Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Aurten bezala, gero ere”

Dokumentuaren akzioak

“Aurten bezala, gero ere”

Inauteri garaiko errituak areagotuko dira ondoko egunetan b Maskaradak igandean dira Ezpeizen b San Bladi eta Santa Agata inguruan zirtzilak eta kaskarotak aterako dira eskean

Igandean abiatuko dituzte maskaradak Ezpeizen, lehen hatsa emanez, nolabait, inauteri garaiko erritu antzeztu ezberdinei. Herri anitzetako gazteak bildurik ere muntatzeko, maskaradek ez dute izan etenik.
Egilea
Iñaki Etxeleku
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/01/20
Lotura
Iparraldeko Hitza

Beste lurraldeetan sendi da hats berri batean dela inauterikarien gogoa. Eskuin-ezker, berpiztu dira kaskarotak, zirtzilak eta kanton. Neguko egun labur eta gau ilunek, zerri hiltzearen aroak direla oroitaraziz, “xingar” edo “lukainka” eskean ibilaraziko dituzte etxe ala ostatu alartzeetan pertsonaia maskaratu bereziak.

Maskaradetan beltzeria, Baxenabarre eta Lapurdin zirtzilak. Denetan agertzen dira aurpegia kukuturik ala begitartea beltzaturik. Beltzeria edo beltzak deituak, edo buhameak. Dantzan.eus atarian, Antton Lukuk esplikatu zuen 2007an argitaratu Santibate edo Martin Beltza gogoan artikuluan: “Buhamea zer den azaltzeko orriak eta orriak behar litezke. Baina garbi utz dezagun euskaldunak zirela hauek zu eta ni bezala edo gehiago. Negua udaberriari oposatzen den bezala, edo gaua egunari, derragun Buhame hau laborariaren ifrentzu/binperra dela”. Hots, jabe, aberats ez dena; pobrea, beharduna eta daukanari, zerbitzu truke, eskean dabilena. Baina inauteriek ekarri sinboloa berekin: gaua/eguna, negua/ udaberria, heriotza/bizia parez pare jarriak baitira. Lukuk beti: “Buhamea neguaren errege da. Edo negua bera. Oletako eta oihanetako langile, ikazkin edo beste, bideetako ibiltari, neguak berriz ekartzen du etxeetatik kanpoko jende hori karriketara. Basa, edale, jokari, kanpoko berria ekartzen dute. Ez dute deus galtzeko ez ohore edo kargurik defenditzeko, ez dira bozetan aurkezten, hitza librea eta behin-behinekoan bizi dute. Hitza beren ontasuna dute. Gure komedia del’arteren pertsonaiak dira”.

Eta badira bolantak, aitzindariak, kaskarotak… jantzi apainez agertzen eta urrats neurtuko lehian dabiltzan dantzariak. Arropa zuri eta koloretsuz eguzkia, udaberria deitzen dutenak, gizarte ordenatua irudikatzen. Etxe edo lurdunak; botere, hautetsi-gai den gazteria bat.

Olde berri bat

Badu dozena bat urte orain, Libertimendua berpiztu zutela Donibane Garazin. Hortik zenbait urtera molde bera erabili zuten amikuztarrek.

Baigorrin, duela hiru urte plantatu ziren besta batzordekoak inauterien karietara zerbaiten muntatzeko, Arrolako dantzariak hartuz bide lagun.

Hilabeteko lehen ebiakoitz guziz egiten den merkatuaz baliatzen dira herriko plazaren hartzeko. Aroak nahi badu, plazan berean egiten dute jokoa. Euria edo bada, Plaza Xoko gelan. Bixente Hirigaraik idatzi zuen zirtzilen jokorako testua iaz, eta aurtengoan ere parte hartu du. Hautatu duten forma esplikatu du: “Egiten dugu Libertimendu gisako bat. Zirtzilekin hiru parteko antzerki bat, bertsolariekin eta dantzariekin”. Pertsonaietan, haatik, ez dira agertzen zanpurrak, banderariak, zaldunak, zigante pekoak ala Garazin sortu duten Xandia bezalakoak. “Orain arte, formatu xumean egin dugu, eta dantzarietan bolantak dira ateratzen”. Zirtzilen artean ere, uxer edo epailerik ez. Emanaldi egituran, Garazikoaren idurikoa atxiki dute: plaza hartzearen ondotik zirtzilen jokoa, bertsolarien errefera eta dantzak.

Martxoaren 4an eginen dute Libertimendua baigorriarrek: 10:30ean ibilaldiaren abiatzea, eta Libertimendua bera 11:00etan.

