Dokumentuaren akzioak
«‘Kantinero’-rekin oposiziorik ez, baina zalantzak bai badaude»
A.A.
Kantiniersa vs kantinero: izena eta izana hitzaldia eskaini zenuten pasa den astean. Nolatan sortu zen hitzaldi hori egitearen asmoa? Zein da funtsa?
Xabier Kerexeta: Duda sortu da nola deitu behar diogun kantinerari gizonezkoa denean, baina kantinerarena egiten duenean: kantinera edo kantinero? Ipar Euskal Herrian, euskaraz generoa ongi markatzeko, kantiniersa esaten dute. Frantseseko cantiniere, kantinier bezala itzuliko bagenu, ez zen argi geratuko. Hitz-joko hori egin nahi genuen aurten eman den errealitate hori azaltzeko, eta ulertzeko aspalditik datorrela figura koreografiko hau.
Nire kasuan figura historikoa azaldu dut. Gero, figura folkloriko gisa gurean kantinera esaten duguna finkatu da, eta horren eboluzioaz aritu ginen. Azkenean, historia ez dira batailatxoak soilik, prozesu luzeak eta aldaketak ere badira. Hori nabarmendu nahi nuen, kantineraren figurak kantinerora iristeko eboluzio bat izan duela.
Maggie Bullen: Generoarekin jokoa ere badago, Xabierrek adierazi duen bezala, gaztelaniazko -a eta -o atzizkiekin. Euskaraz ez dago hainbesteko arazorik, baina hizkuntzak berak erakusten digu nola markatzen duen generoa, eta gero zalantzan jartzen du. Jokoan dago generoa zer den. Eta zergatik lotzen dugu emakume izateko modu bat edo gizon izateko modu bat rol batekin, gure Alardean eta folklorean orokorrean?
Generoaren gaia pil-pilean dago, batez ere, gizon bat izango delako kantinera. Hitzaldiaren gaietako bat izan zen naturaltasunez jorratu behar dela gaia.
X. K: Naturaltasuna oso hitz polita da, baina oso kontuz erabili beharrekoa. Badaude gauza naturalak, baina berez dena kulturala da gurean. Hau da, natura nola ikusten dugun, eta nola jokatzen dugun naturaren aurrean kontuan hartu behar da. Hori izango litzateke kultura, sakondu gabe. Baina hemen esaten dugunean naturaltasunez, kuestionatu gabeko naturaltasunaz ari gara. Gauza batzuk horrela etorri zaizkigu eta, kasu honetan, naturaltasuna hitza erabili dugu Antxonen [Jauregi Vidal, San Migel konpainia parekideko kantinera] kasuan. Behintzat, askorik ez da kuestionatu, edo hauts askorik ez da harrotu. Pentsa duela 27 urte zer gertatu zen emakumeak kantinera ez beste paperetan sartu nahi izan zutenean.
M. B: Antropologiatik pixka bat saihesten ditugu natural, natura eta naturaltasun hitzak, betidanik kontrakoa ulertu izan delako. Hau da, kultura natura dela. Generoa eta sexua bezalakoa da hori, hau da, sexua naturala dela eta generoa soziala dela esatea bezala da. Baina egun badakigu sexua eta natura ere eginak, asmatuak direla.
Oso arrunta da esatea «gauzak gertatu behar dira modu natural batean», baina nik ez dut hala sinesten. Gizakiok dena asmatzen dugu. Gauza bera gizonen edo emakumeen kasuan. Hitzaldian enfasia jarri nuen pertsonan. Justuki, gaur goizean egon naiz irakurtzen Argia-ren gehigarri bat Monique Wittigi buruzkoa, eta aurrekoan aipatu nuen Simon de Beauvoirren esaldia ekarri zuten: «Emakumea ez da jaiotzen, egin egiten da». Baina Wittigek «emakumea ez da jaiotzen» esaten zuen, eta hor moztu egin zuen esaldia. Berak defendatzen zuen lesbiana izatea erabat ezberdina dela, eta emakumea egin egiten dela, baina emakume klase bat soilik; errealitatean badaudela emakume pila bat. Berak puskatu nahi zuen eredu hori: «Ez da jaiotzen, baina egin egiten da, eta berak ez zuen hala egin nahi». Lesbiana esateko moduari buruz ari zen, baina nik esango nuke nahi dugula aukera izan gizon, emakume edo pertsona modu anitzean esateko.
Kantineraren figuraren jatorria ezezaguna da. Zer da kantinera bat?
M.B: Zergatik kantinerak sortzen du arazoa, eta ez Alardearen beste figura batek? Kantinerak paper koreografiko bat baino askoz gehiago sinbolizatzen du. Esaten du zerbait emakumeon ereduari buruz, gizarteari buruz, gizarte harremanei buruz, botere harremanei buruz… Kuestionatzen baduzu kantinera, kuestionatzen duzu ez bakarrik Alardearen sistema, baizik eta gizartearen genero sistema ere. Erori egiten da gizartearen genero sistema. Sartzen baduzu kantinero bat kantineraren lekuan, horrek zalantzan jartzen du Alardean islatzen den genero sistema. Gertatu egin da, eta hainbat zalantza dauzkagu.
Nahiz eta Antxon atera eta onartuta egon, eta prozesu jarraitu bat izan duen, beste guztiek bezala. Alarde Parekidearen aldeko izateak ez du esan nahi kantineroen aldeko direnik. Agian oposiziorik ez, baina zalantzak bai, badaude. Feminismoan trans gaia mahai gainean dago, eta sortzen ari da frikzio bat. Hitz egin beharreko gauza da, ez gaudelako ados.
Dokumentuaren akzioak