Gourmet, Kultura, Musika, Sport, Market eta Zinema. Horiek izango dira martxoaren 27tik 31ra bitartean Bilbao basque FESTek eskainiko dituen 200 jarduerak bilduko dituzten sei kategoriak. Astelehen honetan goizean, otsailaren 26an, aurkeztu egin zen edizio berria.
Jaialdi honek plan mordoa eskainiko du, gehienak doakoak, gustu guztietarako, 6 tematikako ohiko formatuan: Gourmet, Kultura, Musika, Sport, Market eta Zinema. Ekitaldiak uri osoan zehar jarritako hogeita hamar agertokitan egingo dira.
Bilbao basque FEST hiri izaerako proiektu estrategiko bat da. Euskal kulturaren aberastasuna erakusteaz gain, jarduera ekonomikoaren foku garrantzitsu bat da. Turismoa sustatzen du eta uria dinamizatzen du, Aste Santuan zehar Bilboko merkataritza eta ostalaritza bultzatuz. Jaialdi honek kalitatezko programa bat eskaintzen du. Bisitariak eta jaiegunetan hirian gelditzea erabakitzen duten bilbotarrak erakartzen ditu. Jaialdiak kalitatezko aisialdi bat eskaintzen die bilbotarrei, euren hiria berriro deskubritzeko programazio batekin.
Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Zinegotziak azpimarratu duenez, "Bilbao basque Fest-ekin hiria dinamizatu nahi dugu, ilusioa eta jai-giroa kutsatu Aste Santuan. Hilabete falta denean, hiria prestatzen ari da kalitatezko ekitaldi estrategiko hau hartzeko. Beronen bitartez, bisitatzen gaituzten pertsonak eta bilbotarrak harritu nahi ditugu".
Folka emakumeen ahotik
Bilbao basque FEST-en genero musikal guztientzako tartea dago: jazz, punk, rock, pop eta erritmo tradizionalenak barne. Aurtengo kartelak emakumezkoen ahotsak eta talentu berriak nabarmenduko ditu. Kuttune, Sarrabete eta Amaterra –denak emakumeek gidatuak– izango dira Azkuna Zentroko folk jaialdiko protagonistak.
Jaialdiak, bestalde, musika sekzioan zenbait estreinaldi hartuko ditu, hala nola Eider Sáezen (Nøgen-en liderra izandakoaren) bakarkako estreinako lana, eta Manu Gaigne eta Puy Barral-en proposamen originala, Huesos lanean musika eta poesia uztartuko dituena. Nota rockeroenak Kafe Antzokiko agertokian adituko ditugu, gauero euskal talde onenak bertan arituko baitira Basque FEST Rock City-ren testuinguruan: Jim Jones Allstars, Paniks, MFC Chicken, eta abar.
Gainera, giro magnetikoa sortuko da Martzanako DJen saioetan. Hiriko lokaletan (Azkena aretoan eta Rocket-en, besteak beste) zuzeneko kontzertuak eskainiko dira, “Taberna Live Music” zikloaren barruan.
Jai-giroa hiriko txoko guztietara iritsiko da kalejira alaien bidez, Poza Lizentziatua, Villarías, Ledesma eta beste kale batzuetan zehar, baita Gas Plazaren erromerietan ere. Bertan, Ziortza eta Leire, Jira Musika eta Ortzadar arituko dira, publikoa dantza egitera gonbidatuz. Bilbotxeros Band taldeak abesti alaiz zipriztinduko du Diputazio kalea, eta Areatzako kaian Dantza Plazan ekitaldia egingo da. Bertan, irakasleek oinarrizko pausoak irakatsiko dizkiete parte-hartzaileei. Artxandak –festarako txoko klasiko bat– euskal dantzen tailerra hartuko du, eta ondoren erromeria alai bat gozatuko dugu Gaztediren eskutik.
Euskal produkzio sarituak "zinema" sekzioan
Bi titulu ezagun zinema sekzioaren kartelerako protagonista izango dira Bilbao basque FEST-en: 20.000 especies de abejas eta To bird or not to bird. BBK Aretoak, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, Estíbaliz Urresolaren film luzea proiektatuko du. Aurten hiru Goya sari eskuratzeaz gain, historian nominazio gehien jaso dituen opera prima da: 15. Berlingo azken jaialdian ere arrakasta handia izan zuen: protagonistak, Sofia Otero 10 urteko aktore gazteak, Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Film luze honekin batera, kritikak eta publikoak txalotutako beste produkzio bat egongo da: To Bird or not to bird.
Martín Romerok sinatutako animazioko film labur honek ere bere kategoriako Goya eskuratu zuen. Egunero 18:00etan emango da, Urresolaren filma baino lehen.
Historia, antzerkia eta umore asko
Kultura sekzioa proposamen mordoarekin dator: umorea, dantza tradizional eta garaikidea, eta uriaren historia hobeto ezagutzeko ibilbideak. Bilborocken ‘Humor and basque’ zikloko monologoak martxoaren 28an, osteguna, estreinatuko dira, Jon Plazaolaren Tu Tum Platz emanaldiarekin, bere ibilbide osoa errepasatuz. Egun bat geroago, Bocabeats Comediaren Tirando del carro lana iritsiko da, euskal bikote komiko arrakastatsuenetako baten inprobisazio-ikuskizun berria: Iván Pérez eta Aitor Vidaurreta. Hilaren 30ean, larunbata, Aroa Berrozpe ospetsuaren txanda izango da. Umorez eta bihurrikeriaz azalduko ditu bizitzan zehar aurkitu dituen oztopoak.
