Dokumentuaren akzioak
180 bat herritarrek parte hartuko dute Heletako aurtengo Kabalkadan
Datorren igandean arratsaldeko lau eta erdietan eginen da herriko plazan Herri antzerkia eta gizarte kritika lotu nahi ditu ikuskizun honek
Ahal ziren herritar gehienak egitasmo bateratu baten inguruan elkartzeko xedez, Kabalkada antolatzeko ideia zabaldu zuten Heletako besten batzordeko kideek joan zen urtean. Iaz Angelun eta duela bi urte Luhuson egin zen moduan, ekimen hori bultzatzearen helburuak kanpoan bizi diren herritarrek elkartzeko aukera izatea, eta herritarrak ikusle izan ordez aktore bilakatzea izan dira.
«Herri ikusgarri baten inguruan ahal ziren herritar gehienak elkartu nahi genituen», adierazi du Fabrice Graerrek, dantzari eta besten batzordeko kideak.
Orotara 640 bat biztanle dituen herri horretan, 180 lagunek parte har dezaten lortu dute batzordeko kideek. «Ikusgarria antolatzeko erabakia hartu dugu herritarrok ekimen bat egiteko beharra sentitzen genuelako, eta gainera, ohartu garelako eskualde honetan geroz eta herri gehiagok ikusgarri hori berpiztu nahi dutela», gehitu zuen Fabrice Graerrek.
Udalarekin, pilota elkartearekin, Elizakoarekin, fanfarrearekin, eta Gauden Gu elkartearekin bateratu dira batzordeko kideak ikusgarri hori ahal bezain ongi antolatzeko. «Zortzi hilabete daramatzagu ikusgarria prestatzen. Hasieran asteburu oro elkartzen ginen, orain, aldiz, emanaldia hurbiltzen ari denez astean bitan edo hirutan», gehitu zuen dantzariak.
Dantzari horiekin Nafarroa Behereko usadioko pertsonaiak ere agertuko dira. Kapitainek eta beren emazteek, zaldi gainean, desfilea irekiko dute, "Fête Dieu" ekain inguruan herri askotan egiten den besta katolikoko pertsonaiak, besteak beste, banderariak eta zirtzilak dira berrehun bat pertsonak osatuko duten desfile horretan ikusiko diren pertsonaiak.
«Heletako etxe guztietako baten batek hartuko du parte ikusgarrian. Adin guztietako herritarrak elkartzen ditu», esan zuen.
Kabalkadaren bigarren zatian, Tobera eskainiko dute. «Kabalkadak beti Toberaren antzerki batekin burutzen dira. Beti egiten den moduan, herrian gertatu den gai baten kritika eginen da, baina inork ez daki zeri lotua dagoen», esan du Graerrek. Desfileko pertsonaiak musikarekin lagunduta agertuko dira Tobera egin arte.
1906az geroztik Kabalkadarik ez
A.B.
HELETA
Zuberoan egiten den pastoralaren gisa, Nafarroa Behereko herritarrak Kabalkada izena duen herri ikusgarria berpiztu nahian dabiltza. Garai batean ihauterietan aurkezten bazen ere, auten, Heletako herritarrek udan eskaintzea erabaki dute. «Pastorala herri antzerkia da, eta pertsonaia bat omentzea du helburu. Kabalkada eta Tobera, berriz, gizartea kritikatzeko egin ohi dira», adierazi du Fabrice Graerrek.
Kabalkada zerbaitekin konparatzekotan maskaradarekin erkatu beharko genuke, beraz. Herrietan «gizarte loturak» sustatzeko antolatzen zen. Heletan, Angelun eta Luhuson ere helburu berberarekin egin izan da.
Heletari dagokionez, azken Kabalkada 1906an antolatu zen. «Ez dugu Kabalkada horri buruzko informazio gehiegirik lortu. Saiatu gara ikusgarri hori goraipatzen duen dokumenturen bat aurkitzen, baina lortu dugun gauza bakarra testu labur bat izan da, eta bertan ez zen gauza handirik agertzen», gehitu du.
Nafarroa Behereko herrietan geroz eta elkarte gehiagok hartzen du parte ikusgarri hori antolatzen.
Dokumentuaren akzioak