Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Anaia zaharra kinto izan zenetik, beti nahi izan dut kinto izan”

Dokumentuaren akzioak

“Anaia zaharra kinto izan zenetik, beti nahi izan dut kinto izan”

Kinto ospakizunak batean eta bestean izanen dira asteburu honetan Sakanan. Uharte Arakilen ere bai. Baina aurtengo bost kintoetatik bakarra animatuko da festa ospatzera, gure elkarrizketatua. Bera animoso dago eta uhartearrei eskuzabalak izateko eskatu die.
Egilea
Alfredo Alvaro Igoa
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Uharte Arakil
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/02/09
Lotura
Guaixe

1. Kinto ospakizunetarako prest?

Bai. Gogoz nago. Guztia prestatzen ari naiz. Egia esan, nik dena prestatu behar izan dut, dena enkargatu… baina, gogo biziz nago!

2. Zenbat zarete aurtengo kintan?

Bost, lau mutil eta ni.

3. Baina zuk bakarrik parte hartuko duzu, ezta?

Bai, besteek ikasketengatik ezin dute edo ez dute gogorik. Egia esan, bakarrik egitearen lotsa aipatu zidaten. 

4. Zerk animatu zaitu zu ospakizunean parte hartzera?

Anaia zaharra kinto izan zenetik beti nahi izan dut kinto izan. Nire kintoak ez zutela eginen ikusi nuenean pentsatu nuen: haiek ez dutelako nahi ni ez naiz kinto ospakizunik gabe geldituko. Ez dut asko behar parranda egiteko, berez, hori baita ia-ia kinto ospakizuna: herrian juergan, gustura egun batzuk egotea.

5. Aurtengo kinta bakarra bai, baina zurekin kinto gazteak eta kinto zaharra ibiliko dira?

Herri txikia izatean kinto gazte eta zaharrak elkartzen dira, bai. Baina ez da ezer finkoa. Azkenean, mundu guztiak laguntzen zaitu. Hala ibiltzen dira etxez etxeko eskean, nahiz eta gero etxeetara ez sartu. Hori bai, egun batean urteko kintoak, joan den urteko eta heldu den urteko kintoekin afaltzen dugu.

6. Beste herrietan kintoak baserritarrez jantzita ibiltzen dira. Uharten?

Gu ileordeekin, betaurrekoekin… mozorrotzen gara. Ez dago jantzi zehatzik. Eta hotzetik ahalik eta babestuen, hori bai.

7. Festetan ez da musikarik falta, zure aldamenean egonen da?

Akordeoilari bat eta trikitilari bat izanen dira nirekin. Ostegun arratsaldean aurrena bakarrik. Baina jendeak kalejiran parte hartzen du.

8. Oker ez banago udalak utzitako lokal batean lo egiten duzue egun hauetan, ezta?

Bai, kintoak hiru egunak elkarrekin egon eta elkarrekin lo egoteko uzten dute. Baina bakarrik nagoenez, ez dut tokia eskatu. Ez dut horren guztiaren ardura nik bakarrik hartu nahi.

9. Kinto ospakizunak noiz hasten dira?

Atzo eguerdi aurretik atera nintzen, pote batzuk hartu eta gosaltzeko. Bazkaldu ondoren baserrietan kinto eskea egin nuen. Handik Itsesi auzora jo nuen eskean segitzeko. Ahalik eta gehien egin nuen, afaltzeko garaia iritsi zen arte. Ematen dutenei, esker onez zahatoa eta pastak eskainiko diet. Uhartear gehiagorekin afaldu eta gero taberna batean parranda egin genuen.

10. Ostiralerako plana zein da?

Ez oso berandu esnatu, gosaldu eta kinto-eskeari helduko diot. Itsesi auzoko etxeren bat geldituz gero handik pasa eta gero industrialdera joko dut. Han ere baserri bat dago. Eta hangoa egin eta gero Katangara, geltoki auzora, eskatzera joanen naiz. Goizez ahalik eta etxe gehien pasa nahiko nituzke. Bazkaldu ondoren kinto-eskea utzi dugun tokian hartu eta herri-gunerantz hurbilduko gara pixkanaka. Herrian bihar goizean eskatuko dugu. Gaur pintxo potea denez kalean jende gehiago egoten da eta giro gehiago egonen da. Ordu txikiak arte parranda eginen dugu.

11. Larunbatean?

Goizean herri guztian barna kinto-eskea eginen dugu. Ihoteetako herri bazkarian giro ederra egonen da. Eta goizean etxeren batetik pasa ez banaiz, arratsaldeko ihote-kalejiraren aurretik pasako nintzateke. Gero gozatzera.

 

“Anaia zaharra kinto izan zenetik, beti nahi izan dut kinto izan”

Laura Zubieta Sesma - Uharte Arakilgo kintoa

Dokumentuaren akzioak