Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantza bertikalak hegan egiten ari zaren sentsazioa ematen dizu”

Dokumentuaren akzioak

“Dantza bertikalak hegan egiten ari zaren sentsazioa ematen dizu”

Dantza Bertikaleko lehen topaketa egingo dute datorren asteartetik aurrera, Bilbon. Gloria Peon Torrek hamar bat urte daramatza diziplina lantzen. "Askatasuna" nabarmendu du.
Egilea
Amaia Igartua Aristondo
Komunikabidea
Bizkaiko Hitza
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/09/15
Lotura
Bizkaiko Hitza

“Dantza bertikalak hegan egiten ari zaren sentsazioa ematen dizu”

1960ko urteetan jaio zen Frantzian, eta apurka-apurka garatuz eta hedatuz joan da, azken urteetan Bizkaira ere heltzeraino. Orain dela hamarkada bat eskas, dantza bertikala ezezaguna zen, Gloria Peon Torre (Gijon, Espainia, 1975) dantzari eta Bilboko La Glo dantza eta zirku konpainiaren zuzendariaren esanetan, baina giharra bildu du azkenaldian. Datorren astean egingo dute Bilbon profesionalentzako Dantza Bertikaleko aurreneko topaketa, Errekaldeko kiroldegian, martitzenetik eguenera bitartean.

Noiz piztu zitzaizun dantzarekiko interesa?

Ni, egiaz, zirkuaren mundutik nator, zirkua ikasi nuen. Eta, ordutik, aireko akrobaziak egin ditut gehien: trapezioarekin, oihalekin… Zintzilik egotearekin zerikusia duen dena. Hogei urte igaro dira. Behin, dantza bertikaleko ikuskizun bat ikusi nuen, eta zoragarria iruditu zitzaidan; gainera, garai hartan eskalada egiten ari nintzen. Ahal bezain laster, dantza bertikaleko ikastaro batean eman nuen izena; aireko akrobazien antzeko lengoaia du. Baina ez nuen jarraitu, harik eta neska batzuk galdetu zidaten arte ea klaseak ematen nituen. Haien motibazioarekin, berriro hasi nintzen dantza bertikalarekin, eta, orain, diziplina hori jorratzen dut gehien.

Altueran egotea gustuko duzu, beraz.

Bai. Zirkuaren barruan, badakit malabarrak egiten, monozikloan ibiltzen… Baina aireko akrobazietan naiz trebeen.

Noiz egin zenuen dantza bertikalerako jauzia?

2013an hasi nintzen klaseak ematen, eta 2014an egin genuen lehen ikuskizuna. Euskal Herrian duela gutxi hasi gara diziplinarekin, ez baita ezer egon, ezta inor ere. Lehen kontaktua 2006an edo 2007an eduki nuen. Probatzen hasi nintzen, baina ez nuen ikusten nola egin. Izan ere, ez da erraza: behar duzu leku bat, horma bat, azpiegitura jakin bat… Orain jende gehiagok egiten duenez, errazagoa da hastea, baina ni bakarrik nengoen, ez nekien nondik hasi ere. Irakastea asko gustatu izan zaidanez beti, ahalegindu nintzen.

Ikastaro batzuk egin zenituen, baina prozesuaren zati handi bat autodidakta izan zen, ezta?

Esan dudan bezala, dantza bertikala diziplina zaila da, baina, aldi berean, irudimena hauspotzen du. Behin ulertzen duzunean nola kokatu behar zaren horman —eta, gainera, dantza, zirkua edo akrobazia egiten baduzu—, zoruan egiten duzun hori hormara aplikatzea da. Behin oinarria edukita, zure estilo propioa landu dezakezu; hori ederra da.

Zein da oinarri hori?

Sentitu behar duzu horma dela zure zorua. Eta zaila da, ez baitago grabitaterik. Ikasten duzu horman ibiliz eta ibiliz, muskuluak asko erabiliz [sabelaldea heldu du], hezurren kokapena landuz…

Zer berezitasun ditu diziplinak?

