Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka '1937: Gogoaren bidezidorretatik' Beasainen

Dokumentuaren akzioak

'1937: Gogoaren bidezidorretatik' Beasainen

Zuzendariari gutunak

Egilea
Andoni Sarriegi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Beasain
Mota
Iritzia
Data
2003/11/22

1937an, Espainiako militarren altxamenduaren ondorioz sortutako gerran, Bizkaitik atzerrira eramanak izan ziren ume eta gaztetxoen derrigorrezko erbesteratzean oinarrituta, euskal musika, kantu, irudi muntaia eta dantzaz osatutako ikuskizuna. Ordubeteko iraupena duen ikuskizun bikaina.



Aurtengo Galeuscan idazleek tratatu duten gaia, «Oroimen historikoa» izan da eta bildutako hiru hizkuntzetako idazleek, lehen idatziak, argitaratuak eta argitaratu gabeak, gogoratu eta aipatzeaz gainera, gaur egungo hedabideetan oro har nahiz gizartean, geure historia ahazteko eta ezkutatzeko dagoen joera interesatua izan da hizpide. Eta seinale txartzat jo da herri bakoitzak bere oroimen historikoa galtzea edo ahaztea. Aparteko ulermen talenturik behar izan gabe ulertzeko moduan, oso ondo adierazten du hasieran aipatutako ikuskizunak 1937ko tragedia hura eta geure-geureak diren kultur elementuekin adierazi ere. Gogorrak gertatu arren, egiazkoak dira irudiak, benetakoa da musika, esanahi egokikoak dira kantuak nahiz bertsoak eta bikaina dantzariek historiaren jarraipena eginez eskainitako euskal dantzen urratsetan oinarritutako dantzak. Dantzariak, berriz, Euskal Herriko onenetakoak. Ordubete hasi eta bukatu, etengabeko jardunean. Abiapuntuko tragediatik abiatuta, bizitzak aurrera nola egin zuen erakusten du. Gaztetxoen bizitzak nola loratzen hasten diren, beren malezia txikiak, ospakizunak, herrimina, familia-gabezia eta egarria. Hori dena eta gehiago adierazten da ikuskizunean era hunkigarrian, bikain!



Baina Beasainen behintzat, nabarmen-nabarmen gelditu da Galeuscan azpimarratutakoa. 60-70 lagun inguru ikuskizuna ikusten. Lotsatzekoa! Oroimen historikoa murritz eta labur dabil Beasainen eta baita berreskuratzeko gogoa ere. Esaera zaharrak dioen legez, «atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu» eta «atzerik» ezagutzen ez duen herriak nahiz herritarrek, nekez jakingo du edo dute «aurrea» nola dantzatu, dantzatu beharra iristen denean. Askotan sentitu ohi dut lotsa Euskal Herrian zehar nabilenean beasaindarra izateaz. Berriz ere sentituko dut noski. Oker ez banago Txirritak kantatua edo idatzia dela uste dut «alde batera naiago nuke ez banitz emengotarra» , eta «au da txoria gari artian gosiak egon biarra». Gehiagok ere sentitzen dugu maiz horrelakorik eta nik behintzat ikuskizun bikain eta interesgarri hori herrian beste hirurogeitaka lagunekin batera ikustean sentitu nuen. Gero alferrik izango dira erostak, intziriak eta arrangurak «gari artian gosiak» gertatzen garenean. Antolatua dugun bizimoduaren eta kultura ereduaren ispilu da, noski, hein batean euskaldun askoren jokabide hori, eta eredu hori, herri bezala zerbait izatea nahi baldin badugu, sakon-sakonetik aldatu beharrean gaudela ikusten da.



Andoni Sarriegi Eskisabel

Beasain

Dokumentuaren akzioak