Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Antzoki txikian baina plaza handian”, taularatuko du Kukai Dantzak Oskara

Dokumentuaren akzioak

“Antzoki txikian baina plaza handian”, taularatuko du Kukai Dantzak Oskara

Egilea
Ikerne Zarate
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/02/15
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Oskara ikuskizuna taularatuko du igandean Kukai Dantzak Niessen Kulturgunean. “Antzoki txikia, baina plaza handia” hala esan du Alain Maya dantzariak. Izan ere Viktoria Eugeniaren tamaina eta aforoa ez du Errenteriako kulturguneak, baina etxean eta etxekoen aurrean ariko dira errenteriarrak igandean azken lanarekin.

Errenteriako Udalak Kukai dantzarekin elkarlanean antolatu duen Dantzaren Astearen barruan kokatzen da igandeko emanaldia, eta  Leire Cano Kultura teknikariak esan duenez ikuskizuna astearen punturik gorena izango bada ere, ez da ekintza bakarra izango, gaurtik hasita egitarau zabala prestatu baitute Dantza Sentsibilizazio proiektuaren barruan. Horren berri emateko agerraldia egin du gaur goizean Ion Collar Kultura zinegotziak, Leire Cano Kultura teknikariak eta Kukai Dantzako kideek.

Xenpelar AEK Euskaltegiko bi talderekin topaketa egingo dute ostegunean Kukaikoek, 10:00etan eta 18:00etan, “txosten pedagogikoa banatu diegu lehenengo beraiek eskoletan prestatu dezaten eta dituzten galdera eta zalantzak erantzutera joango gara”. Hilaren 19an, ostirala, Kolorearekin talde artistikoarekin entsegu irekia egingo du Kukaik. Astearen barruan beste primizia ere badago, Gipuzkoan lehenengoz Jotamentala proiektatuko dute, eta Errenteriako auditorioan izango da ostiralean. Larunbatean berriz, Oarso Irriak taldearekin batera Dantza Familian egingo dute eta Martxel Rodriguez Oskara ikuskizuneko dantzariak eskainiko du tailerra.

205 sarrera salduta
Oskara ikuskizunerako 205 sarrera salduta daudela jakinarazi du Canok, “284 lagunentzako aforoa du auditorioak, beraz ikuskizunarekin gozatu nahi dutenek mugitu beharko dute sarrera eskuratu ahal izateko”. Euskal kultura, folklorea eta mitologia ditu oinarri Oskara ikuskizunak, “baina erabat deskontextualizatuta. oso lan ezberdina izan da guretzat”, azaldu dute dantzariek. Moldaketak egin beharko dituztela ikuskizuna kulturgunera egokitzeko ere esan dute, “txikiagoa da eta ez ditu bitarteko guztiak lana bere horretan egiteko, moldatu egingo dugu beraz”.

Oskarak izan duen harrerarekin pozik azaldu dira gainera, honakoa hirugarren emanaldia izango dute eta pozik azaldu dira ere Kukai sortzen eta hazten ikusi duen herrian egingo dutelako. Hondarribiara datorren astean helduko dela zehaztu dute.

Kukai Dantza, Ion Collar Kultura zinegotzia eta Leire Cano kultura teknikariarekin. Oskara

Kukai Dantza, Ion Collar Kultura zinegotzia eta Leire Cano kultura teknikariarekin.

Dokumentuaren akzioak