Oinarria harrapatzen duzunean, askatasun sentsazioa ematen dizu, hegan egiten ari zarelakoa. Bide ematen dizu lurrean egin ezingo zenituzkeen mugimenduak egiteko. Esaterako, dantza bertikalean, jauzi nagusi bat egitea nahiko erraza da, baina, zoruan, belaunak txikitu ditzakezu. Askoz altuago egin dezakezu jauzi. Jende askok esaten digu ematen duela hegan egiten dugula, edo hiru metroko saltoak egiten ditugula. Hormaren garaieraren arabera, bi metro urrundu zaitezke jauzi eginda; zoruan, ohe elastiko bat duzu, edo ezingo zenuke lortu.

Dantza ikasi zenuenean, munduko txoko askotan ibili zinen formakuntza egiten. Orduan, ezinbestekoa zen irtetea?

Bai. Orain, errazagoa da, baina, lehen, joan beharra zenuen. Ni Asturiaskoa naiz [Espainia], baina hamazortzi urte daramatzat hemen bizitzen. Bilbon ez zegoen ia ezer; are, dantza garaikidera jo nuen, ez baitzegoen zirkuaren inguruko ezer. Eta, hala ere, kanpora joan behar izan nuen.

Dantza mota mordo bat ezagutuko zenuen. Txertatzen dituzu zure koreografietan?

Egia esan, bidaiatu zalea izan naiz betidanik, eta horrek markatzen zaitu. Gauza asko ikusi ditut; ez dakit gero koreografietan sartzen ditudan, baina nire bizitzan bai, behintzat. Mundu baten parte egiten zaituzte; hemen geratzen bazara, ikuspegia apur bat murrizten da. Tira, orain dena da hain kosmopolita… Baina, garai hartan, ez bazenuen bidaiatzen, ez zenituen bestelako joerak ezagutzen.

Nola aldatu da dantza bertikalaren presentzia Euskal Herrian?

Orain hauspoa du. Guk konpainia abiatu genuenetik [La Glo, 2014an], diziplina gehiago ikusi da, jendeari gustatu zaio, eta askok proiektuak sortu nahi dituzte, ikasi, ikusi… Kataluniak errezeloz begiratzen gaitu, Madrilek ere bai… Agian, hauspoaren arrazoietako bat da hemen eskaladak tradizio handia duela, edo gogorrak garela; gogorra izan beharra dago, diziplina honek min ematen baitu. Gainera, frontoiak ditugu, eta horma altuak ezinbestekoak dira. Eta, gure kasuan, babesa ere eduki dugu, Bilbo Kirolak-ena; Errekaldeko kiroldegiko ateak ireki dizkigute, entrenatzeko toki bat utzi digute. Frontoi batean gaude, beste jende batekin egon behar dugu, zarata dago… Esaten badizute frontoietan pilotan baino ez dela jokatzen, ezin zara sartu. Gaur egun Euskal Herrian hiru frontoi daude dantza bertikaleko sokak jartzeko egokituak: Mendexan, Getxon eta Errekalden.

Gutxi gorabehera, zer azpiegitura behar duzue?

Gutxienez, hamar metroko altuera behar dugu. Eta hormak. Errekalden, bi ditugu: bat 11 metrokoa, kantxan; eta gero frontoia, hamasei metro dituena. Behar dugu euskarri seguru bat sokak zintzilikatzeko. Eta, gainera, behar ditugu sokak, arnesak… Horiek ez dira batere merkeak, bide batez, eta azterketa behar dute urtero, bermatzeko ondo daudela; argi izan behar dugu hemen segurtasuna dela garrantzitsuena. Horren inguruan kontzientziatzen tematzen gara. Beti behar egiten dugu teknikoekin, ainguraketetan eta halako materialetan adituak direnekin, baina, gainera, ahalegintzen naiz nire konpainiako dantzariek ere jakin dezaten segurtasunaz. Ez dut soilik dantzatzen, eta segurtasun kontuak delegatzen; ardura dut nire segurtasunarekiko ere. Eta, gainera, interesa ere badugu.

