Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Dantza’ filmari buruzko argazki erakusketa irekiko dute Bertizen

Dokumentuaren akzioak

‘Dantza’ filmari buruzko argazki erakusketa irekiko dute Bertizen

Uztailaren 4tik abuztuaren 25era zabalik izanen da Xabier Artolaren lana ikusteko epea, Kultur 2019 egitarauaren baitan

Kameren aurrean dantzari; Dantza filmeko argazki sorta bat erakusketa zabalduko du Xabier Artola Zubillaga donostiarrak Bertizko jauregian uztailaren 4tik abuztuaren 25era, Kultur 2019 egitarauaren baitan. Egunero zabalik izanen da, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Erakusketa doakoa da, baina ordaindu egin behar da lorategi historikora sartzeko.
Komunikabidea
Erran
Tokia
Bertizarana
Mota
Albistea
Data
2019/07/02
Lotura
Erran
Erakusketan aurkeztutako irudiotan, filmatze saioetarako prestatutako set-etan garatzen ziren koreografia eta eszena ederren berri ematen da.

Telmo Esnalek zuzendutako Dantzaren filmatze saioetako argazkiekin osatu du erakusketa hau. «Saio horietan argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen, eta ez nekien zer-nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzalen artean dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa», aipatu du Xabier Artolak.

Dantza film estetiko bat da, non dantzaren bidez istorio bat kontatzen den. Istorio hori herri batean gertatzen da, baserri giroko edozein herritan; munduko edozein lekutan gerta liteke,  gertatu ere. Istorio horrek gizakiaren eta naturaren arteko harremanen berri ematen digu, eta biziaren –eta bizirautearen– metafora ere bada, hazia ereiten denetik fruitua jasotzen  denerainoko zikloa osatzen baita filmaren hasieratik bukaerara bitartean, sortzetik heriotzarainoko bidea; lana, amodioa eta festa ere ukitzen dituela.

Erakusketan aurkeztutako irudiotan, filmatze saioetarako prestatutako set-etan garatzen ziren koreografia eta eszena ederren berri ematen da, filmaren estetika –paisaiak, koloreak, formak, mugimendua, argia...– islatuz; argazkilariaren begitik eta ikuspuntutik betiere, jakina. Horrekin batera, eta osagarri gisa, filmaren making off-ekoak diren beste irudi sail bat ere aurkezten du Artolak.

Xabier Artola Alkizan (Gipuzkoa) bizi da egun. Argazkilari  amateur autodidakta, gazte-gaztetatik datorkio argazkigintzarako zaletasuna. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko (SFG) kidea da, 1975etik; Fédération Internationale de l’Art Photographiqueko (FIAP) eta Confederación Española de Fotografíako (CEF) kide ere bada  (ACEF mailako agiridun, azken horretan). Lanbidez irakaslea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean.

Dokumentuaren akzioak