Dokumentuaren akzioak
“Afiziotik ofiziora pasatu gara larregi; militantziatik profesionaltasunerantz”
Euskara eta feminismoa ditu ardatz Marisa Barrenak (Zornotza, 1951). Betidanik aritu da bi alor horien alde lanean eta borrokan. Uste du emakumeei urteetan irakatsi dietela “itzalean” lan egiten eta egindako lana plazaratzeko “lotsa moduko bat” izaten. Adinarekin ikasi du horri aurre egiten. Azken urteetan, Wikipediako sarreretan emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna lortzeko lanean dihardu.
Wikiemakumeok aurkeztu zenuten Durangon, joan den ostiralean. Zertan datza proiektua?
Sare bat da. Helburua da Wikipedian dagoen genero arrakala murriztea. Euskal Herrian hainbat taldetxo gaude. Wikiemakumeok euskaraz eta gazteleraz editatzen dugu. Nik neuk euskaraz egiten dut.
Zer-nola sortu zen sarea?
Mentxu Ramilo Araujok sortu zuen. 2015ean hasi zen. Kontatzen duenez, haserre batetik jaio zen Wikiemakumeok. Genero arrakala murrizteko aukera ona izan zitekeela pentsatu zuen, eta editatzen hasi zen. Egin zuen lehenengo argitalpena ezabatu egin zioten. Konturatu zen beste arlo askotan legez patriarkatuaren atzaparrak bazebiltzala hor, eta antolatu beharra ikusi zuen.
Zuk zeuk noiz egin zenuen bat proiektuarekin?
Nik sarearen bidez izan nuen haren berri. Irakurri nuen wiki-topaketa bat antolatu zuela Leioan, emakume idazleen lana ikusarazteko. Oso erakargarria iruditu zitzaidan. Betidanik izan dut buruan emakumeok daukagun erreferente falta, baina ez nekien horrenbesteko genero arrakala zegoenik. Mentxuren arrastoari jarraitu nion. Handik lasterrera, gure andre taldean halako zerbait egitea planteatu nuen. Geu ere horrela hasi ginen lanean Durangoko Andereak taldean.
Durangoko emakumeekin egin zenituzten hastapenak?
Durangoko emakume esanguratsuak ikusarazteari ekin genion hasieran. Zerrenda bat egin genuen arlo desberdinetako emakumeekin. Konturatu nintzen gabeziak uste baino handiagoak zirela. Esaterako, Durangon Benita Uribarrena izeneko parkea daukagu; ekintzaile antifaxista izan zen, eta izugarrizko curriculuma dauka. Hala ere, ez zegoen Wikipedian. Hori izan zen gure lehen ekarpena. Euskaraz eta erdaraz sartu genuen. Poz handia sentitu nuen. Jarri dugun alea mundu osoan ikusgai dagoela pentsatu nuen. Durangarrekin hasi ginen lehenengo, eta apurka eskualdera egin genuen salto. Euskal Herrira zabalduz joan gara.
Zenbat sarrera sortu dituzue?
Asko. Batzuk sortu egiten ditugu, eta daudenak itzuli ere bai. 2018an hasi ginenetik, 550 egin ditugu Durangon. Arrakala murriztuz goaz euskarazko Wikipedian. 2017an %13koa zen emakumeen presentzia; 2021ean, %20koa. Ez da asko, baina egiteak ematen du fruitua. Durangon herrikoak landu ditugu gehiago, eta %30ekoa da presentzia. Editoreen kopurua ere antzekoa da: hamarretik bi gara andreak. Geuk egiten ez badugu, nork egingo du?
Zuri noiz sortu zitzaizun parekidetasunaren eta feminismoaren kezka?
Oso gaztetan. Ikusten nuen gu ez ginela gizonen parekoak. Kooperatiba batean egin nuen lehenengo lana. Administrari lanetan hasi nintzen, 15 urte nituela. Laurogeitik gora langile ginen, eta hiru emakume. Guk ez geneukan kooperatibako kide izateko aukerarik ere. Etxean bultzatuta saiatzen nintzen, baina argi esaten ziguten gizona izan behar zela horretarako. Nirekin egun berean sartu ziren mutilak kooperatibistak ziren, eta horrek eragina zuen soldatan ere. Kezka sortu zitzaidan. Orduan ez nengoen antolatutako talde batean, jakin ere ez nekien zegoenik, baina kezka banuen.
Herri mugimenduetan murgildu zinen geroago. Frankismoaren aurkako mugimenduan ibilitakoa zara.
Gaztetatik hasi nintzen lanean, eta orduan bazeuden langile mugimenduak, herriko mugimenduak… Hor sartu nintzen gizarte arloan, eta euskararen aldeko aldarrikapenaren mundura egin nuen salto gero. Politikan ere ibili nintzen.
