Dokumentuaren akzioak
20 urte publiko bat zizelkatzen
Dantzarentzako publiko bat birsortu izana, hori da
Maitaldia dantza jaialdiaren alde, eta urrats baikor hori lehenesten du
Jakes Abeberrik, oro har dantza Miarritzen sustraitzearen alde aritu
denak, Maitaldiaren 20 urteak aipatzeko orduan. Maitaldia antolatzen
duen Biarritz Culture elkarteko lehendakaria da Abeberri, baita hiriko
kontseilaria ere, jaialdiaren hasieretan bezala. Hark berak dantza
pasiotzat dauka. Oldarra balletean aritua da, eta oraindik ongi gogoan
du Marquis de Cuevas eta bestelako balletak ikusi izanak gaztetan Miarritzen. Egonaldi haiek liluraturik uzten zuten.
Gaur egun, ikastetxe, kontserbatorio edo elkarte, dantzak
denetan lekua daukala pozten da hautetsia. «Aski arraroa da aipatua
izateko, bereziki ikusiz 30.000 biztanle baino gutxiago dituela
Miarritzek». Ez ditu ahanzten nazioartean ezagutu ikastaldiak eta
lehiaketak ere. Alabaina, hiriaren dirdira hedatzeko aukera gisan
ikusten du hautetsiak dantza. Hiri batzuek antzerkiaren parioa egiten
badute, beste batzuek musikarena; Miarritzek dantzarena egin du. Hautu
hori ez da besteak bezain hedatua, Thierry Malandain koreografo eta
Maitaldiko zuzendari artistikoak berak aitortzen duenez, «dantza
bazterreko artea da, salbu, lan berezia egina delarik horren alde,
hiriak bat egiten duelarik dantzarekin. Eta Miarritzen hori da gertatu».
Hasieratik «borondate politiko bat izan da dantzari leku bat ematea»,
baieztatu du koreografoak, baloratuz, gainera, parioaren arriskua zela,
ikusiz, preseski, herritarren kopuru txikia.
Borondate politiko horrek, gainera, Frantziako Kultura
Ministerioraino doazen besoak izan ditu. Maitaldiaren hasiera haietan,
Didier Deschamps izeneko aliatua izan zuten Miarritzeko agintariek.
Deschamps inspektore nagusi gisa hasi zen Kultura Ministerioan, eta
ondotik, dantzaren ordezkari. Didier Borotra Miarritzeko auzapeza eta
Abeberri lagundu zituen jaialdia baino haratago dantza urte osoan
egonkortzen. Hortik dator Biarritz Ballet zentro koreografikoaren
sorrera. Horren buru, Deschamps-ek proposatu zuen Malandain bera.
Ministerioak sortu tresna da zentroa, eta normalki eskualdeetako
hiriburuetan daude; kasu horretan, Akitaniako buru den Bordelen beharko
zukeen. Baina Miarritze zuen aukeratu ministerioak. Deschampsek horren
alde egin zuen: «Ordu arte ez zen horrelako hirietako esperientziarik
egin, eta aldi berean segur ginen esperientzia aberasgarria izanen
zela», esplikatu du Deschampsek. Miarritzek «muga hurbil dauka, eta
dantzaren tradizioa sakona du, euskal dantza eta musikatik heldu zaiona.
Bagenekien hemen dantzaren tradizioa bizia dela».
Tradizio horretatik edaten dutela argi du Malandainek ere.
Maitaldiak ez du zerotik hasi publikorik sortu behar izan. Euskal
dantzez gain, XIX. mendean, Napoleon III.arekin batera, kanpotik ekarri
hiriko dantzek elikatu dute tradizio hori, betiere Malandainek esplikatu
duenez. Hirugarren urrats gisa, ikusgarri handien ekartzeko ohitura ere
aipatu du koreografoak. Bertako dirudunek musika, kantua eta dantza
emanaldiak nahi zituzten denbora pasatzeko. Behar horren asetzeko
hainbat konpainia ekartzeko usaia hartu zuten, anitz ezagunak.
