Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 1920. hamarkadako Doneztebeko Trapatan dantzaren bideoa argitaratu du dantzan.eus webguneak

Dokumentuaren akzioak

1920. hamarkadako Doneztebeko Trapatan dantzaren bideoa argitaratu du dantzan.eus webguneak

Egilea
Ttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Mota
Albistea
Data
2022/06/18
Lotura
Erran
1920ko hamarkadan Donezteben dantzatutako Trapatan dantzaren zenbait zati ikus ditzakegu Manuel Intxaustik hartutako eta dantzan.eus webguneak hedatutako irudi hauetan. Trapatan dantza bost zatik osatzen dute: mutil-dantza, soka-dantza, Trapatan, fandangoa eta porrusalda. Irudietan zati guztietako zenbait une ikus daitezke, baina desordenatuta dago grabazioa dantzaren eta festaren kronologiari dagokionez.

Hasierako irudiak Bear-Zana plazakoak dira. Neska-mutilak soka-dantzan ari dira. Zuri-beltzeko irudiak badira ere, gizonezkoak zuriz eta gerriko eta txapela gorriak dituztela jantzita ondorioztatzen da. Emakumezkoek kaleko jantzia edo arropa zibila daramate. Gizon eta emakumeak txandakatuta ageri dira sokan, zapiez elkarturik. Soka-dantzako urratsez gain zubiak egiten ere ikus daitezke. Lehenbiziko bikoteak besoak altxatzen ditu eta elkartzen dituen zapiaren azpitik gainerako partaideak igarotzen dira. Soka-dantzaren ondoren Trapatan egiten dute, hau da, dantzari izena ematen dion zatia. Denak lerro zuzenean kokatzen dira eta mutilak neskengandik aldentzen dira urrats zabalak emanez. Berez, neskengana itzultzen dira, baina grabazioan ez da ageri zati hori. Horrela, berriz soka-dantzako irudiak ageri dira eta jarraian baita dantza soltekoak ere. Irudi horietan Trapatan dantza multzoaren lehenengo zatia faltako litzateke, mutil-dantza, alegia.

Bigarren irudiak (02:23) elizatarikoak dira eta soka-dantzaren zatia bakarrik ageri da. Txistulariak eta atabalaria ikus daitezke oraingoan elizako arkupe azpian. Neska-mutilak plazari itzulia egiten diote eta mutilak dantzan hasten dira. Badirudi lehen urratsak sokako lehenak, danbolin-nagusia deituak, bakarrik egiten dituela eta ondoren jarraitzen diote gainerako mutilek. Izan ere, gaur egun, danbolin-nagusiak hasten du soka-dantza. Berak bakarrik dantzatu ohi du hasierako zortzikoa eta ondoren denek batera.

Hirugarren zatian (03:13) karrika-dantzan ageri dira. Hiru musikarien gibeletik karrikaz karrika denak zapiekin elkartuta dantzan doaz, emakumeak oinez eta gizonak urratsak dantzatzen. Herritar ugari ikusten dira dantzarien bidean eta aguazila horiek baztertzen eta dantzariei bidea irekitzeko saiakeran ageri da. Karrika-dantzan frontoira iristen dira, hasierako irudiak hartuta dauden lekura sartzen dira.

Segidan (03:57), elizatarian grabatutako irudietara egiten du salto. Kasu honetan Trapatan dantzaren lehen zatia ikus daiteke: mutil-dantza. Gizonezko dantzariak plazan sartzen dira ilaran eta txapela eskuineko eskuan dutela jendea agurtzen dute. Irudiek soinurik ez dute eta ezin ziurtatuta, baina seguruenik "Aunitz urtez!" erranen dute agurtzerakoan. Plazari buelta eman eta mutil-dantza dantzatzen dute.

Azkenengo irudietan (04:33) ikusten da, segundo gutxi batzuetan bada ere, emakumeen plazarako sarrera. Gizonezko bat, seguruenik danbolin-nagusiaren zerbitzarietako bat, ageri da soka emakumeekin osatzen.

Ez dakigu Trapatan dantza hau ze urtetan grabatutakoa den, baina Intxaustiren grabazioak 1923 eta 1928 urte bitartekoak dira, beraz, garai horretakoek behar dute.

 

Eusko Ikusgayak

Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. 

Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu. 

Dokumentuaren akzioak