Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 150 Gramo jaialdiak agertoki bilakatuko ditu Gasteizko saltokiak, bihartik ostirala bitarte

Dokumentuaren akzioak

150 Gramo jaialdiak agertoki bilakatuko ditu Gasteizko saltokiak, bihartik ostirala bitarte

Egilea
Edurne Begiristain
Komunikabidea
Berria
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2024/04/15
Lotura
Berria

Ane Gebara aktoreak 'La Esther' obra eskainiko du bihar. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU

Ane Gebara aktoreak 'La Esther' obra eskainiko du bihar. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU 

Oholtza beharrean, saltokiak. Gasteizko dendek 150 Gramo jaialdia hartuko dute bihartik ostirala bitarte. Hainbat diziplinatako artistek formatu txikiko obrak taularatuko dituzte hiriko sei saltokitan. 10-30 minutu arteko lau obra eta bi dantza pieza izango dira, antzezlan bakoitzak saltoki bat hartuko du, eta hiru saio eskainiko dituzte: 18:00etan, 18:45ean eta 19:30ean. Sarrera doakoa da, lekua bete arte.

Gasteizko Udalak antolatu du jaialdia, El Mono Habitado eta Pez Limbo antzerki konpainiekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du. 150 Gramo jaialdia duela hamabi urte sortu zen, artisten eta ikusleen arteko gertutasuna bultzatzeko, sorkuntza artistikoa sustatzeko eta publiko berriak erakartzeko. Lehen aldi hartan, Gasteizko Gorbeia-Zaldiaran azokan antolatu zuten jaialdia, eta itxita zeuden hainbat saltoki antzoki bilakatu zituzten propio. Ordutik, eta urtez urte, hiriko merkataritza dinamizatu eta arte eszenikoak publiko ezberdin batengana hurbiltzea lortu dute, eta Montehermoso Kulturunera ere zabaldu dute jaialdia. Jaialdiaren ezaugarriei eutsi egin diete urte hauetan guztietan: iraupen laburreko obrak dira, eta publikoarekiko hurbiltasuna dute helburu.

Saltokien eta arte eszenikoen sinbiosiaren garrantzia azpimarratu du Begoña Martin Pez Limbo konpainiako arduradunak. Artistentzat, gainera, erronka handia dela dio: «Oholtzak espazio neutroak dira, baina saltokiak ez hainbeste, eta artistek horietara moldatu beharra dute». Martinek uste du jaialdiaren formatuak sormen artistikoa indartzeko modua ematen diela artistei, eta arte eszenikoetara eta kulturara «bestelako modu batean» gerturatzeko parada publikoari. «Artistaren eta publikoaren arteko gertutasuna sustatzen da, eta kultura eta egunerokotasuna uztartzen dira».

Bi obra egunero

Bihar, bi obra ikusteko aukera egongo da. Batetik, Aitor Vinagret aktoreak jaialdirako propio egindako Ricardo ama a Ricardo antzezlana estreinatuko du Omega Centerren (Urbina kalea, 21), gazteleraz. Bestetik, Ane Gebara aktoreak ekintza edo mugimendu batek gorputz osoa alda dezakeela azalduko du La Esther antzezlanarekin, euskaraz. Pieza hori Gaikar kirol dendan ikusiko ahalko da (Bernal Diaz de Luko kalea, 1).

Asteazkenean, hilaren 17an, El dia del derrumbe antzezlana hartuko du VSD dendak (Bastiturri kalea, 5). Andres Bezares aktoreak Tuxcacuesco herria suntsitu zuen lurrikara gogoratuko du hamabost minutuko piezan, gazteleraz. Asteazkenean bertan, Vinagretek Ricardo ama a Ricardo antzeztuko du bigarren aldiz.

Dantzak hartuko du osteguneko saioa, bi proposamenekin. Batetik, 8 km en mula taularatuko du Alvaro Murillo dantzariak Fotograma dendan (Antilletako pasabidea, 1). Dantzariak bere gorputzaren mugimendua erabiliko du hamazazpi minututan maitasun madarikatu baten istorioa kontatzeko. Jordi Villa Seca dantzariak, bestalde, Losing Faith pieza erakutsiko du Aristipiel Calzadosen (Herrandarren kalea, 52). Muntatze horretan, gorputza baliatuko du «bizi izandakoaren mapa eta paisaia gisa». Hamar minutuko dantza ikuskizuna jaialdian ikusi ahalko da lehen aldiz. Hurrengo egunean berriro taularatuko du lana.

Hain justu, ostiralean, hilaren 19an, Maria Urzelaik Un ratito bakarrizketa komiko, eldarniotsu eta erreibindikatzailea emango du Bakomat saltokian (Basoa kalea, 13), gazteleraz.

Dokumentuaren akzioak