Gero eta gazteago
Urruneko iraganetik hurbilekora, iaz, 17.600dik gora ikusle
bildu zituen Maitaldiak. Azken zazpi urtean, urtero goititu den kopurua,
segurtatu duenez Biarritz Culture elkarteko Eloixa Ospitalek.
Biarritz Balletari dagokionez, hiru milioi euroko aurrekontua
dauka; arte horretan, 1,5 milioi euroko diru laguntza publikoak ditu,
eta 35 langile ditu; batzuetan, 42 izan daitezke. Nazioartean ari da
dantzan, eta Miarritzen ere ari delarik, arrakasta lortzen du. Horrek
ere, hain justu, dantzarentzako publikoa errotua dela frogatzen du
Malandainen ustez. 1.500 leku dauzkan Gare du Midin bi gauez segidan
bete dezake arazorik gabe balletak, eta, gainera, jendea kanpoan
gelditzen da. Borobila borobildua, Didier Deschamps Frantzia
ipar-ekialdeko Lorrena eskualdeko zentro koreografikoaren zuzendari da
azken hamaika urte hauetan. Eta konpainia horrek du, preseski, zabalduko
gaur Maitaldiaren hogeigarrena. Portu zaharrean ariko da dohainik. Begi
keinu bat historiari eta, aldi berean, opari bat publikoari. Arduradun
guztiek argi dute publikorik gabe borondate politikoa ez dela aski.
Funtsean, publikoa gogoan, eta 20 urteak ospatzeko, aurtengo ikusgarri
bakoitza 20 euroan da. Maitaldiari kritika bat egina bada anitzetan,
sarreren prezioa izan daiteke. Iban Ithurbidek, Iparraldeko Dantzarien
Biltzarreko lehendakariak, adibidez, talde zinez ederrak ikusi izan
dituela dio jaialdiaren urte batetik bestera, baina bizkitartean:
«Prezioak ere jende klase bati lotuak dira», damutzen da. Malandainek
berak onartzen du kritika hori: «Ulertzen dut, baina, aldi berean,
konpainiak ordaindu ere behar dira». Maitaldia jaialdia betidanik izan
da taula gainetan ari diren konpainia profesionalen jaialdia.
Hori bai, ezagutua da leku guztietako estilo guztiak ekartzeko.
Publiko ahal bezain zabala gogoan: «Ez dugu behin ere estilo berezirik
aukeratu, gaur egun egiten dena erakutsi nahi dugu. Publikoaren ikusmira
dugu gogoan, eta publiko aniztuna elkar gurutzatzea nahi dugu», zehaztu
du Malandainek. Nazioarteko ezagunak baina baita parioak ere. Euskal
Herriko konpainiek ere beti aurkitzen dute leku bat. Maritzuli, Intrusa
Danza eta halako konpainiek, bere burua ezagutarazteko erakusleiho baten
gisara ikusten dute Maitaldia.
Jaialdiko egitaraua
Gaur hasi eta irailaren 19ra arte iraunen du jaialdiak.
Lorraine Ballet.
'Tragic Love', gaur, 21:30ean, Portu zaharrean, sarrera urririk.
Lionel Hoche.
'Entrelacs' estreinaldi aitzineko emanaldia, bihar, 19:00ean, Kasinoan.
Biarritz Ballet.
'Romeo et Juliette' sorkuntza berria, bihar, 21:00etan, Gare du Midin,
Kirsten Debrocq.
'My Absence of...' irailaren 14an, 19:00etan, Colisee aretoan.
Systeme Castafiore.
'Stand Alone Zone', irailaren 14an, 21:00etan, herriko kasinoan.
Russell Maliphant Company.
'Afterlight', irailaren 15ean, 21:00etan, Gare du Midin.
Nacera Belaza.
'Le temps scellé', irailaren 17an, 17:00etan.
La Intrusa Danza.
'Pobres bestias', irailaren 19an, 19:00etan, Kasinoan.
NABARMENTZEKOAK
Kasik egunero, eguerdiro emanaldi publikoak dohainik baratze publikoan. Informazio gehiago, 'Letempsdaimer.com' helbide elektronikoan.
Dokumentuaren akzioak