Urtero legez, Iraultza dantza taldeak, ekainaren 23an, datorren ostiralean, ongietorria emango dio udako solstizioari Errenteriako Herriko enparantzan.
1994 urteaz geroztik, Iraultza dantza taldeak San Juan bezperan egiten duen Urdiaingo kantaia errepikatuko du, iluntzeko 22.00etan Herriko Plazan.
Gogorarazi dutenez, Urdiaingo kantaia, erritu pagano-erlijiosoa da. Emakumeak dira protagonista bakarrak. Hauek bi gona janzten dituzte, bigarrena burura lotuta, soilik aurpegia bistan utzita.
Eskuetatik helduta borobila osa-tzen dute. Orduan, 29 bertsoz osatutako San Juan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraituta. San Juan gaua, natura, erlijioa eta uztak aipatzen dira kantuan.
Urdiaingo kantaia San Juan bezperan egiten zen, udako solstizioan, urtarorako eguraldi ona eta uzta oparoak izan zitezen eska-tzeko. Horretarako amaieran konjuroa botatzen da: “Orain arte behar, hemendik aurrera gari”.
Jose Mari Satrustegi etnografoak berreskuratu zuen ohitura. Izan ere, apaiz eta euskaltzale hau Urdiaingo erretore izan zen. Berak Iraultza dantza taldeari irakatsi zion erritoa eta 1994 urteaz geroztik, urtero egin da Errenteriako enparantzan. Bi urte bakarrik egin du huts emanaldi honek; 2020 eta 2021ean pandemiarengatik.
Iraultza dantza taldearen emanaldia amaitzerakoan, Ereintza dantza taldeak soka-dantza eskainiko du, Ereintza txistulari taldearen laguntzarekin.
Azkenik, sua piztuko da. Horretarako Orereta ikastolak joan den larunbatean Sorgingarra ekimenean piztutako garra erabiltzea da asmoa.
Aitzbitarteko Lagunak elkarteko kideek festa honetan ardagaia erabilita piztu zuten udaburuko lehen sugarra.