Dokumentuaren akzioak
“Ahozko transmisioan behar genuke oraino gehiago oinarritu”
Inauterietan, kabalkadetan, herriko bestetako plazetan, kontserbatorioan, antzoki handietan… zernahi plazetan aritua da musikan Xabi Etxeberri arrabitaria (Baiona, 1988). Bilaka konpainiarekin duten Plazaz egitasmoarekin euskal dantzek muinean duten bizipen organikoa bilatu nahi du. Abenduan, Hazparnen eman zuen hitzaldian, musikarien eta dantzariaren arteko baitezpadako harremanaz aritu zen.
Hitzaldian oroitarazi duzu musikariak dantzaria behar duela zinez segitu.
Dantza herrikoietan, musikarien eta dantzarien arteko harremana baitezpadakoa baita. Irizpideetan da. Dantzariak segitu behar dira tempoaren aldetik, ez baitira sekula adin berekoak, leku berekoak. Lekuen arabera jauziak, ezberdinki jo behar dira. Garazi aldean fiteago emanen dituzu, entrexatak abiadura handiagoan ematen baitituzte. Azkenean, atabalariak du gehienbat bizitzen. Atabalaria da zinez zuzenki dantzaria segitzen duena.
Beste soinulariek ere so egiten diezue, ez?
Bistan dena. Zaila da esplikatzea hori; sentitzen da momentuan. Musikari bat ez bada dantzariekin ibilia, egitura aldetik jakin behar du doinu bat noiz hasi eta noiz bukatu. Oinarrizko gauza da. Ikusi behar da dantzariek aski dutelarik, eta musikari batek ez badu hori sentitzen edo ez badu dantzari gisa bizitu, luzeegi edo motzegi eginen du. Gauza arrunta da diodana, baina dantzarien nahiei behar diegu erantzun.
Maskaradetan etxalde baten lorioa, kaskarotetan ezkaratz bat, Atabal aretoa, herriko plaza… Zein dira herri musika horren espazioak eta araberako soinuak?
Zaila da erratea, gaur egun, usatuak baikara sonorizazio batekin jotzen. Okertzen du dena. Zaila da berriz entzutea plaza baten oihartzun naturala. Uste dut desmartxa bat dela. Fauxtin Bentaberri bezalako bat pasatu zen arrabitatik klarinetera soinu gehiago emateko eta jende gehiagoren hunkitzeko. Beraz, jakin behar duzu zenbat pertsonarentzat aritu nahi duzun. [Juan Mari] Beltranek dio Nafarroan, lehen, gaiteroak ari zirela kanpoan bi gaita eta atabala; eta, etxeetan, bi arrabita eta gitarra. Gaiteroek biziki belarri fina zuten, eta gai ziren arrabitan ere aritzeko. Bazuten jakintza aski akademikoa eta belarria. Iparraldean, batzuek ikasi dute saxofoia kanpoan jotzeko. Adibide bat: guretako ihauteriak Iturenen hasten dira. Goiz guzia pasatzen dugu joaldunen gibeletik desfilatzen kanpoan, Iturenen gaindi; biharamunean, Aurtiz eta Zubietan. Arrabitari gisa, behartua naiz biziki gora jotzea kobreen gainetik ateratzeko.
Beñat Galtxetaburu plaza erdian plantatzen zen eskusoinua ukanez bakarrik, eta boza urratsen markatzeko. Ekiporik gabe, berez, azkarrago jo behar da, ez?
Zentzu berean, ari garelarik Pauline [Lafitte] eta Jokinekin [Irungarai] arrabita, xirula eta atabala, lehengo formatuan, usu, jartzen gara zirkuluaren erdian, akustikoan jotzeko eta jendeak entzun gaitzan. Jokinek, urratsak markatzen ditu; beraz, ezagutu behar ditu gogoz.
Zer aldatzen dizue dantzariekiko harremanean?
