Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka ‘Amets hegalariak’: mugitzen gaituen benetako maitasuna, batak bertzeari izan diezaiokeguna

Dokumentuaren akzioak

‘Amets hegalariak’: mugitzen gaituen benetako maitasuna, batak bertzeari izan diezaiokeguna

Betidaniko lau lagun dira, bi bikote osatu dituztenak, besta batean gozatzen. Samur kontatzen da beren arteko maitasunak nola laguntzen dien jipoi batetik edota suizidiotik ateratzen. Lekeitioko Zine Bileran hautatua izateaz gain, familia txiki bat sortzea lortu du Arrate Fernandezek bere filmean.
Egilea
Maider Iantzi
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2024/11/01
Lotura
Naiz
Garazi eta Mikel, Maitane eta Unax ezkonduta daude. Bilkurak modarekin, musikarekin, dantzarekin partekatzen dituzte.
Garazi eta Mikel, Maitane eta Unax ezkonduta daude. Bilkurak modarekin, musikarekin, dantzarekin partekatzen dituzte. (AMETS HEGALARIAK)

Lekeitioko Zine Bileran eman dute berriki Arrate Fernandez Itxasoren ‘Amets Hegalariak’, eta lantaldea gogotsu dago lana zabaltzeko. Arkaitz Gartziandia aktoreak dioen bezala, galderak sortzen dituen film labur bat da –Zer dago honen atzean? Zergatik hau?–. Koadro bat da, pintzelkada aunitz dituena –Zer harreman mota daukat? Eduki nezake bertze bat? Minak eraman nazake nire buruaz bertze egitera?–.

Zuzendariak eta ekoizleak (Andoain-Donostia, 1973) gauza bitxi bat lortu du: «Ikus-entzunezkoetan oso azkar egiten da lan, eta ez bazara oso protagonista, film laburretan ez da oso ohikoa entseatzea. Arraterekin aukera hori izan dugu, eta horri esker, egun gutxitan familia txiki bat sortu dugu», adierazi du protagonistetako baten papera, Unaxena, egiten duen antzezleak.

Betiko lau lagun dira, orain bi bikote ere badirenak. Garazi (Amaia Irazabal) dantzaria da, Maitane (Amaia Ruiz de Galarreta) ardogilea, Mikel (Jon Plazaola) nekazaria eta Unax diziplina anitzeko artista. Bilkurak modarekin, musikarekin eta dantzarekin partekatzen dituzte. Hainbat ezusteko tarteko, euren bizitza 360 gradu aldatuko da. Iraganeko mamuei agur errateko ordua heldu zaio laukoteari, eta eraldatzeko abenturara gonbidatzen du ikuslea ere.

 

 

Filmeko eszena bat. (AMETS HEGALARIAK)

 

 

«Artista ugari ditut inguruan: belaunaldi gazteak, nire irakasle izanak, erreferenteak. Film honetan denekin lan egiteko aukera izan dut. Lan mundu hau nola dagoen ikusteko ere bai. Arrakala dezente aurkitu ditut, baina egin ahal izan dut», kontatu digu antzerkitik datorren zuzendariak.

Harremanen ondorioz sortutako arrakalak

Azaldu duenez, orbain batzuk sortzen zaizkie pertsonaiei izan dituzten harremanen ondorioz. Konplizitate eta lotura handia dute beren artean eta maitasun horrek laguntzen die jipoi batetik, suizidiotik edota bullyingetik ateratzen.

«Halako gaiak pil-pilean daude eta begirada jarri nahi izan diet, hortik ateratzeko modua badagoela ikusarazteko eta hezkidetzaren bidez laguntzeko. Lanketa handia egin dugu aktoreekin, eta inplikazio eta profesionaltasun handia erakutsi dute».

Ametsak erabili dituzte. Hortik izenburua. «Ametsak ez ditugu bakarrik gauez egiten, eguneroko ideiak, desioak, gertakizunak hor daude, iritsi eta hegan doaz, eta datozkigunean nola bizitzen ditugu?».

Zer egin, nola tratatu hala dagoen pertsona?

Istorio gordina da, baina maitasunez betea. Komedia, akzioa eta tragedia ditu, bizitza bera kontatzea baita helburua. «Dena ez da larrosez betea, arantzekin ere tartekatzen da. Baina askotan ez gara horietaz mintzatzen. Halako egoerak gertatzen badira ez gaude afektiboki prestatuta, hezkuntzan ez zaigu eredurik ematen: zer egin, nola tratatu hala dagoen pertsona?».

«Gertakizun asko dago, baina pertsona horiei ez zaie biziberritzeko beharko luketen lekua ematen. Terapia natural bezala kontatzen dugu, ez zerbait txarra bezala: denak du irtenbidea, baina horretarako jende atsegin eta egokiaz inguratuta egon behar duzu».

