Dokumentuaren akzioak
“Areto txikiak izan dira dantza garaikidearen substratua”
Aitzindaria izan da Bilboko Fundicion aretoa. 35 urte pasako ibilbideaz mintzatzean, ideia hori behin eta berriro iradokitzen dute Laura Etxebarria zuzendariaren azalpenek (Basauri, 1957): lehenak izan ziren hiriburuan dantza garaikidea hauspotzen —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen konpainia sortu zuten: Forros—, eta, oro har, bide-urratzaileak izan dira gorputzarekin lotutako lengoaiak esploratzen. Programazio “arriskutsua” izan dute oinarri hasieratik, Etxebarriak nabarmendu duenez.
Irakasle ikasketak egin zenituen, eta antzerkian interesatu zinen aurrena. Nola egin zenuen jauzi dantzara?
Jatorria hori izan zen: irakaskuntzarekin batera, nik antzerkigintzan nuen interesa, eta Basauriko Antzerki Eskola sortu nuen beste batzuekin batera. Interesatzen zitzaidan antzerkia kulturaren ikuspuntutik, baina baita hezkuntzaren aldetik ere, neska-mutilei eskaintzen dielako gaur egun ez dagoen gauza bat: dramatizaziora hurbiltzeko aukera, istorioak erabili ahal izatea plastikarako, literaturarako, geografiarako, filosofiarako… Antzerkiaren bidez dantza ezagutu nuen; lana utzi, eta dantza ikastera joan nintzen Bartzelonara. Han ezagutu nuen Luque [Tagua, Fundicioneko programatzailea].
Zergatik sortu zenuten Fundicion?
Nazioartean ikusitakoarekin, erabaki genuen toki bat sortzea, non gorputza protagonista izango zen. Bruselan, Alemanian eta Parisen ikusi genituen dantza garaikidea babesten zuten lekuak, garai hartako antzerkitik aldentzen zirenak: gorputza zen ardatza, baina hasiak ziren ikus-entzunezkoekin lan egiten, beste diziplina batzuekin hibridatzen… Eta erabaki genuen antzeko gauza bat egitea Bilbon.
Eta, 1986an, Fundicion sortu zenuten.
Hasieran, Ramon y Cajal kalean zabaldu genuen, industria eraikin batean. Klaseak ematen genituen, eta bat egiten genuen antzeko sentsibilitatea zutenekin: bazegoen dantza garaikidea egin nahi zuen jendea. Lehen leku horretan galeria bat ipini genuen artista plastikoentzat; izan ere, garai hartako antzerkia oso lotuta zegoen testuari, baina ezagutu genuen dantzak erlazio handia zuen beste arteekin: plastikoekin, bideoarekin, orduko teknologia berriekin. Eraikina galdategia izandakoa zen [gaztelaniaz, fundición], eta gure ideia zen askotariko lengoaiak galdatzea eta uztartzea gorputzarekin, hori baitzen gure espezialitatea eta militantzia.
Hibridazioaren ildoari jarraitu diozue bai hasieran, bai hurrengo urteetan, ezta?
Bai, erabat. Hasieran, hibridazioa gehiago lotu genuen ikusizko artistekin antzerkiarekin baino; antzerkia bat-bateko lotura izan zen, eraldatuz joan baitzen dantzaren bitartez. Hona etorri ginenean [Francisco Macia kalea, 1-3] egin genuen lotura, 1996an, oraingo lekua ere teatralagoa delako. Zorua ikusteko modua ematen du [ikusleak agertokiaren maila baino gorago daude]: hori oso garrantzitsua da dantza garaikidean, lotura duelako kontzeptu espazialekin, baina baita pisuarekin ere, erorketarekin… Espazioan mugitzen den gorputz batek eskaintzen dituen dinamika guztiekin.
Mota horretako areto bakarra zen Bilbon. Horrek hastapenak zaildu zituen, ala, kontrara, nobedadea izateak lagundu zuen?
Biak ala biak. Nobedadea zenez, kuriositate handia eragin zuen artistengan eta publikoaren zati batengan. Hain zuzen, lehen saria eman ziguten, Ercilla, publikoari joera berriak erakusteagatik. Inoiz ez dugu ikuspuntu elitistarik izan, baina egia da horrelako lengoaietan interesa duen publikoa beti izaten dela nahiko murriztua. Gainera, krisialdi ekonomikoan geunden, gizarte arazoekin, eta hiriak izaera kontserbadorea zuen oraindik.
Eta hurrengo urteetan?
Hiria eraldatu egin da. Komunitate artistiko moduan Guggenheim museoari egin genion oposizioa gorabehera, horren ondoren [1997] zinez aldatu zen kulturarekin eta arteekin erlazionatzeko modua, eta turismo eta marketin kulturalarekin ere bai. Gainera, krisia konpontzeko, beste dinamika kultural batzuk abiatu ziren. Hiria garaikideagoa egitearekin batera, ohikoagoak egin ginen. Umil esanda, gure helburuak bete ziren: 1986tik, hiria garaikideago bihurtzen lagundu nahi genuen.
Hiria aldatzearekin batera, Fundicionen helburuak edota lan egiteko moduak beste horrenbeste egin zuen?
Denak eboluzionatzen du, baina oraindik ere gure misioa aurreko bera da: sorkuntza garaikidea babestea. 2010etik aurrera, sorkuntza garaikidea ohiko egin zen: zabaldu ziren Azkuna zentroa, Campos antzokia, Pabiloi 6, EHUko Bizkaia aretoa… Aldatu ziren mapa artistikoa eta eskaintza kulturalaren geografia, baina denek nahi zuten izan garaikide. Horrek esan nahi du ekarpena egin dugula hiriaren eskaintza kulturala aldatzeko. Eragilerik indartsuena administrazioa da, baina bidea egin dugu. Orain, Fundicion aretoak programa irekiagoa eskaintzen du. Lehen, biziki garrantzitsua zen dantza garaikideari ikusgaitasuna ematea.
