Dantzari lotuta izan da txikitatik Amaia Elizaran (Tolosa, Gipuzkoa, 1992). Hamar urte egingo ditu 2025ean Elizaranek profesional gisara. Hamar urte dantza garaikidearen munduan irautea ez da erraza, baina apurka ari da bere bidea egiten. Ikusleen artean oso zabalduta dago dantza ulertzeko zaila dela, eta, hain justu, ideia horren kontra, Iraun dantza pieza berria gogoa irekita ikustera gonbidatu nahi du publikoa.
Esan daiteke lan honen jatorrian lesio batean dagoela, ez al da?
Bai, hala da, baina bada gehiago ere bai. Alde batetik dago lesioa eta lanean egin behar izan nuen etenaldia, baina, beste alde batetik badago iaz erresidentzia batean zuzendari eta koreografo gisa egindako pieza bat. Pieza horretan, Neonymusen musika erabili nuen eta abiapuntu musikala hori dela esan daiteke.
Mugitzen berrikasi behar izan duzula esan izan duzu. Bainagorputzak izango zituen bere maniak…
Denbora asko pasa dut nire gorpu-tzarekin. Gorputzak ohitura batzuk zituen, eta oso zaila izan zait berriz ere zero puntu horretara joatea. Gelditzea eskatu zidan gorputzak, eta hein batean gelditu naiz, nahiz eta izan ditudan emanaldiak ere bai. Galdera hori etortzen zitzaidan burura: “Nola egingo dut betiko emanaldia, baina beste era batera?”. Gorputzak, oharkabean, betiko ohitura horietara jotzen zuen, baina nik ez nion utzi nahi. Ez dut lortu oraindik, uste dut luzerako doan lana izango dela.
Prozesua, beraz, ez da sorkuntzarako bakarrik izan, ikasteko ere bai?
Bi urteko prozesua izan da, lesioa izan, eta geldi egon behar izate horretatik etorri da. Hasi nintzen estudiora egunero joaten eta probatzen: “Ea gaur nola nagoen, ea zer ateratzen zaidan, ea nola eraldatzen den nire gorputza, nola bilatuko dut transformazio hori, ea lortzen dudan mugitzeko modu osasuntsu bat”. Bi urte eman ditut nire gorputza modu ezberdinetara lantzen; eta, hain justu, hor aurkitu dut Iraun denaren loturak edo fokoak egiten. Beste bultzada handi bat Neonymusekin egindako kolaborazioa izan zen. Haren musika entzuten ari nintzela pentsatu nuen asko konektatzen zuela egiten ari nintzenarekin. Montrealeko egonaldia egin nuenean, haren musika erabili genuen koreografia baterako. Oso modu naturalean sortu zen lehen kolaborazioa, eta lan honetarako ere oso ondo konpondu gara.
TOholtzan zu bakarrik, Neonymusen musikaren babespean. Zer ekarpen egiten dio piezari?
Oso musika berezia da. Nire lan ildoa musikak markatzen du. Musika mota bakoitzak lan egiteko modu batera eramaten nau. Niretzako oso inspiratzailea da bere musika, baina baita bere presentzia bera ere. Oso atmosfera berezia eta potentea sortzen dituela esango nuke.
Zer espero behar du ikusleak orduan?
Niri gustatuko litzaidake jendea etortzea dantza garaikidearekiko ideia batzuk burutik kenduta. Askotan tokatzen zait entzutea honelako komentarioak: “Joe, dantza garaikidea, ez dut ezer ulertu”. Uste dut garrantzitsua dela ideia hori ezabatzea. Agian, ez da ezer ulertu behar, eta, utzi behar zaie sentsazioei bide egiten, sortzen zaizkizun sentimenduei entzun. Elkarrekin partekatzen dugun momentu bat da, eta egiten ari naizenarekin zer iristen zaien horretan zentratu beharko dute, ez horrenbeste narratiba bat bilatzean. Irekitze hori espero dut nik ikusleengandik.
Nola adierazi sentimenduak hitzik gabe, mugimenduekin bakarrik?
Piezak itxita daudenean,ematen du horrela gelditu behar direla. Niri interesatzen zait pieza gurekin eta denborarekin eraldatzea, eta pieza horrek izatea bidea beste zerbaitetan bihurtzeko. Hortik dator Iraun izenaren esanahietako bat. Agian ez da gertatuko, berdina izango da hemendik bi urtera, ez dakit. Baina, behintzat, aukera badaukat. Batzuetan emanaldietan estudioan inoiz atera ez diren gauzak ateratzen dira eta horrekin asko disfrutatzen dut. Inprobisazioak ematen dit horretarako aukera: jolasteko eta ez gelditzeko. Foko bat edo argi bat izateak bai laguntzen didala kokatzen, baina aske egin ahal izatea da lehentasuna. Kalean egiteko pieza bat da, eta espazio bakoitzak baldintzatuko du: espazioa bera, eguraldia, ikusleak… sortzen den giroa ezberdina izango da, hala espero dut nik.
Irautea ere bada egotea, ezta?
Iraun hitzak gauza asko esan nahi ditu niretzat. Ematen du kantek 2-3 minutu iraun behar dutela, eta 6 hilabetetan zahar bihurtzen direla. Eta emanaldiekin berdin. Niri ere gertatu izan zait programatzaileek nire piezak zaharrak direla esatea. Zergatik da zaharra? Nire iritzia da ez dela zaharra. Bizirik dago, eta momentuz ez da zaharra. Nik nahi nuke nire piezek irautea, eta nik erabakitzea noiz diren zaharrak. Hori ere esan nahi dut emanaldi honekin.