Dokumentuaren akzioak
1840ko dantzak berpiztu dituzte
Juan Inazio Iztuetak dantza saioa prestatu zuen 1840an, Bergarako Besarkadaren urteurren festarako. Ostiralean, dantza saio hura berreskuratu zuten Ormaiztegin, Zumalakarregiko erakusketaren harira.
Orduan, Iztuetak pentsatu ere ez zuen egingo, egunen batean, 176 urteren buruan, dantza saio hura beste nonbait egingo zutenik. Iztuetak ez zuen pentsatuko, baina halaxe pasa da. Ostiralean, Beasaingo Aurtzaka taldeak Ormaiztegin eskaini zuen 1840ko dantza saio hura. Ez zituzten orduko dantza guzti guztiak egin, baina bai gehienak.
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan 1839 Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa erakusketa dute ikusgai, abuztuaren 23ra bitartean. Hain zuzen ere, erakusketa horretan aipatzen da Iztuetaren parte hartzea urteurren festetako dantza saioak prestatzeko. Ostiraleko saioa erakusketaren osagarri izan zen, herritarrek urteurren festa hura irudika zezaten. Erakusketarekin lotutako azken ekintza izan zen, baina oraindik ere bisita gidatuak eskainiko dituzte, ostiralero, 12:00etan. Mikel Alberdik egiten ditu bisita gidatuak, erakusketaren komisarioak.
Hitzaldian ia 80 lagun
Ostiraleko dantza erakustaldia Mikel Sarriegik gidatu zuen. Aurretik, hitzaldi bat egin zuen beasaindarrak. Dantza mota ezberdinak azaldu zituen, Iztuetak zein garrantzi izan zuen, haren eraginari esker zein dantza talde sortu ziren Goierrin, jantziek izan duten garapena… Ia 80 lagun izan ziren hitzaldian, eta, dantza saioan, are gehiago. «Beasaingo eta inguruko herrietako jende asko etorri zen», adierazi du Ane Arrietak, Zumalakarregi museoko langileak.
Dantza eta dantza artean, Bergarako Besarkada hura ere irudikatu zuten Aurtzakakoek, Esparteroren eta Marotoren artekoa, hain zuzen. Bestalde, txistulariek ere garaiko jantziak jantzi zituzten. Batzuek sonbreroak jarri zituzten. Bakarren batek, berriz, montera izeneko txapela. «Euskaldunen txapel originala da, oraingoa baino handiagoa», azaldu du Arrietak.
Herritarrak paperean sartu zitezen, eskuorri batzuk banatu zizkieten. 1840ko ospakizunetan banatutako eskuorrien kopiak ziren, dantzen azalpenekin, eta egin beharreko biba oihuekin. Ormaiztegin, ordea, ez ziren oihu egitera animatu.
Dokumentuaren akzioak