Dokumentuaren akzioak
1936an Euskal Herrian grabatutako 3Dko film bat topatu dute Frantzian
Bideoa: Josu Martinezen azalpenak (Argazki Press).
Filmaren edukiak baino gehiago, filma egiteko teknikak egiten du berezi Euskadi filma. 70 urte beteak zituela sortu zuen Louis Lumiere zinemagileak cinema en relief izeneko teknika esperimentala. Irudiak hiru dimentsiotan grabatzeko aukera eskaintzen zuen, eta asmakuntza berria luzitzeko leku egokien bila hasi ziren. Hala heldu ziren Euskal Herrira. Teknikari onaren fama irabazia zuen René Le Hénaff zinemagileak ordurako, eta hari egin zioten enkargua. Ipar Euskal Herrira joan, eta bertako paisaiak, kantuak eta dantzak biltzen dituen 22 minutuko dokumental bat filmatu zuen berak 1936. urtean. Eta horixe da Euskadi. Teknika esperimental hark ez zuen arrakasta komertzialik izan, ordea, eta Frantziako zinema artxiboetan egon da ahaztuta urte luzez. Orain arte. EHUko Nor ikerketa taldeko Josu Martinez ikerlariak topatu du orain, eta Loraldia jaialdiak haren proiekzio eskubideak lortu ditu hilabeterako. Martxoaren 11n emango dute Iruñean, 15ean Bilbon, 23an Donostian, eta 24an Baionan. Bideoa: filmaren trailerra.
"Sinfonia filmatu moduko bat da". Hitz horiekin deskribatu du filma Martinezek. "Pelikulak erakusten duena da hainbestetan ikusi dugun Euskal Herri mitiko, bukoliko, baserri giroko hori". Ez da hori Euskaldi filma atzerriko zinemagileek Euskal Herrian egindako filmaketez bereizten duena, Martinezek azaldu duenez. Euskal kantak soinu bandan, euskal dantzak irudietan, eta landa giro hori nagusi pantailan. Zehaztu duenez, garai hartan jadanik indarra hartuz zihoan turismoa ere erakusten du filmak, baina teknika da berezitasun nagusia. Hiru dimentsioak. Izan, oso gutxi direlako hiru dimentsiotan filmatzeko teknika horrekin egindako pelikulak. Hogei baino ez, Martinezen hitzetan. Eta Euskal Herrian egindakoa da hogei horietariko bat. "Pentsatu zuten teknika berriak Euskal Herrian ongi luzitu zezakeela", azaldu du ikertzaileak. Eta horregatik Euskal Herriari buruzko dokumentala.
Kopia lortzeko zailtasunak
Izan, baziren filmari buruzko aipamenak historia liburuetan, baina inor gutxik ikusi du pelikula orain arte. 1937an estreinatu zuten lana, Parisen, gisa horretako pelikulak proiektatzeko egokituta zegoen areto bakarretariko batean, baina proiekzio gutxi batzuk baino ez zituzten egin, eta ahaztuta egon da geroztik filma. Aipamen gutxi batzuk bazeuden historia liburuetan, baina gauza handirik ez. Baina, hariei tira egin, eta filmaren eskubideak Pathé ekoizpen etxeak zeuzkala jakin zuen Martinezek. Jatorrizko kopia Frantziako zinema artxibategian zegoela adierazi zioten haiek, eta han topatu zuen lana ikertzaileak. Azaldu duenez, ordea, luzea izan da filma proiektatu ahal izaterainoko bidea.
Kopia bat lortzea zen berez ikertzailearen asmoa. "Gure kulturaren ondare hori Euskal Herriaren esku uztea". Ekoizpen etxeak ez zuen horretarako asmorik, baina hainbat proiekzio egin ahal izateko alokatzeko prest azaldu ziren. Loraldia jaialdiarekin jarri zen harremanetan Martinez, eta, azkenean, haiek lortu dute filma Euskal Herrian proiektatu ahal izateko hitzarmena. Hilabeterako erosi dituzte eskubideak, eta lau emanaldi antolatu dituzte
Dokumentuaren akzioak