Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Dantza’ filma estreinatuko dute gaur Zinemaldian

Dokumentuaren akzioak

‘Dantza’ filma estreinatuko dute gaur Zinemaldian

Alkizako Koldobika Jauregik zuzendu du artistikoki Zinemaldiko sail ofizialean lehiaketaz kanpo aurkeztu eta Telmo Esnalek zuzendu duen filma.
Egilea
Jon Miranda Labaien
Komunikabidea
Tolosaldeko Ataria
Mota
Albistea
Data
2018/09/24
Lotura
Tolosaldeko Ataria
«Pelikula eder bat egitea zen asmoa». Duela urtebete Koldobika Jauregik eskulturagileak egindako hitzak dira eta Dantza filmari egin dizkioten lehen kritikak ikusita, lortu dutela dirudi. Duela zazpi urte piztu zitzaien pelikula hau egiteko gogoa, Alkizako artistari eta Telmo Esnal zuzendariari. Jauregik zuzendu du bertan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala eta hirukoa osatzeko, Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folkloristaren laguntza izan dute, berak izan baitu filmean agertzen diren koreografiak koordinatzeko eta ikuskatzeko eginkizuna. 
 
Pelikularen egileek azpimarratu dutenez, «bizitza zikloari buruzko istorio bat kontatzen du bizirik irauteko borrokarena. Gai unibertsalak sinbologia berezi batez jantziak ageri dira. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat da».  
 
ibilbide luze eta oparoa
 
Duela zazpi urte abiatu zen proiektua, 2018ko urtarrilean bukatu zen. Txintxua Films etxearen ekoizpena da eta Eusko Jaularitzaren Kultura sailaren, Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ETBren babesa du. Iaz Donostiako Zinemaldiaren Glocal in Progress sailean aurkeztu zuten, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako eta postprodukzio fasean zeuden Europako filmei zuzendutako sailean. Saria ere jaso zuen.
 
Gaur, Donostiako Zinemaldiko 66. edizioko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiaketatik kanpo. Hurrengo asteazken eta larunbatean ikusi ahal izango da jaialdiaren barruan eta zinema areto komertzialetara abenduaren 21ean iritsiko da. Bteam Pictures etxeak banatuko du.
 
Zinema-alorreko 60 profesionalek baino gehiagok hartu dute parte filmazioan eta horietako askok esperientzia handia dute euskal zinemagintzan. Javier Agirre argazki zuzendariak, Laurent Dufreche film editoreak eta Ander Sistiaga produkzio zuzendariak parte hartu dute, esate baterako. Hiruek Handia pelikulagatik Goya saria eskuratu zuten urte hasieran. Baita Pascal Gaigne musikariak ere. Oraingo honetan, Marian Arregi zenak eta Mikel Urbeltzek urteetan jaso duten bildumarekin osatu ditu doinuak. Pieza bakoitzak behar zuen tonu zinematografikoa lortzeko arduraduna izan da Gaigne.
 
Pelikularen filmaketa Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi eta Zaragozako hainbat tokitan egin da. Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Arkaitz (Añorga), Kezka (Eibar) eta Haritz (Elgoibar) dantza taldeetan ibiltzen diren 250 dantzarik parte hartu dute, 8 eta 82 urte bitartekoak.

Dokumentuaren akzioak