Larraineko herrian, oro euskaraz mintzatzen dira, haboroxeak bederen —oraingo gazteetan ez dakit—. Hemen, zaharrek badakite euskara, baina gazteek ez dute batere emaiten. Orain, bada berriz halako moda bat bezala, arra lotzen zaizkio kulturari. Nik etxea egin nuen 2006an, orduan aipatzen hasi ziren pastoral baten muntatzea, eta pastoral haren ondorio dira orain jiten direnak oro. Kulturari interesatzen direnek orduan parte hartu zuten; oraingoan, haurrek segida hartu dute.
2008an, dinamika bat sortu zuen Xiberoko Jauna pastoralak? Dantza eskola, eskola elebidunera pasatu da geroztik…
Bai. Margot Fauriek izigarriko lan gaitza egin du. Hark du dantza eskola atxiki, pastorala baino lehen hasi zen, eta beti segitu du. Xiberoko Jauna elkartearekin, 2013an, Aitzina Mintza ikuskizuna antolatu genuen, ikusten baikenuen gazterian zerbait ments zela. Dantzan ari ziren, harat-honara joaten ziren, baina zerbait behar zen antolatu. Handik aitzina ari ginen eder izanen zela orain maskarada bat egitea, euskaldunak bagenituen ikastolatik ateratzen diren gazte horiekin, ageri zen karguak —Pitxu, Kabana, Buhame Jauna…— haientzat izanen zirela.
Larraine eta Pettarra arteko beste diferentzia bat bada. Zuk maskarada egin zenuenean, herri bakarra zen, aurten, aldiz, bospasei herri bilduak…
Haboroxenak jadanik dantza eskolan ziren. Gazteak hein bat ezagutzen genituen. Ez genuen Ezpeizen maskarada bat egiten ahal; ez zen posible. Heldu bada jiten diren urteetan badateke… agian. Bortxatuak gara hedatzea beste herrietara.
Baina alde onak ere ukan ditzake, elkar ezagutzeko edo…
Bai, ez zuten batere elkar ezagutzen. Zaharrenak baditu 27 urte, eta gazteenak 13. Diferentzia bada, beste herrietan bezala, baina elkar ezagutzeko jenagarri izan daiteke. Izigarri ontsa joan da.
Lehenetik azkenera segitu dituzunez, diferentzia ikusi duzu batetik bestera?
Izigarriko jauzia egin dute. Euskara mintzatzen ez zutenak bermatu dira bazekitenengan. Gero, kantuak ikasi dituzte haiekilan, laket dira euskal giroan, kantatzen eta… Ikusi dugu norbait kantan hasten zelarik gazteak biribilkatzen zirela. Eder da horrela ikusten dituzularik, giro onean.
Garai batean, maskaradak Zuberoako herrien ezagutzera joateko paradak ziren. Gaur egun, gazte gehienek autoa badute. Funtzio hori badu hala ere?
Joaten ahal dira turistak bezala. Baina maskaradarekin joaten zara herrira, jendeen etxeetara bazkaltzera, gune batzuetan ere lo egin dugu gomita baikenuen… Jendea ezagutzen duzu, eta lotura bat egiten duzu jende horrekin.
Igandean Asteasura zoazte. Hego Euskal Herrira joatea berrikuntza izanen da batzuentzat?
Hori ziur. Han, oraino haborok hartuko dute kontzientzia Euskal Herrian direla, eta han fantsesez ez dira sobera mintzatzen, beraz beharko dute nolabait moldatu. Pentsatzen dut gau eskoletara agertuko diren zonbaitzuk. Jadanik Aitzina Mintzaren ondotik, batzuk gau eskolara joan ziren, eta zonbaitzuek jarraikitzen dute oraino. Nahi dute euskara ikasi; behar zaie indarra eman eta horretan lagundu.
Laster, pastorala emanen duzue berriz.
Horrela jarraikitzen badugu, Xiberoko Jauna elkartearekin eman beharko genuke hemendik hiru urteren buruan, elkarte hori baita gure dinamikaren motorra. Gazte horiekin bada egiteko ahala.