1975ean Guardia Zibilak atxilotu zintuen, legez kontrako propaganda zenuela leporatuta. Zer-nola gertatu zen hori?
Oso urte gogorra izan zen. Salbuespen egoeran geunden. Atxiloketa pila bat egon zen, hainbeste torturatu… Itzela izan zen. Beldur horrekin bizi ginen, atxiloketaren beldurrarekin. Uztaila zen, iluntze bat. Euskaraz alfabetatzeko kanpainan nenbilen ni, besteak beste. Eskola eman, baserrira heldu, eta guardia zibilak etorri ziren. Atxilotu eta Zornotzako kuartelera eraman ninduten. Han ezagutu nuen [Manuel] Hidalgo kapitaina, eta haren eskua zein gogorra zen ikusi nuen.
Hiru egunez eduki zintuzten atxilotuta. Zer-nolakoa izan zen atxiloaldia?
Gogorra da tortura. Sarriri [Joseba Sarrionandia] behin irakurri nionez, torturatua izan ez denak ez daki tortura zer den. Irudika egin dezakezu, nik banituelako orri batzuk torturaren aurrean zer egin azaltzen zutenak. Horiek ziren Hidalgoren gizonek nire etxean aurkitu zituztenak. Eta egia da: tortura gogorra izango dela pentsatzen duzu. Irakurri, eta hotzikara sentitzen duzu. Baina benetan, zeure gorputzean gertatzen denean, itzela da. Kirofano izeneko tortura aplikatu zidaten. Irakurria nuen zer zen hura. Baina han mahai gainean jarri nindutenean, gizonez inguratuta, ahoa zapi batez estalita eta begiak estalita, hurrengo kolpea nondik etorriko zen ez nekiela, beldur izugarria nuen. Ni kargurik gabe atera nintzen, libre, baina tortura haien marka fisiko eta psikologikoak betirako geratu dira. Hori ezin da ahaztu. Beldurra geratzen zaizu.
Handik urte askora, bikotekide ohiak Ofelia Hernandez hil zuen Durangon. Hilketa hark herria astindu zuen, eta baita zu ere. Andereak taldea sortu zenuen beste kide batzuekin batera. Zer ibilbide egin duzue bertan?
Oso gogorra izan zen. 2005ean, durangar batek Ofelia Hernandez izeneko emazte ohia erail zuen, eta gu ez geunden antolatuta. Batari eta besteari deitu nien gertatutakoa azaltzeko, eta dozena erdi bat pertsona batu ginen; manifestazio bat antolatu genuen. Dardaraz geunden ea jendea batuko zen, deialdia egiteko ere ez baikeneukan azpiegiturarik. Jende asko batu ginen azkenean. Batzuek kritikatu egin ziguten antolatzeko era, baina bat-batean antolatutako zerbait izan zen. Horren harira, deialdia egin genuenok eta kritikatu gintuztenak batzartu egin ginen, pentsatuta taldea sortu behar genuela beste kasuren bat egonez gero edo beste edozer gauza gertatuz gero antolatzea behar genuela sinetsita. Andereak taldea sortu genuen 2005 hartan.
Zer pauso eman zenituzten?
Gure lehenengo aldarrikapena izan zen Ofeliaren seme-alabentzako justizia eta babesa eskatzea. Haren hiltzailea kartzelan zegoen. Orain libre dago, eta horrek ere sortzen du dardara. Harrezkero, indarkeria matxistaren aurka egitea izan da gure helburu nagusia; halakoak salatu ditugu. Oraintsu antolatu ditugu emakumeen salerosketaren inguruko jardunaldiak. Durangoko kartzelari buruzko hitzaldia ere egin dugu. Hain hurbil egon diren egoerak izan dira… eta sarri ezagutu ere ez ditugu egin. Nahi dugu jendeak jakin dezan historian zer gertatu den, eta aurrera begira nondik jo.
Zuk asko ikasi al duzu taldearen barruan? Taldeak eman al dizu hazteko aukera hori?
Bai, talde guztiek asko ematen didate. Energia ematen dute, jakiteko indarra eta gogoa, eta babestuago sentitzen zara. Berdin gertatzen zait feminismoan zein wikilariekin. Talde lanean sinisten dut. Belaunaldien arteko harremanak garatzeari eta elkarlanean aritzeari ere garrantzitsu deritzot. Andragunean literatura solasaldiak dinamizatzen ditut Mireia Delgado gaztearekin. Indar handia ematen dit bion artean osatzen dugun tandemak.
Irakurzaletasuna bultzatzea al da zuen helburua?
