Dokumentuaren akzioak
‘Soka’, euskal dantza ezagutzeko erakusketa berria
Koldo Mitxelenako ganbarak agertzen duen proposamena apirilaren 2ra arte ikus daiteke
Euskal kulturaren erakusle handienetako bat da dantza. Horregatik, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Soka izeneko erakusketa eraman du Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunera, apirilaren 2ra arte irekita egongo dena bertako ganbaran. Euskal dantzari buruz eta honek gizartean duen eraginaz gehiago jakin nahi duenak aukera paregabea izango du erakusketa honekin, eta, gainera, gaiaren inguruko hitzaldi eta ikuskizunekin gozatu ahal izango du bi hilabete hauetan zehar. “Hainbat panelek osatutako erakusketa da, hasieran testu labur batzuk dituena, eta, ondoren, zenbait bideo jarri ditugu, beste testu eta argazki ba-tzuekin”, azaldu zuen atzo Pantxoa Etchegoinek, EKEko zuzendariak.
Ukipen pantailek, formatu handiko telebistek eta koadro numerikoek multimedia bihurtzen dute erakusketa. Etchegoinek adierazi zuenez, esposizioan gai ezberdinak jorratu nahi izan dituzte eta horregatik, sail ezberdinetan banatuta dago: “Alde batetik, dantza eta bere estetikaz hitz egin dugu, eta, bestetik, honekin erlazionatutako aspektu sozialak agerian jarri nahi izan ditugu, garrantzia handia dute eta”. Hirugarren atala da sormen gehien duena: hainbat argazkilari gazteei eta Oskar Alegria bezalako zinegileei askatasuna eman zieten, dantzaren inguruan nahi zutena egiteko.
Gutxi gora behera 130 metro karratu dituen eremu bat hartzen du proiektuak eta bertan 400 dokumentu baino gehiago daude, denak bisitariaren esku, eta guztira 200 testigantza inguru bildu dituzte. “Dokumentu zaharrenak 1920ko hamarkadakoak dira, eta hainbat gauza berezi ditugu; adibidez, Pragako pertsona batek Euskal Herriko hainbat lekutan 1927an grabatu zuen bideo bat edota Uruguayen filmatutako beste bat, 1923an”, azaldu zuen Etchegoinek. Gaineratu zuenez, erakusketa hau egiteko ikerketa lan handia egin behar izan dute, baita filmazio lan luze bat ere. “Horrela, erakusketara datorrenak bi aukera izango ditu: nahi duenak, gainbegirada bat emango dio, argazkiak ikusiz, eta interes gehiago duenak lau ordu baino gehiago pasa”, esan zuen, Biarritzen izan zuen arrakasta nabarmenduz.
Erakusketa hau ibiltaria da eta hiru urtetan zehar Euskal Herriko eta atzerriko hainbat lekutan izango da ikusgai. Berarekin batera, jarduera ugari antolatuko da; esaterako, dantza ekitaldiak. Martxoaren 12an, Zarena Zarelako konpainiak Herrikoa izeneko ikuskizuna eskainiko du Koldo Mitxelenan, eta 19an Bilaka konpainiak Leihotik ikuskizuna aurkeztuko du.
“Dantzaren estetikaz hitz egin dugu, baina bere aspektu soziala ere azpimarratu dugu”
Pantxoa Etchegoin
Euskal Kultur Erakundea
Dokumentuaren akzioak