Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Dantzagurea’ ikuskizuna datorren ostegunean estreinatuko da Rekalde aretoan

Dokumentuaren akzioak

‘Dantzagurea’ ikuskizuna datorren ostegunean estreinatuko da Rekalde aretoan

Idurre Azkue dantzariak Joseba Irazoki musikariarekin elkarlanean onduriko ‘Dantzagurea’ ikuskizuna datorren ostegunean estreinatuko da, Bilboko Rekalde aretoan, BAD jaialdiaren barruan
Egilea
Julene Larrañaga
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Mota
Erreportajea
Data
2015/10/29
Lotura
Noticias de Navarra

BAILAR por bailar” deitu dio gazteleraz. Euskaraz, ordea, Dantzagurea hitza asmatu du Idurre Azkuek (Zarautz, 1976) “dantzarako gogo eta nahia” adierazteko. Horixe baita Azkuek berak sortu, zuzendu eta gorpuzten duen azken sorkuntzaren ardatza: “dantzatzeko gogo hutsa”, berak dioenez. “Azkenaldian bestelako proiektuetan aritu naiz: testuekin, lan performatiboagoak egiten… Baina, oraingoan, behar bat neukan dantzatzeko, soilik dantzatzeko; ez nuen beste ezer kontatu nahi”, argitu du dantzariak.

Gogo horri tiraka, hasiera batean Azkue bakarrik hasi zen Dantzagurea proiektua lantzen, baina laster ohartu zen “zerbait” falta zuela. “Ikusi nuen proiektu honek musika behar zuela eta, gainera, zuzeneko musika behar zuela izan”, jakinarazi du. Segituan etorri zitzaion burura Joseba Irazoki, bere garaian “kasualitatez” deskubritu zuen musikaria bada ere, bere “zale sutsua” bihurtu baita Azkue gaur egun. “Beti eduki dut gogoa berarekin zerbait lantzeko –aitortu du–. Irazoki zuzenean nola aritzen den asko gustatzen zait: sortzen duena grabatzen joaten da eta, beraz, bere kontzertuetan entzuten den guztia zuzenean sortzen du, dena berak bakar-bakarrik. Egiten duenak asko erakarri izan nau beti”, gehitu du zarauztarrak.

Elkar eraginez

Dantzari eta musikariaren arteko elkarlanaren emaitza dugu, hortaz, Dantzagurea. Irazokiren kontzertu bat, azken finean, baina agertokian dantzari batez lagunduta. Ikuskizunaren baitan hainbat tresna agertuko dira oholtzan, hala nola, bateriaren plater bat, gitarra elektriko bat, anplifikadore bat, mikrofono bat, pedal batzuk eta Irazokik maiz baliatzen dituen bestelako musika tresnak ere bai, txistua edo kriskitinak, kasu. Piezak aurrera egin ahala, bi artistek elkar eraginez jardungo dute, tresna horiei soinua ateratzeko. “Ikuskizunean aztertuko dugu notek eta soinuaren bibrazioek gorputzari nola eragiten dioten. Eta, aldi berean, mugimenduak berak espazioan nola dar-dar egiten duen, eta harengan zer arrasto uzten dituen. Gainera, gorputza bera ere soinu-tresna bihurtuko da, lurraren kontra kolpatuz edo bi gorputz atalen talkarekin”, azaldu du Azkuek.

Proiektu honen oinarria dantza bada ere, badu bestelako helbururik buruan Azkuek. Izan ere, asko interesatzen zaio “publikoaren erreakzioa, ikusi eta entzuten denak ikusleari sentiaraziko diona”. Azkueren esanetan, Dantzagurea “bidaia bat” da berarentzat, eta jendeak “bere dantza bidaia konpartitzea” du amets. “Nik gorputza mugitzen dudanean ikusleak bere gorputzean zer sentitzen duen jakitea interesatzen zait, nire mugimenduek zer sortzen duten jakitea: sentsazio bat, irudi bat… edo dena delakoa. Horregatik zentratu naiz. asko gorputzean eta mugimenduan, eta ez bestelako narratiban”, gehitu du.

Molde baten bila

Dantza garaikidea jorratu izan du beti Azkuek, baina markaturiko norabidetik urruntzen diren bidezidorrak probatu zale izan da gaztetatik. Hala, dantza garaikidearen klixe, estereotipo eta ohiko formetatik ihes egin gura du, eta horretan dihardu, mugitzeko era propio baten bila. Eta, helburu horretan, zerikusia izan du dantzaz harago ikasi duen guztiak, Azkueri gorputza adina interesatzen baitzaio gorputza ez den hori ere: “Psikoterapia ikasi dut eta terapeuta bezala lan egiten dut. Dantza eta psikoterapia, biak interesatzen zaizkit eta biak integratzen ditut nire sorkuntzan”, jakinarazi du. Gainera, Psikoterapiak dantzarako baliagarriak diren aspektuak lantzen lagundu diola uste du. “Eszenatokian presenteago eta era naturalago batean egoten eta ni neu izaten lagundu dit, eta baita ikusleekin erlazio zuzenago bat sortzen ere. Zentzu horretan, ohiko dantzari baten profiletik urruntzen naizela uste dut, ni neu naizelako beti agertokian dagoena eta ikuslearekiko harreman gertukoagoa bilatzen dudalako”.

Etengabe bilatzen duen publikoaren gertutasun hori bere larruan biziko du Azkuek ostegun honetan, Bilboko Rekalde Aretoan izango den Dantzagurearen estreinaldian. Izan ere, Rekaldekoa ez da, a priori, dantza ikuskizun baterako ohiko agertokia, eta, galeria txiki bat izanik, publikoa gainean izango dute Azkuek eta Irazokik. “Sorpresa bat izango da –dio dantzariak–. Publikoa murriztua izango da eta oso gertu izango dugu. Asko interesatzen zait ideia, baina pixkat kezkatzen nau. Dena den, interesatzen zait dantza bere ohiko espazioetatik ateratzea”, gaineratu du. Emanaldia bideoz grabatuko dute, eta horixe izango da aurrera begira sormen lan oparo hau publikoarengana heltzeko baliatuko duten aurkezpen txartela.

Dokumentuaren akzioak