Gure garaian denetik egiten genuen. Euskara apur bat ikasi eta idaztera bultzatzen gintuzten. Alfabetatze kanpainetan hasi nintzen idazten Zeruko Argia-n eta. Beti izan dut lotura hori. Urte batzuetan, Anboto-n zutabeak idatzi izan ditut. Literatura solasaldiak dinamizatzeaz gain, sei-zazpi herrikiderekin batera Hitzez eta Hotsez egitasmoa antolatzen dut. Guk jartzen dugun helburua da herritarrak literaturara hurbiltzea. Askotan konturatu izan naiz nire adinekoek batez ere gazteleraz asko irakurri bai baina euskaraz ez dutela irakurtzen; zaila iruditzen zaie. Horren haritik, 2014an hasi ginen antolatzen Hitzez eta Hotsez. Sarriren hainbat liburutatik txatalak irakurtzen hasi ginen, jendaurrean. Gure helburua da beldur hori kentzea. “Nola irakurriko dut Sarri?”, esaten zidaten askok; “oso zaila da”. Txatalka joanez gero, eskoletan egiten nuen eran, errazagoa da. Errazenetik hasi, eta batek gustua hartzen badio, joango da apurka sakontzen.
Dantzak generorik ez izateko ere borrokatu zinen Kriskitin dantza taldean. Zer-nola gogoratzen duzu prozesu hura?
Emozio handiz. Borroka handia izan zen. Urte gogorrak izan ziren. Gerediagan planteatu genuen dantzari egunean emakumeek ere dantzari dantzan parte hartzea, baina ez zuten onartu. Oier Araolazaren [dantzaria eta antropologoa] aholkuei jarraitu genien; berak esaten zigun ezer baino lehen Kriskitin taldearen barruan argi izan behar genuela gure asmoa. Hitzaldiak antolatu eta ados jarri ginen. 2015eko Durangoko jaietan, egun nagusian, lau mutilek eta lau neskak dantzari dantza egin zuten plazan, lehenengoz. 2016an eskualdeko Merinalde egunean egin zuten, Izurtzan. Hurrengo urtean, Iurretan.
Gaur egun normaltasunez ikus daiteke orduko hura…
Normaltasunez egin zuten, baina ez berez. Orain normal ikusten da, baina orduan, ez. Lehenengoz dantza egin zuten neska haien larruan sartzen naizenean… Laurogeitik gora gizon eta hiru neska ari ziren plazan dantzan. Haiek gero kontatu zuten poz handia sentitu zutela, baina urduritasuna ere ikaragarria zela. Izan ere, herri osoa zuten begira eta epaitzen. Ez genekien zein izango zen jendearen erantzuna. Nik Baztanen [Nafarroa] ikusiak nituen herritarrak txistuka neskak atera zirenean. Txistulariak isiltzea ere bizi izan nuen Elizondon [Nafarroa]. Egindako ahaleginaren fruitua da orain normaltasunez egitea, eta ez gurean bakarrik, baita beste herrietan ere.
Tradizioa tartean dagoenean zailagoa al da parekidetasuna bultzatzea?
Zaila izan zen. “Hau gizonena da eta gizonek egin izan dute beti”, esaten zuten. Beti hori apurtzen ez dugun bitartean, ezin dugu aurrera egin. Eta gero konturatzen zara, gainera, beti ere ez dela izan horrela; neskek egin izan dute aurreskua aurreko sasoietan ere.
Feminismoa eta euskara, bi horiek dira zure ardatz nagusiak?
Bai, horiek dira nire ardatzak. Wikipediarena bi ardatzok batzen dituen egitasmoa da.
Mintzanet programan ere ari zara. Zerk bultzatuta?
Etxetik beste pertsona batekin astean ordu erdiz euskaraz aritzeko egitasmoa da Mintzanet. Izena eman nuen, eta Bilboko oso neska atsegin bat suertatu zitzaidan. 2015ean hasi ginen, eta hortxe jarraitzen dugu. Batzuetan geratzen gara zerbait hartzeko ere. Oso polita da. Euskaraz hitz egiten soltatzeko lagungarria da praktikatu behar duenarentzat. Denok gara euskaltzaleak, baina gero ez daukagu astirik era horretako egitasmoetarako.
Zuk esana da militantziaren garaikoa zarela. Galtzen ari al da hori?
Bai. Guk borondatez ematen genituen gau eskolak. Hor ikasi zutenei Mintzaneten parte hartzeko eskatu eta ezetz esan izan didate, lanpetuta daudela eta. Lanpetuta batzuk bai, baina beste askok beste gauza batzuei ematen diete lehentasuna. Nik asko igartzen dut borondate falta hori. Gero eta indibidualistagoak gara. Eta batzuetan afiziotik ofiziora pasatu gara larregi; militantziatik profesionaltasunerantz. Uste dut euskarak oraindik behar dituela dedikazioa eta borondatezko lana.
Dokumentuaren akzioak