Dokumentuaren akzioak
“Binaka dantzatzea gorputzen arteko elkarrizketa bat da”
Mugimenduaren bidez bidaia bat irudikatu nahi du Idoia Rodriguez dantzari eta koreografoak (Iruñea, 1996). Riart Company sortu, eta Dérive obra taularatzen ari da Rafa Arenas dantzariarekin eta koreografoarekin. Elizondoko Foruen plazan izan ziren atzo; Dérive plazaratu eta parkour show bat egin zuten. Horrez gain, irailean, doako ikastaroak eginen dituzte Iruñeko karriketan.
Zer esan nahi du Dérive-k?
Frantsesetik dator. Denok egin behar dugun bidea irudikatzen du. Ez dakigu nora goazen, baina zerbaitek gure bidea marrazten duenez, joan nahi ez dugun arren, bide horretatik goaz.
Bide hori islatu nahi izan duzue?
Bai; batez ere, erakutsi nahi izan dugu orokorrean gizartean ez dakigula nora goazen. Estereotipo asko daude, eta esaten dute nolakoak izan behar dugun, nola jokatu behar dugun eta zein esperientzia izan behar ditugun.
Boterea eta menpekotasuna landu dituzue. Zergatik?
Gizonek izaten ohi dutenez boterea, islatu nahi genuen zer gertatzen den rolak aldatu, eta emakumeek hartzen dutenean boterea, eta horrek zein erreakzio eragiten dituen. Horrez gain, emakumeen eta gizonen arteko elkarrizketa bat sortu dugu konponbide bat bilatzeko eta batak besteari zer eskaintzen ahal dion elkarrekin aztertzeko.
Hortik hara, badago beste interpretazioetarako lekua?
Gauza batzuk oso agerikoak dira, eta beste batzuk, berriz, beharbada, ez dira ikusten edo ez ditugu landu, baina jendeak bere egin ditu. Dena lotzen duen hari bat egon arren, norberak berera eraman dezake istorioa.
Zuen bizipenetatik abiatu zarete?
Pertsonalki zein sozialki jasotzen ditugun gauzetatik sortu dugu.
Bidaia bisual bat islatu nahi izan duzue. Zer esan nahi du horrek?
Bidea dramaturgia da, istorioa. Ikusle gisa gauzak ikustea edo artista gisa hori irudikatzea zaila da; batzuetan, soilik dantza ikusten dugulako. Uste dugu lagungarria izan daitekeela dantza antzerkiarekin uztartzea istorioa hobeto ulertzeko eta gauzekin, kontzeptuekin eta pertsonekin identifikatuta sentitzeko.
Binakako ibilbide bat da; nolakoa da elkarrekin sortzea?
Polita eta zaila da. Bakoitzak modu batean pentsatzen edo sentitzen ditugunez gauzak, batzuetan, bakoitzak ideia bat dauka, eta ez dugu bestearena kontuan hartzen. Gure ideia ona izan arren, batzuetan, baztertu egin behar dugu, eta ulertu agian ez dela proiektu honetarako. Ideien arteko oreka behar da, eta, horretarako, komunikazioa oso garrantzitsua da.
Konfiantza ere behar da?
Bai, bi norabidetan: zeure buruarekiko konfiantza zein bikotekidearekikoa. Ez badago konfiantzarik, ez du funtzionatzen.
Dantzatzen zaretenean pertsona bakarra zaretela dirudi. Zer sentitzen duzu?
Binaka dantzatzea bi gorputzen arteko elkarrizketa bat da. Guztiz aldatzen da gorputz bakoitzak mugimendu bat duelako. Oreka bat bilatu behar da; zuk hitz egin eta, gero, nik. Erraz ikusten da noiz pentsatzen dugun berdin, noiz ez dugun elkar ulertzen eta noiz dagoen konfrontazioa, hain zuzen ere.
Bakarka ere aritzen zara. Zertan sumatzen duzu aldea?
Bakarrik dantzatu arren, inoiz ez zaude bakarrik, musikariak, diseinatzaileak, eszenografoak eta argi teknikariak daudelako. Nor bere burua ezagutzeko oso aukera ona da, baina, aldi berean, zu zara aurrera jarraitzeko motibazio bakarra, eta hori oso gogorra da. Jende gehiagorekin lan egiteak aukera ematen dizu beste perspektiba batzuetatik gauzak lantzeko eta egiteko. Mundu asko irekitzen dizkizu.
Hiriko dantza, parkourra eta dantza garaikidea uztartzen dituzue. Zerk lotzen ditu?
Mugimenduak. Denak gorputzaren bidez adierazten dira.
Nolatan hasi zineten parkour ikuskizunak ere egiten?
Rafak [Arenas] urte luzez Danzad, Danzad, Malditos jaialdian parte hartu du. Jaialdi horretan zenbait dantza ikuskizun daude, eta ikusleak toki batetik bestera eramaten dituen parkour talde bat dago. Rafak ikusi zuen oso polita izan zitekeela beraiekin zerbait sortzea, zerbait berezia dagoelako parkourrean. Horregatik, elkarlanean aritzeko Carmen Larrazekin, jaialdiaren zuzendariarekin hitz egitea erabaki genuen.
Zein zentzutan diozu zerbait berezia dagoela?
Gazteek barruan dutena azaleratzen laguntzen duelako parkourrak.
Nola lan egiten duzue?
Zortzi pertsonaz osatutako talde bat sortu genuen. Batzuk irakasleak dira, eta beste batzuk, ikasleak. Rafak eta biok sortu dugu proiektua, baina funtzionamendua horizontala izan da. Saiatu gara beste leku batzuetan ez duten espazio segurua sortzen. Hasieran, soilik tailerrak egiten genituen, hala nola parkour, dantza garaikidea eta kontakt. Horri esker, ikusi genuen beste gauza batzuk ikasi nahi zituztela; adibidez, nola egin proiektu artistiko bat, nolakoa den zuzendari izatea eta koreografo batek zer egiten duen.
Badago lekurik Iruñean parkourrarentzat?
Batez ere, komunitatea dago. Parkour egiteko espazioak daude, guk sortzen ditugulako. Hiri-altzariak erabiltzen ditugu horretarako. Jendea errespetatzen dugun arren, ez dugulako jauzi egiten ondotik pasatzen direnean, beti baten batek zerbait esaten digu.
Aurrera begira zer asmo duzue?
Irailean, ziurrenik kalean egiten ditugun doako ikastaroekin hasiko gara. Kalean egiten ditugu, ez dugulako nahi jakintza etxabeetan geratzea. Jakiteko zenbat jende etorriko den izena emateko eskatzen dugu, baina badira ikustera etorri, eta egunean bertan animatzen direnak ere.
Dokumentuaren akzioak