Yolanda Bustillo eta Carla Sevilla ere igoko dira oholtzara, abestera. 

Iazko azaroan estreinatu zenuten. Zelako harrera izan du Tierra de nadie-k?
Lanari buruz komentarioak egiten dizkigun jenderik gehiena gertukoa dugu, baina horiek ohituta daude egindako lanak ikustera, eta, beraz, euren iritzia kutsatuta dago, zelanbait esateko. Aurreko lanekin alderatuta, dantza gutxiago dagoela azpimarratu didate alde batetik, baina baita oso polita dela ere, oso irudi ederrak dituela, eta musika ere ikaragarria dela, baina dantza gutxiago ikusteak harritu egin dituela. Niretzat sorpresa bat izan da hori. Baina horrek badu gauza positibo bat, Evak gaitasun hori duela erakusten du. Dantza ikuskizun bat izaten jarraitzen du, ez dago beste erarik definitzeko, baina beste iturri batzuetatik edaten duela ikusten da. Irudi aldetik oso indartsua da, eta hori beharbada gehiago ikusten da erakusketetan edo. Orokorrean harrera ona izan duela esango nuke. Jendearen perspektiba handitzeko lan egiten gabiltza; bestela, dantza ikustera doalako jendea, eta ez da hori bakarrik. Hau da, aurreiritzirik barik, dantza soilik ikustera baino gehiago uste duenak beste modu batera hartzen du ikuskizuna. Jarrera ona da, ez ikuskizun honetarako bakarrik, orokorrean baino. Perspektiba berri honegaz, lana berriro ikustea gura duen jendea dagoela esan digute. 

Dantza gutxiago izatea zuen aukeraketa izan da?
Kontua da hau lan prozesu luze baten atzetik datorrela. Honen atzean urteetako kudeaketa desberdinak daude, material aldetik, jende aldetik... Gauza desberdin asko probatu da; behin hazia indartsu egon eta gero, norabide bat aukeratzen duzu, eta produkzio lan osoagaz hasten zara. Baina piezagaz hasten zarenean ez dakizu zelako forma hartuko duen, ez pieza modura ez mugimendu aldetik. Materiala transformatu egiten da beste bategaz enkajatzerakoan, eta piezek bizitza propioa hartzen dute sarri. Esango nuke sortze prozesua elkarrizketa bat dela, zuk piezari ematen diozunaren eta honek zuri bueltatzen dizunaren artean.

2019an hasi zenuten sortze prozesua. Hainbeste luzatzeak prozesua moteldu ala aberastu egiten du?
Bakoitzaren araberakoa dela esango nuke, eta luzatzearen zergaitiaren araberakoa ere bai. Guri, berez, lagundu egiten digu, azken finean, denbora ematen digulako benetan ikerketa bat egiteko. Guk hasieran genuen ideia ikerketa bat zen, ez genuen erantzunik; oraindino ere ez dugu. Hazi bat genuen eta horretan lanean hasi behar genuen lehenengo galderak irteteko. Normalean, diru laguntzak eta profesioak exijitzen dituenekin horrelako kadentzia batean sartzen zara, gauzak sortu eta saltzeko. Baina, benetako denbora behar da, beharbada ez mundu guztiarentzat, baina askok denbora hori behar dugu, gauzak su txikian egiteko, zapore desberdinak atera ahal izateko, zer geratzen den gorputzean eta zer ez ikusteko, zegaz konbinatu pentsatzeko, beharbada beste ate bat zabaltzeko... horrek denbora bat behar du, eta guk zorte handia izan dugu denbora hori izan dugulako. Ez da beti lana izan; batzuetan espazioa behar duzu pausatzeko, ze erdian pandemia bakarrik ez, haurdunaldi bat ere izan dut, eta estreinaldi bat ere bai, beste pieza batena. Niretzat altxor bat da denbora hau izatea.

Arte eszenikoetan dantza eta antzerkia maila berean daude? Ez kalitate aldetik, kopuru aldetik baino.
Beti esaten da dantza dela arte eszenikoen ahizpa itsusia, eta esango nuke hori gertatzen dela jende askori beldurra ematen diolako dantza ikustera joan eta ez ulertzea. Eta hori izan daiteke abstraktoena ere badelako. Baina hori ikasitako zerbait dela uste dut. Alde batetik, normala iruditzen zait, baina, aldi berean, letra ulertzen ez dugun musika bat entzuterakoan gustatzen zaigula esateko gai garen moduan, dantzagaz ere horrela izan beharko lukeela uste dut. Dantzagaz, baina, ez gara gai dantza ikusten jarri eta zer ulertu dugun eta zer ez esateko; baina intelektualki ez da dena ulertu behar. Gizaki modura gaitasun batzuk ditugu gauzak beste era batera ulertzeko, sentitzeko, eta eurekin bidaiatzeko. Hain zuzen ere, niretzat horixe da dantza, muga gutxi ipintzen dizkizun bidaiatzeko modu bat. Antzerkia ikustera joatean, norberak lan bat egin behar du. Dantza ez da zerbait pasiboa, irekia da, abstraktua, eta zuk zure esperientzia guztiagaz bizi behar duzu, bizitako emozio eta beldurrekin. Eta ikusiko duzun guztia eramango duzu gero zugaz, ulertu zein ez. Horregaitik du dantzak leku hori.

Paradigma aldatu den? Ba, uste dut badoala aldatzen. Aitortzen dut ni ez naizela egokiena hori esateko beharbada, azken urteetan, nire egoeragaitik, gutxitan joan naizelako dantza ikustera. Baina badakit, heldu zait, Gipuzkoan asko indartu dela dantzaren mundua. Gasteizen, adibidez, eta hori ondo ezagutzen dut, orain hamar urte Baratza aretoa zabaldu nuelako, hutsune bat ikusten genuen. Horri lotuta, jaialdi bat egiten hasi ginen dantza garaikideari ateak zabaltzeko, eta aurten, lehenengoz, diru laguntza bat jaso dugu espezifikoki hau garatu ahal izateko. Horrez gainera, ikusten nabil programak zabaltzen ari direla, ez bakarrik dantza ikusi ahal izateko, baizik eta dantzaren inguruan hausnartzeko ere, jendeari laguntzeko bide hori egiten, ikusten dutelako beldur hori egon badagoela. Hemen Gasteizen, eragile bat baino gehiago ikusten dut dantzaren alde auzolan polit batean. Ez dut esango hainbeste aldatu denik, baina bai bide onean goazela.

Dokumentuaren akzioak