Dokumentuaren akzioak
‘Sibastarrak’ pastorala eskainiko dute urdiñarbetarrek igandean
Pastorala bat egiteko behar diren aktore nagusiak oro Urdiñarbeko herrian atzeman dituzte aurten: Maritxu Negelua idazlea, Battitta Berrogain errejenta, dantza eta kantu eramaileak…; herritarrak dira denak. Herri baten harrotasuna agerikoa da taula gainean, eta aurten tauladaren inguruak ere aipagai dira: azken urteetan ohikoena bada soro batean plantatzea, Urdiñarben herriko plaza hautatu dute igandean 15:30ean estreinatuko duten trajeria eskaintzeko: Sibastarrak. Tenore berean emanen dute agorrilaren 6an ere, eta 4an berriz, 20:30ean.
Arizaleak ere, urdiñarbetarrak dira. Aitzina Be elkarteak hautu bat egin behar izan zuen, iragan neguan, errejentak nahi zituen 80 pertsonak baino gehiagok interesa agertu baitzuten parte hartzeko; azkenean, herrian bizi eta herriko elkarte batean diren pertsonak hautatuak izan dira. Besteak, laguntzaileetan izanen dira. Urdiñarbek 1999an eman zuen azken pastorala, eta jakina da ez dela parada berehala berriz agertuko, 2035 arte, urte oro herri desberdinak erreserbatu baitu.
Sibastarrak pastoralak Maddalen eta Jean de Jauregiberri arreba-anaien historia plazaratuko du; Negeluak otsailaren 17an Ipar Euskal Herriko Hitza-n zioenez, haien bizitzek harriturik utzi zuten. “Jende horiek bi mundu gerra eta gerra zibila bizi izan zituzten; hori jadanik harrigarria zait, bizi bakar batean hainbeste gerra bizitzea. Halere, motibaturik ziren euskararen alde, errefuxiatuei laguntza emateko, Maddalenek [de Jauregiberri] emazte abertzaleen lehen taldea sortu zuen…”. Bi pertsonaia nagusien karguak Maider Bedaxagar eta Patrick Loustauren eskuetan izanen dira taula gainean.
Hurbilago, tipiago
Müsikaren Egünak ezagutarazi zuen Urdiñarbeko plaza harmailaz inguratu dute pastoralarentzat. Joan den igandean, mustraka orokorrean, agerikoa zen publikoak ukanen duen hurbiltasuna; mikrofonoen erabilpena atxiki badute ere, antzerki jokoa ezin hurbilago izanen da. Horregatik preseski, usaian baino leku gutiago izanen dira orain: 1.700 inguru emanaldi bakoitzeko. Baratu lekuak salgai dira ostatuetan eta Interneten, Helloasso webgunean.
Igandean eta agorrilaren 6an, 10:00etan pastoraleko meza, 11:00etan karrika itzulia eta ondotik ikastolako gurasoek prestatu bazkaria (erreserbatzeko 0681-81 14 39) izanen dira, 15:30ean pastorala bera hasteko. Egun horietan bero handiegiak balira, goizeko 10:00etan emanen dute.
Peio Bedekarratz eta Lüxi Agergarai. Pastoralaren antolatzaileak
«Helburua euskararen inguruan giro baten sortzea zen»
J.E. Urdiñarbe
Lüxi Agergarai (Urdiñarbe, 1986) eta Peio Bedekarratz (Urdiñarbe, 1988) zinez gazteak ziren 1999an, herrian egin den azken pastorala eman zutelarik. Horregatik da oraingo hau, haien ustez, beraien «lehen» pastorala. Jokoan aritzeaz gain, Aitzina Be elkarteko presidente gisa biak, antolatzaile lanetan ere ari dira, buru-belarri, Sibastarrak pastoralaren hiru emanaldiak ontsa joan daitezen.
Nola joan dira Sibastarrak pastoralaren prestaketak azken hilabeteetan?
PEIO BEDEKARRATZ: Gure helburua euskararen inguruan giro baten sortzea zen. Badu orain urte bat eta erdi hasi ginela elkartean ikusten nola sortu hori; behin eta berriz errepikatu dugu xantza izan dela idazlea, errejenta, kantore eramailea eta dantza eramailea Urdiñarben atzematea. Gure begietan indar handi bat da. Horiekin ere, dena eraman dugu euskararen inguruan, bilkurak eta mustrakak, eta euskara ematen ez dutenek ere konpreni dezaten tresnak baliatu ditugu.
Hautuak egin behar izan dituzue herritarren artean, sobera arizale izan ez zedin.
BEDEKARRATZ: Sobera ez dakit hitz egokia denez. Battittak [Berrogain, errejenta] erran zuen 80 arizale nahi zituela eta hori errespetatu dugu.
LÜXI AGERGARAI: Herri handietan hori da arrangura, bortxaz jendea bazter baratzen da. Urdiñarben 550 bat biztanle dira, eta segur zen jendea bazter baratuko zela. Hautatu dugu herrian bizi eta herriko elkarte batean zen jendeak parte hartuko zuela.
BEDEKARRATZ: Erraten ahal dea bazter direla? Laguntzaileetan dira, eta egunean zehar giroan sartuko dira.
Antolatzaile gisa ukan duzue lan anitz orain arte. Azken egun hauek nolakoak dira?
AGERGARAI: Behar dira buru azkarrak. Pastoral baten egiteko batzorde desberdinak antolatzen dira, baina behar dira buru zenbaitzuk efikazak direnak sail bakoitzean.
BEDEKARRATZ: Urte batez, bigarren lan bat da. Batzordeak badira finantzentzat, logistikarentzat… Gauza batzuei ez genuen pentsatu azken momentua arte…; hori da irrigarri, dena azken momentuan agertzen dela. Mustrakak urtarrilean hasten dira; arizaleekin giro bat sortzea ere lan bat zen, ostatua joanarazi behar baita. Hori oro da.
Herri batzuetan pastorala eman aitzin badakite irabaziekin zer egin. Zuek aipatua duzue?
AGERGARAI: Horretan gaude. Behar dugu ororen artean ikusi; zenbaitzuek argi dugu zer nahi dugun, baina elkartean bada bulegoa eta gero administrazio kontseilua.
BEDEKARRATZ: Bilkura handi bat badugu, sos baldin bada, finkatzeko zeri buruz eman nahi den: euskararen inguruan, proiektu bati edo banatzen den…
Orain, pastoralak egiteko izena eman behar da zerrenda luze batean.
AGERGARAI: Guk 2018an izena eman genuen 2022ko; gero urte batez gibelatu zen. Orain zerrenda harrigarria da; ez dakizu herritarrek euskara emanen dutenez eta, halere, pastorala egiten dute. Norat buruz ari da? Harrigarri da.
Dokumentuaren akzioak