La Glo

Hormetara egokitzea. Gloria Peon Torre eta Pere Villarubla, La Glo zirku eta dantza konpainiaren ‘Ensueño’ ikuskizuna antzezten, Bilboko Bizkaia aretoaren paretetako batean, iazko azaroan. 

Badago oztoporik? Adibidez, arkitektura batzuek zaildu dezakete horman dantzatzea, forma irregularragoak dituztelako?

Agian, horma edo egitura batzuek ez dizute utziko egiten koreografia bat %100 pentsatua zenuen bezala. Baina horma guztietan dantzatu daiteke, egokitzea baino ez da behar. Uniformeak ez diren hormek aukera ederrak eskaintzen dituzte.

Nolakoa da sormen prozesua?

Prozesua oso interesgarria izaten da, egia esan. Sakon ezagutzen duzunean dantza bertikala, ordubetean gauza asko atera ditzakezu. Ni, batzuetan, abiatzen naiz landu nahi ditudan kontzeptuetatik edota ikusizko formetatik. Prozesua desberdina da airean bi lagun badaude edo hiru, edo momentu batean bi baino ez badira egongo… Kontzeptu bat hautatzen dut, eta horrek eramaten nau koreografiara; koreografiak kasik bakarrik ateratzen dira. Probatzen dut hau eta beste, eta, batzuetan, gauza gutxirekin nahikoa da. Baina, behetik, badakit nola kokatu nahi ditudan airean dauden pertsona horiek, eta zer egin dezaten nahi dudan.

Kanpotik begiratzen diozu orain, batez ere?

2019an ama izan nintzen; aurretik, airean dantzatzen nintzen, eta estreinaldi baterako kontratua sinatzera nindoan egun berean jakin nuen haurdun nengoela. Diziplina honetan, haurdun bazaude, ezin duzu igo ere egin; begira non joaten den arnesa. Kanpoan geratzea tokatu zitzaidan, begirale moduan egotea (batzuetan dantzatzen naiz, halere). Pilo bat eboluzionatu dut: kanpoan nagoen norbait naiz, bai, baina ondo ezagutzen duena nola egiten diren gauzak barruan; horrek prozesuari laguntzen dio. Ez da gauza bera zu barruan egotea, eta zeure burua ezin ikusi ahal izatea, soilik bideoz…

Alde pedagogikoak garrantzi handia izan du zure karreran?

Orain ez naiz ematen ari dantza bertikaleko klase askorik; ama izan baino lehen askoz gehiago ematen nituen. Baina, hain justu, topaketak oso pedagogikoak dira. Gainera, zirku eskola bat daukat; urte asko daramatzat pedagogia egiten. Alde pedagogikoa interesatzen zait bai teknikari dagokionez, baita emozioei dagokienez ere. Batzuek igo nahi dute, dena probatu, baina behin airean daudenean beldurtu egiten dira. Dantza bertikalak alde emozional hori ere badu: beldurra kentzen dizu, askatzen zaitu… Gustuko dut lan egitea teknika ezagutu nahi dutenekin, baina baita esperientzia bizi besterik nahi ez dutenekin ere. Horiei esaten diet jauzi egiteko, dantzatzeko…, nahiz eta trakets egin.

Aurten dantza bertikaleko lehen topaketa egingo duzue. Aspaldiko asmoa al da?

Bai, aspalditik geneukan ideia bat da. Duela hiru urte edo, pandemia garaian, [Bilboko Udaleko] kultur teknikariari proposatu nion, Pedro Ormazabali, eta aurten ere aipatu egin diot. Baiezkoa eman didate. Eta arrakasta handia izan du, harrera oso ona izan da lehen aldia izateko; espero dut jarraipena edukitzea. Deialdi bat ireki genuen, 30 lagunentzat —behar diren materialak kontuan hartuta, ezin dira askoz gehiago eskaini—. 70 inguruk eman dute izena.

Dokumentuaren akzioak