Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 1937a gogoan

Dokumentuaren akzioak

1937a gogoan

Baxenabarreko hiriburuko Zitadela 1937an Hego Euskal Herritik erbesteratu haurren eskola bihurtu zuten. Dantza ikusgarri batekin garai haiek irudikatuko dituzte gaur han berean.

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donibane Garazi
Mota
Albistea
Data
2006/05/19

70 urte iragan direla geroztik, garai horien aztarnak desagertuz doaz. Matematika, biologia eta historia ikastaro batetik bestera egunak eta urteak aitzinatzen direla, kolegio publiko horretan denbora gutxi lekuko historiarentzat.

Aurten, memoria lanaren egiteko ordua heldu zela eta 1937 proiektua abian jarri dute Baxenabarreko kolegio publikoek eta Mauleko pribatuak, Garazikus kultur elkartearen laguntzarekin. Maulen eta Donapaleun erakusketak muntatu dituzte, Baigorri eta Garaziko ikasleek ikusgarri bat pentsatu dute, gaur Zitadelan emanen dutena eta bihar Aiziritzen, bietan 20:30ean. Amets Arzallusek bertsoak idatzi ditu eta Josean San Miguel eta Jose Dorronsorok musikak. Ondotik Kukai eta Ttanttakak beren 1937 Gogoaren bidezidorretatik eskaintzekoa dute. Hitzordu horiek guztiak helmugak baino gehiago, aitzakia bezala erabili dituzte. Transmititzeko aitzakiak, proiektua aitzinatzeko asko egin duen Garazi eta Baigorriko musika irakaslea den Denise Olagaraiek dioenez. Martxoan ikasleekin Zornotzan aste bat iragaiteko aukera eman duen aitzakia, adibidez. Zitadelatik pasatu zirenen lekukotasunak entzun dituzte han, baita Gernika ikusi eta Bakearen Museoa bisitatu. Ikasleen ez jakintasuna neurtzeko esperientzia ezin hobea. «Errepublikanoek edo Frankistek, nork irabazi ote zuen gerla» galderari nehork ez zuen erantzuten jakin.

OROITZAPEN GOXOAK. Zitadelatik pasatu ziren haurrek Zitadelako Lagunak elkartea osatu dute. Guztiak gaur eta bihar Garazira etortzekoak dira. Gogo onez omen daude, Frankismoari konparatuz garai onak baitziren haiek iduriz. Gregorio Arrienen La Generacion del Exilio liburuan agertzen diren lekukotasunetan, Mercedes de Iribarrenek, Vicente de Amezaga Zitadelako zuzendaria izan zenaren emazteak hala dio: «Baldintzak ez ziren onak, baina oinarrizkoa hor genuen: ogia, bakea eta askatasuna». Alta, ez zen erraza izan hastapen batean. Uharte Garaziko Ibarnegarai auzapez diputatuak zurrumurruak hedarazi zituen, haur horiek guztiak gorriak zirela. Ondorioz, leiho itxiak baizik ez zituzten aurkitu iritsi zirenean.

############

Frankisten erasoaldietatik ihes, 500 haur eta 80 heldu aterpetu ziren Zitadelan

Baldintzak onenak ez baziren ere, oinarrizkoa bazutela diote lekukoek: ogia, bakea eta askatasuna

Dokumentuaren akzioak