Dokumentuaren akzioak
“Aldaketarik ez badago, ez da bizirik dagoen tradizio bat”
Zer laburbiltzen du zalantza iradokitzen duen Gureak ote… betikoak omen? zure hitzaldiaren izenburu horrek?
Folklorearen inguruan dugun ikuspegi estereotipatua eztabaidan jarri nahi dut. Sobera erraz erabiltzen ditugun hainbat konzeptuz —betikoak edo gureak, kasurako—, hausnarketa egin beharko genuke, folklorea dagokion tokian kokatzeko eta hari duen balioa emateko.
Tradizio zaharrean errotutakotzat ditugu hainbat dantza eta melodia, geure-geureak balira legez. Hala ez dela ebatzi duzu?
Herriak ez du sortzen: herriko norbaitek sortzen du, eta, denborarekin, melodia horiek duten funtzioaren arabera moldatu eta egokitzen dira, edozein transmisiotan gertatzen den moduan. Ulertu behar dugu jakituriaren transferentzia tradizioaren barnean dagoela.
Tradizioak elementu irmotzat jo ohi dira. Zuk diozu ez dagoela tradiziorik aldaketarik gabe.
Ez dago kotraesanik: tradizioa traditio hitzetik dator. Ahoz aho transmititzen diren gauza guztiak aldatu egiten dira. Edukiak badu garrantzia, baita igorleak ere. Dantzariok dantza erakusten dugunean, transmititzen ari gara, eta, nahitaez, tradizioari gure ekarpena egiten diogu. Aldaketarik ez badago, ez da bizirik dagoen tradizio bat, baizik eta izan zenaren berregitea.
Zer ikerketa egin duzu ondorio horiek guztiak ateratzeko?
Datu asko daude liburuetan, bideo zaharretan, testigantzetan. Ederra da ikustea tradizioaren parte garela eta ekarpen asko dugula egiteko, umiltasunez eta tradizioaren hizkuntza ongi ulertuz. Hizkuntza hori barneratzen duzunean, bideak zabaltzen dira zure begien aurrean, eta tradizioak hartzen du bere benetako funtsa eta potentzialtasuna.
Dokumentuaren akzioak