Dokumentuaren akzioak
'1937, gogoaren bidezidorretatik' bihar gauean
Kukai eta Tanttaka taldeek ekoitzitako dantza ikuskizuna apirilean grabatu zuen ETBk
Kukai eta Tanttaka taldeek ekoitzi dute ikuskizuna, eta Miramongo estudioetan grabatu zuten, apirilean. Egun bakar batean egin zuten grabazioa; bi saio egin zituzten, lehenengoa jenderik gabe eta bigarrena jendaurrean. Grabazioan parte hartu zuten Mireia Gabilondo zuzendariak, Kukai taldeko dantzariek, Juan Mari Beltranek eta bere musikariek. «Aspaldi zegoen interesa ETB eta gure partetik ikuskizuna grabatu eta emititzeko, eta, azkenean, bakoitzak beretik zerbait eman eta gero, ados jarri ginen», dio Maiak.
36ko gerrako umeak
1937. urtean Euskal Herritik atera eta erbesteratu zituzten zazpi haurren bizipenak kontatzen ditu ikuskizunak. Jon Maia, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maia, Ibon Uharte, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño dantzariek jokatzen dute ume horien rola. Juan Mari Beltranen Arditurri diskoko doinu poetikoak, Euskadiko Filmategiko irudi erreal eta gordinak, eta dantza tradizionalak dira haurren sentipenak adierazteko bide. Maitasun istorioak, urtebetetzeak, dantza agerraldiak eta beste hainbat pasadizo hunkigarri biltzen dira istorioan.
1937, gogoaren bidezidorretatik lanak IV. Donostia Antzerki Saria jaso zuen 2003. urtean, eta iaz Espainiako Max sarietan hautagietako bat izan zen. Euskal Herriko hamaika antzoki bete dituzte Kukaik eta Tanttakak ikuskizunarekin, eta Amerikan ere hainbat emanaldi egin dituzte. AEBetan, Txilen, Argentinan eta Uruguain harrera beroa jaso du 36ko gerrako umeei buruzko obrak.ETBk ikuskizuna ematea askorentzat pozgarria izango dela azaldu du Jon Maiak: «Lana ikusi duten hainbatek berriro ikusi nahi zutela esan digute. Era berean, ikusi gabe gelditu diren asko penaz zeudela helarazi digute. Gustura gaude horiek guztiek ikuskizuna telebistan ikusteko aukera izango dutelako».
Dokumentuaren akzioak