Baionan, joan den urtean lehen aldikoz plantatu ziren artedrama forma aldetik zirtzilen antzerki jokoa, bertsoa, dantza eta soinua biltzen dituen karrikako zerbaiten emateko. Iazko euri erauntsiek barnean egitera beharturik, aurten berriz ere abiatuak dira karrikan aritzeko xedearekin. Horiek ere martxoaren 4an, goizeko hamarretarik goiti, Baiona Ttipiko karriketan eta hiru plazatan. Hori gabe, garaztar eta amikuztarrek Santibate egiten duten gisan, zirtzil gaua antolatu dute Baionan, ostatuz ostatu eskean, kantuz, dantzan eta zirtoan ibiltzeko.

Lapurdin, kaskarota da gehien agertzen den pertsonaia inauteriz. Urruñan, otsailaren 11n aterako dira kaskarotak. Duela hamar urte, zuzen, berriz abiatu zuten etxez etxe ibiltzeko ohitura. Bi egunez biltzen ziren.

Aldatuz joan da, berriki arte oraino elkarteek karroak egiten baitzituzten bigarren egunean, gero, Zanpantzarren auzipetu eta erretzeko. Celine Duperou dantzariak zuen berriz muntatu formula, eta bilakaera kontatu du: “Hastapenean, etxez etxe egiten genuen. Gero, segitu genuen etxez etxe larunbatarekin, eta igandean desfile bat urruñarrekin eta Zanpantzar auzia plazan. Bospasei urtez egin genuen hori. Orain, desfilea utzi dute, eta etxez etxekoa egiten bakarrik larunbatarekin eta, arratsaldez, Zanpantzar”.

Uztaritzeren gisan, Lapurdiko kaskarotaren pertsonaiaz gain, zirtzil multzo bat ere maskatzen da Urruñan: “Bi talde dira: kaskarotak eta zirtzilak, gehi hartza, bertsolariak eta musikariak. Kaskarotek egiten dituzte Lapurdiko dantzak: Makil ttiki edo berri, Zapatain, Mutxikoak, Fandango eta holako. Zirtzilentzat muntatu genuen makil dantza bat”.

Etxez etxe ibiltzean, lekuen arabera, etxe barneetan ari dira dantzan eta kantuz edo bestela kanpoaldean. “Normalki, kaskarotak sartzen dira Ahurtiko makilarekin eta hartzarekin. Gero, Makil ttiki edo berri, kanpoan. Bertsolariek bizpahiru bertso botatzen dituzte. Gero, zirtzilen makila; bizar dantza egiten da ere, eta bukaeran berriz bertsoak”.

Lapurdiko hego mendebaldetik ekialdera jauzia eginez, Lekuinen ere aterako dira kaskarotak, aurten. Ohitura berpiztu nahi izan du Zubia kultura elkarteak, eta irailetik hasiak dira dantzen ikasten.

Ekimenaren sustatzaile taldeko Xabi Duhalde lekuindarrak zehaztu du nola ibiliko diren: “Otsailaren 11n, Hergaitzetik Donoztiriri buruzko auzorat joanen gara. Han den Lekuineko eskola pribatuarekin lan bat eraman da, bertako andereñoa ari baita ikasleei kaskarot dantza baten irakasten. Elkarrekin emanen dugu”. Otsailaren 18an, Hazparnerat buruz den auzotik abia, eta Lekuine erdiguneraino ibiliko dira.

Ez baitzen halako usaiarik Lekuinen eta urteekin herria aldatu baita, herritarrei jakinarazi nahi izan diete antolatzaileek inauteriko erritu horren berri. “Aitzinetik esku orri bat banatu dugu etxe guzietan kaskaroten printzipioaren agertzeko, eta ikusiko jendeek ateak irekitzen dizkiguten; sorpresa zerbait izanen da jakiteko zer erreakzio den herritarren partetik”.

Kaskaroten etxez etxeko hori errotzeko asmoa du Zubia elkarteak. “Aurtengoa lehen pausoa da. Ohartu gara dantza errepikak ematerakoan behar berriak ekarri dituela. Hain segur, segituko dugu dantza klaseak ematen, eta bistan da, asmoa da kaskaroten berriz egitea eta iraunaraztea hitzordu horren”.

“Neskek ere parte hartuko dute kaskarotetan. Hautu bat izan da ere neska eta mutikoek parte hartzea dantzetan”. Ez, beraz, beste zenbait herritan bezala, mutikoek baizik ez baitute dantzatzen. Lehen aldia denez, jantzi egiteko dendari lanetan ere ibili dira lekuindarrak.

Makean ere indartuz doa inauteriko ohitura azken urte hauetan. Berdin segitzen du Ezpeletan, Itsasun, Senperen, Uztaritzen eta beste herri andana batean.

Urruñako zirtzilak

Dokumentuaren akzioak