Helburua sorkuntza garaikidea babestea dela diozu. Nola?
Beti egin diogu lekua esperimentazioari, esplorazioari… Horrek jarraitzen du. Baina guk sustatu beharrean, artistek eurek dute dagoeneko asmo eta filosofia hori. Gu jada laguntzeko gaude. Egonaldiaren kontzeptuarekin egiten dugu lan: eskaintzen diegu lan egiteko tokia, zabalpenean laguntzen diegu, estreinaldia antolatzen diegu… Laguntza oso jarraitua egitean datza, gerora deitu izan dena Sorkuntzarako praktika onak.
Eta publikoari dagokionez?
Helburua bera da: eskaintza ohikoak eta gertukoak egitea, sorkuntzaz disfrutatzeko aukera ematea, baita sortzaileekin harreman handiagoa izatekoa ere, publikoak eta sortzaileek bat egiten duten ikastaroetan, esaterako. Gorputzak aukera asko eskaintzen dizkio banakoari, oso erabilgarria da maila pertsonalerako, harremanetarako, adierazteko…
Gorputza da ardatza.
Hori mantentzen saiatu izan gara beti. Ikusleentzako ikastaroak antolatu ditugu, eta modu teorikoagoan jorratu ditugu sorkuntza eszenikoarekin zerikusia duten gai guztiak: dramaturgia, idazketa, zuzendaritza, interpretazioa… Hau da, gure lan egiteko irizpidea izan da ahalik eta baliabide eta estrategia gehien erabiltzea ikusleei sorkuntza hurbilarazteko. Hasieran, konpainia bat ginen eta sortu egiten genuen, eta dantzatu nahi zuen jendea batzen genuen; orain, sentsibilizazioarekin gabiltza, artisten eta publikoaren artean zubiak sortzen.
Orduan, dantzaren eszenak momentu oro eskatzen zuenera egokituz joan zarete?
Egiaz, pautak ezarriz joan gara gu bezalako beste kolektibo eta erakunde batzuekin. Esango nuke gurea bezalako egiturek proposamenak irauli dituztela, jokalekua aldatu dutelako eta espektatiba berriak sortu dituztelako artistak landu zitzaten. Sortzaileentzako erabilgarriak izan daitezkeen proposamenei erne gabiltza. Orain, lengoaiak homogeneo bihurtu dira, administrazioak ere bere egin ditu praktika egoki horiek. Beti dago eskakizun bat, administrazioa horra egokitzen da, eta, ondorioz, beste eskakizun batzuk sortzen dira; orrazten joatea da kontua, egoera hobetzeko.
(35 urte, bi kokaleku. Lehengo Fundicion Ramon y Cajal kalean zabaldu zuten, 1986an; bigarrena, Francesc Macian, 1996an. Biak ala biak Bilbon, Deustun. Irudia 2008koa da: Etxebarria oraingo Fundicionen aurrean dago. Guggenheim museotik eta Euskalduna jauregitik nahiko gertu dago aretoa)
Publikoarekin ez ezik, administrazioarekin ere egin duzue lan?
Bai. Izan ere, Fundicion sortu ondoren, dantzari zegokion epigrafea ireki zuten. Eta hortik aurrera sortu ziren konpainiak Gasteizen eta Donostian, adibidez. Hemengo administrazioak entzun egiten gaitu, nahiz eta gero emaitzekin eta kudeaketarekin ados ez egon; baina elkarrizketa egon daiteke, eta harreman estua izan dugu. Administrazioak bere leku propioak sortu ditu, ez gurearen mesedetan; beste aurrekontu batzuk dituzte.
Nola eragin dizue horrek?
Administrazioarekiko harremana ona izan arren, euren tokiak badituzte, horietan inbertitu behar dute. Azken krisialdia asko igarri dugu, eta ezin izan dugu ordura arteko hazkundea mantendu, mapa aldatu delako. Beti egon izan gara publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan murgilduta, baina publikoak beti du lehentasuna baliabideak banatzeko orduan.
Oraingo egoera horretan, zer leku dute areto txiki pribatuek?
Gure kasuan, bidea hasieratik zegoenez argi, egiteko bera dugu orain ere: aitzindariarena. Ezberdina da 1.200 eserleku dituen Arriaga antzokiak duen rola eta osatu dezakeen programazioa. Fundicionek beti izango du aukera esperimentazio bide horretan jarraitzeko. Areto txikiak dantza garaikidearen substratua izan dira; horiei esker, konpainia askok bizirik iraun ahal izan dute. Gure egitekoa da oinarria babestea. Administrazio formatuko toki askok bertan behera utzi zuten programazioa, denetarik egin nahi zutelako eta, bat-batean, dirurik gabe gelditu zirelako; ez zegoen oinarririk.
Zer leku dute Dantzaldia, Lekuz Leku eta halako jaialdiek?
Ehuntzen laguntzen dute: askotariko lekuetan askotariko publikoa topatzen ahalbidetzen digute. Dantzaldian, adibidez, jendea badoa Guggenheimera edo Azkuna zentrora, leku horiek dagoeneko badutelako nortasun jakin bat, baina horietan pieza ezberdinak aurkitzen dituzte. Lekuz Lekun, pieza txikiak antzezten dira aire zabalean: jendeak topo egiten du haiekin. Fundicioneko programazioa osatzen dute; hemen, formatu txikiko piezak ditugu, arriskutsuak.
Dokumentuaren akzioak