Hori guztia samur kontatzeko aktoreak izan dira giltza. Hurbiltasunez egin dute lan, goxo.

Topikoak hautsiz

Filma «gaur egungo Obaba txiki bat da», kultur muga denak hausten dituena. «Jonek egiten du aizkolariarena, eta oso modernoa eta irekia da. Oso preziatua gainera. Amaia mahastiko jabea da, ardurak hartu behar ditu. Mobbing-a jasaten du, eta erritmo handia».

Adinkeria ere jorratzen da Itziar Elexperen pertsonaiaren bidez. «Askotan, gazte sentitzen dira baina zahar sentiarazten ditugu. Estereotipo asko hautsi ditugu, oso modu sotilean, keinuekin, begiradarekin. Oso bisuala da».

 

 

Moda desfilea. (AMETS HEGALARIAK)

 



Desfile bat ere agertzen da, arte munduan dauden zailtasunak ikusarazteko. Unax da horren adibide.

Zorioneko

Arkaitz Gartziandia (Errenteria-Hernani, 1983) «zorioneko» sentitzen da. ‘Desagertuta’ telesailean eta ‘El Sacamantecas’ pelikulan ari da, eta ‘La Caza’ telesailean laugarren denboraldia grabatuko du Iratiko basoan. Gehienbat Euskal Herrian egiten du lan, antzerkian, baina tarteka ateratzen da eta Gandiatik bueltatu berri da.

«Unax oso irekia da, jakin-nahi handia duena, artista guztiak bezalaxe. Zentzu horretan oso erraza izan da bera jorratzea. Kirolaria ere bada, ni bezala» –korrika egin ondotik eseri da elkarrizketara–.

«Gure gizartean oso argi etiketatzen dugu: heterosexuala izatea gauza bat da, bestea homosexuala izatea, bikotea izatea, ezkonduta egotea... Badira etiketa batzuk gizartean kodigo batzuk bezala funtzionatzen dutenak, eta gero badago beste zerbait benetan mugitzen gaituena: badago benetako maitasuna, gizaki batek besteari eduki diezaiokeena. Alde batetik bada mundu arrazionala, eta bestetik arima, maitasuna». Pelikula hortik ikusten du aktoreak.

«Arrate elementu bat balitz, haizea litzateke. Ameslaria da, oso baikorra, ez da ixten eta jolasteko prest dago», definitu du zuzendaria.

«Aktore batentzat lan egiteko aukera izatea bera asko da. Eta halako istorio bat suertatzea, Euskal Herrian, euskaraz, ederra da. Amaia biak ezagutzen nituen, Jon ezagutzeko gogoa nuen, eta lantalde oso polita osatu dugu. Arratek animatu ninduen telefonoz. Gustatzen zait asko arriskatzea eta jolastea, ahal baldin badut proiektu anitzetan sartzen naiz; Unibertsitateko ikasleen film labur pila egin ditut. Saiatu naiz ahalik eta gehiena ematen, nahiko langilea naiz, hausnartzea gustatzen zait, eta maitasun puntu hori eman diot proiektuari».

Aunitz jaso du. Gauzarik handiena: lagunak. Lantaldea egina dute eta badute bertze proiekturen bat abiatzeko grina.

«Herri apustua falta da»

«Filosofian lizentziatua naiz, Ikus-entzunezkoetan ere bai. Asko interesatzen zaizkit nire pertsonaiak: nondik datozen, nora doazen, zergatik egiten duten egiten dutena, zein den beren helburua eszena bakoitzean eta obra guztian, eta fisikoki ere nola gorpuztu pertsonaia».

Aktore bezala, pena handiz ikusten du ETBn gertatzen ari dena: «Nire ustez, asko indartu beharko luke ETB1, euskaldun egiten gaituen katea delako. ‘Goenkale’-ren garaian, mugimendu handia zegoen; orain, aldiz, gazteentzat, antzerki eskolatik aterata, desertua da zeharo. ETB1en bultza zezaketen gehiago kalitatezko fikzioa, horretan inbertituz, ze oso jende ona dago. Herri apustua falta da».

Bi musika talderekin

‘Amets hegalariak’ Durangoko Azokara joanen da. Perlak eta Olimpia musika taldeek hartu dute parte. Andoaingo irudi eskolako ikasleek ere filmean lan egin dute, eta zubi izan da haientzat amesten zuten lanean jarraitzeko. «Arlo guztietakoek jauzi bat egin dute, eta pozik nago filmak sortu duena ikusita», aitortu du Arrate Fernandezek.

Lehiaketetan aurkeztuko dute laburra, eta gero plaza, lorategi zein kultur etxeetara eramanen dute. Lekeition jendea hunkitu du, eta orain ikusiko dute ea «zer negozio, zubigintza eta truke» egiten duten.

Dokumentuaren akzioak