Erabaki duzularik partiturarik gabe jotzea, estres handi bat da. Ez duzu galdu behar, eta galdua bazara behar duzu modu bat atzeman errekuperatzeko. Ezin duzu musika gelditu. Jauzien sistema ez baduzu barneratua, ez da posible horren egitea. Bizitzeko, beste dimentsio bat da.
Musika anplifikatuarentzat pentsatu Atabal gelan, nola lor daiteke hori?
Ez da sala, baizik eta zer publiko hunki nahi dugun herri errepertorioarekin. Usaian musika programazio baten entzutera heldu den publikoa hunki nahi dugu, zerbait herrikoia proposatuz. Lehen aldikoz eginen da herri dantzaldi bat Atabalen. Pario bat da. Gure dantzak biziki organikoak dira, eta iduritzen zait galtzen dugula alde sozial bat. Hitzordua emanen diegu jendeei elkartzeko, haien artean dantzatzeko. Maite ditut jendeen arteko begiradak.
Badea errepertorioa dakien musikaririk aski eta transmisiorik?
Tresna batzuetan falta dira anitz. Adibidez, errepertorioa barneratua duten atabalari eskasian gara. Musikariak badira, baina errepertorio horren jotzeko ez dugu desmartxa kolektiborik engaiatu oraino. Musikari anitz ados dira errateko behar litzatekeela beste manera batez transmititu errepertorioa. Uste dut ezagupena falta dugula. Behar genuke oraino gehiago ahozko transmisioan oinarritu. Eta, baitezpadakoa den partitura baliatu memoriarako, aztarnak atxikitzeko. Nihaurrek, jauziak jo ditut hamar urtez partiturarekin eta ohartu naiz ez nituela barneratuak. Desmartxa bat da. Kantuen ikasteko bezala da. Maluruski gure belaunaldietan gero eta gehiago birtualera goaz kantuen emateko. Kontzientzia kolektiboa ez dugu aberasten. Edo, sendagairik hoberena da, kaskarotetan, urtero etxeetan egonez, kantu horiek kantatuz naturalki barneratzea.
Baduzu espazio eta momenturik gogoko duzuna?
Gaua heldu delarik… beharbada zirtzilkerian sartzen baikara; jendea berotzen da. Jendea ez da ohartzen nola dantzan ari den egunaz. Gauaz, ilun da, urratsak menturaz gutiago ikusten dira, baina gehiago sentitzen da nor garen. Beste dimentsio batera pasatzen zara. Gari Otamendik dio dantzak badituela bi funtzio: lehia eta ligatzea. Koreografiatu gabe, euskal dantzetan beti bada lehia, eta dragatzearena.
Plaza bat hautatzekotan?
Ez dakit. Ez dut sekula pentsatu horri. Egia errateko, Patxa plazan maite nuke. Ttipia da, bada oihartzun naturala. Horri ohartu natzaio kantatu dugularik 564 kantua. Jendea heldu da lau aldetarik, pixkanaka betetzen da… Hartzaron, Hartza dantza ematen dugu Postaren plazan; ttipi-ttipia da, eta bada oihartzuna. Bakarrik arrabitariak ari gara, eta hor bada beste soinu bat.
Juan Mari Beltranek hala zioen berriki Berria-n: “Tradizioa eta abangoardia gertu-gertu daude”. Hola bizi duzu?
Ari gara lantzen XIX. mendeko jauzi errepertorio bat guti ezagutua. Seminario deitzen da; Baionako seminarioan atzemana. Sagasetaren jauzi berak dira, baina beste bertsioan. Maior/minor aldaketa batzuekin. Sagasetak aitortu du penatua zela, transmititu duen errepertorioa bilakatu baita jauzien Batua. Badirela beste bertsio interesgarriak. Batek zion tradizioa hitza zela: traditu eta itzuli (hizkuntzak bezala). Ez dugu sekula doinu bat zen bezala ematen. Beti gure ekarpena egiten dugu, aztarna uzten diogu.
Dokumentuaren akzioak