Dokumentuaren akzioak
“Auzoko belaunaldi guztiak igarotzen dira dantza taldetik"
Amaia Irurtia eta Gari Otamendi; Arkaitz dantza taldeko kideak.
Sei urterekin hasi ziren dantzan Amaia Irurtia (Añorga, 1987) eta Gari Otamendi (Añorga, 1980). Otamendik bizi osoa eman dio taldeari, eta azken urteetan taldea «nahi baino gutxiago» bisitatzen duen arren, harreman zuzena izaten jarraitzen du, eta musikaria ere bada. Biak izan dira haurren taldeen irakasleak; entseguen zuzendaritza izan zuen Otamendik 2008 eta 2012 urteen artean, eta urte hartan bertan Irurtiari eman zion lekukoa, gaur egun arte. Taldearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz aritu dira IRUTXULOKO HITZArekin.
Gari, zuk ongi jakingo duzu nola sortu zen Añorgako dantza taldea.
Gari Otamendi (G.O.): Añorgan ospatzen duguna da 1926an hasitakoa. Orduan, Jose Lorenzo Pujana kontratatu zuen Rezola fabrikak auzoko gazteei dantzan irakasteko, eta gizartearen babesa lortzeko. Sistema horrek 1936ko gerra arte jarraitu zuen, eta behin gerra bukatuta, ikasle haiek transmisio lana egin zuten belaunaldiz belaunaldi. Jose Lorenzoren seme Kandido ere ibili zen, gerora Goizaldi sortu zuen, eta hango irakasleak ere etorri ziren.
Sistema hark iraun zuen 1970. hamarkadaren bukaerara arte. Josema Mendiola añorgatarra maisu gisa hasi zen, Argia taldearekin elkarlana hasi zen, eta 1980tik gaur egun arte Argiako ikuskizunetan parte hartu dugu. Esan daiteke Mendiolaren bitartez sortu zela gaur egun ezagutzen dugun dantza taldea, daukagun egiturarekin.
Arkaitz izena nondik dator?
Amaia Irurtia (A. I.): Ez dago oso garbi. Entzun izan dugu auzoan arroka bat bazela… Rezola harri lanketan aritzen delako? ez dakit.
G.O. : Niri gehiago gustatzen zait Añorgako Dantzariak, hori baikara, eta 1926an ez zioten Arkaitz izena jarri, 1970eko kontua da hori, baina ez gaude ziur.
Gaur egun zenbat lagun mugitzen dituzue?
A. I.: Helduen taldean 30 bat gabiltza, eta ni naiz zaharrena; haurretan lau talde ditugu, eta bakoitzean 15 haur inguru daude. Sei urterekin hasten dira haurrak eta 14 urterekin igarotzen dira helduen taldera. Aurten, sei lagun gabiltza irakasle lanetan. Garai hobeak izan ditugu, baina orain indartuta gabiltza. Añorga auzo txikia da, eta 30 dantzari heldu izatea ez da gutxi.
Laguntzen digun jende gehiago ere badugu. Auzolanak oso ongi funtzionatzen du auzo honetan. Erretiratuek, esaterako, umeen jantzi guztiak egin dizkigute, guk ehunak emanda. Gero, taldekide batzuen gurasoak erremintariak dira, eta tresnak egin izan dizkigute, musutruk.
G.O.: Adierazpen kulturalak disolbatzen ari dira gaur egun, eta ikaragarrizko bonbardaketa jasotzen dugu kanpoko kulturetatik. Hala ere, halako auzo batean holako talde bat izatea… osasun onaren seinale dela uste dut.
Zein harreman du dantza taldeak auzoarekin?
G.O.: Ni gaur egun Dantzan.eus webgunean ari naiz lanean, eta Gipuzkoako dantza guneen kudeaketan. Txorakeria bat eman dezake, baina hemengo dantzaria izan ez banintz, ez nintzateke horretan lanean arituko, inondik inora ere. Ez dakit zertan ibiliko nintzen, baina ia ziur dantzaren munduan ezetz. Uste dut ohore handia izan dugula hemengo dantzariok, jaso dugun jakintzagatik.
Historikoki prestigio handia izan duen taldea izan da gurea. 1980 eta 1990eko hamarkadetan ezagutu genituen dantza talde haien maila eta eskaintza mantentzea ezinezkoa da; gaur egun dagoen aisialdirako eskaintza askoz ere zabalagoa baita. Garrantzitsua da dantza taldeak gizarte aktibo bat izaten jarraitzen duela auzoan, eta auzoarentzat ez litzateke seinale ona izango dantza talderik ez egotea. Ondare bat jaso dugu, eta hori transmititzeko arrazoi nagusiak dira nortasuna eta komunitatea.
A. I.: Auzoko belaunaldi guztiak igarotzen dira dantza taldetik. Sei urterekin ohitura handia dago dantza egiteko, eskola kirola hasi bitartean behintzat. Gainera, oso giro ona dugu taldean, kuadrilla sentipena daukagu.
Badituzue urtero ematen dituzuen emanaldiak?
A. I.: Helduek hiru emanaldi izaten ditugu ziurtatuak urtean. Aste Nagusian, Konstituzio plazan, Ama Birjinaren egunean, abuztuaren 15ean, eta hor beti Brokel dantzaren ziklo osoa egiten dugu eta Soka dantza, eta Ezpata dantza kaleetatik; gero, Karmen Egunean, uztailaren 16an, Añorgan egiten dugu Brokel dantzaren zikloa; eta, aurten, hasiko gara Añorgan beste emanaldi bat egiten, beste dantza batzuekin. Umeek, berriz, Añorgako festetan, erretiratuen egunean, beraiek egiten dute emanaldi guztia; eta, gero, urtean zehar Dantzari Txiki egunetan. Auzoan, apirilaren bueltan antolatzen dugu Dantzari Txiki eguna.
Bestela, urtean zehar izaten ditugu emanaldi batzuk Euskal Herriko beste herri batzuetan. Horretaz gain, lau urtetik behin, Europako jaialdiren batera joaten gara.
Nola dator urtemugaren ospakizuna?
A. I.: Ez diogu auzoan oihartzun handiegia eman nahi izan. 75. urteurrenean oso festa handia antolatu genuen, eta hura zifra borobila zen, 90 ez bezala, eta ehungarrena ez dago urruti. Erabaki genuen gure artean ospatzea, festa handiegia egin gabe.
90. urteurrenaren jaia
- urriak 15
12:00. Nagusien taldearen emanaldia.
14:30. Bazkaria.
17:00. Erromeria, Errebal taldearekin. - urriak 17-28
Jantzi erakusketa, Museum Cemento Rezolan. - urriak 21
19:00. Taldearen inguruko hitzaldia, Gari Otamendiren eskutik, museoan.
Dokumentuaren akzioak