Euren ohiko etorriarekin, Mirentxu eta Begotxu lagunek UEFA Women’s Champions League-ren finalari buruzko gogoeta xelebreak azalduko dizkigute itsasadarreko ibilaldietan (3 euroko kostuarekin). Hiriaren historia ikusteko eta ezagutzeko modu ezberdin bat da “Bilboko anfitrioiek” eskaintzen digutena: egunero Zazpi Kaleetan eta Areatzan zehar ibiltzen diren gidari dibertigarriek.
Erripako Moilak, iaz estreinako aldiz Bilbao basque FEST-en agertokietako bat izan zenak, kaleko antzerkiko kartela handituko du aurten, Yijaaa!!!, Soy la bomba eta Jacuzzi obra dibertigarriekin.
Gainera, Bizikidetasun Plazan, Aukeran konpainiaren dantza hipnotiko eta koreografiez gozatuko du publikoak. Konpainia horrek Aiurri proiektua aurkeztuko du, gizakiaren mugimendu-beharraren gaineko gogoeta. Isozaki Dorreek marrazten duten espazioan Salbatzaile talde historikoaren dantza tradizionaleko ikuskizuna egongo da.
Bilbao basque FEST-ek oso gogoan dauzka txikiak, eta haientzat ere zenbait jarduera programatu ditu: zirku-tailerrak, antzerki eta magiako saioak, Casilda Iturrizar parkean eta Zabalguneko eraikinean. Aurten euskal pertsonaiarik ospetsuenetako bat gurekin izango dugu: Gargantua, umeei Guggenheim Bilbao Museoaren zabalgunetik ongi etorria emango diena.
‘KM0’ gastronomia onena
Jaialdia paradisu bat da ahoarentzat, euskal kultura dastatu ere egiten delako. Areatza gourmet sekzioaren epizentroa izango da berriz ere, 1.500 m2ko karpa batekin. Bertan, Euskal Herriko hamar eskualde turistikok kalitate goreneko produktu freskoak eskainiko dituzte: Idiazabalgo gazta, Ezpeletako piperrak, Urigoitiko txorizoa, Gorbeialdeko txakolina, Maruri-Jatabeko izozkiak, Tolosaldeko txokolate eta eztiak, Urdaibaiko txakolina, Gorbeialdeko ogia eta Arabako Errioxako ardoa izango dira dastaketetan izango ditugun gutizia batzuk (guztira 900 plaza).
Txoko Gourmet-eko jarduera garrantzitsuenetako bat 45 minutuko iraupena duten sukaldaritza tailerrak dira, 476 plaza baino gehiagorekin. Bertan, parte-hartzaileek Bilboko pintxo tipikoak prestatzen ikasiko dute, gilda edo kilkerra kasu, eta euskal produktuak ekialdeko zaporeekin uztartzen dituzten mokaduak ere bai: baserriko nigiri edo Eusko Label txahal-tartarra, besteak beste.
Herri kirolen erakustaldiak eta tailerrak
Txoko Gourmeten karparen ondoan, herri kirolen tailer eta erakustaldi arrakastatsuak egingo dira. Ingude eta harri jasotzea, sokatira, txinga-eramatea, trontza... Horra hor publikoak Areatzan gozatu ahalko dituen probetako batzuk. Martxoaren 28an, osteguna hasiko dira 12:30ean, Bizkaiko Orga Jokoaren Txapelketa Ofiziala, gizonena eta emakumeena. Gainera, hainbat tailer egingo dira zortzi urtetik gorakoentzat, ostegunetik larunbatera (martxoaren 28tik 30era), 11:30ean eta 16:30ean.
Programazioa zabaltzeko euskarri berria
Jaialdiak programazioa zabaltzeko euskarria estreinatzen du: QR kodea inprimatuta daukan txapa bat, zuzenean ekitaldiko informazio guztia eskuratzeko bidea emango duena, eta jaialdiaren eguneroko online agenda.
Bilbao basque FEST, kopurutan
Bilbao basque FEST euskal kulturaren jaialdiak bost egun iraungo du, sei tematika –Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport– uriko 30 espaziotan zabalduz. 308 jatetxe, taberna, komertzio eta denda espezializatu... lanean arituko dira edizio honetan. Guztira, 175 jarduera izango dira, 156 artistaren parte-hartzearekin. 125 lanpostu sortzen dira jaialdia ekoiztu eta gauzatzeko.
Publikoak guztira musika, dantza eta antzerkiko 58 ikuskizun izango ditu aukeran, herri kiroletako 34 jarduera, zero kilometroko produktuen express dastaketak, eta minitailer gastronomikoak, besteak beste.
Horrez gain, Bilboko Udalak 15.000 txapa banatuko ditu, QR kode bat inprimatuta daukatela. Txapetan, jardueren xehetasunak, ordutegiak eta informazio baliotsua ageri dira. Ekimen honek argi erakusten du Bilboko Udalak jasangarritasunaren alde egiten duen apustua, materialak arrazoiz erabiliz, baita gaur egungo joera digitalekin bat egiteko egiten duen apustua ere.